Hegoak ebaki dizkio belatzari

Angela Merkelek alemaniar bat jarri nahi du Europako Batzordearen presidentetzan 2019ko urrian, eta, trukean, prest dago Jens Weidmann ez aurkezteko EBZrako

Angela Merkel Alemaniako kantzilerra eta Jens Weidmann Bundesbankeko burua (artxiboko irudia). MICHAEL KAPPELER / EFE.
Jon Fernandez.
2018ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Artzeren eta Laboaren txoria ez bezala, Jens Weidmann, belatz alemaniarra, hego barik geratu da Europako Banku Zentraleko presidentearen besaulki hutsera hegan egiteko. Mario Draghik2019ko urrian bukatuko du agintaldia EBZren gidaritzan, eta huraordezkatzeko hautagai argiena zen Weidmann, Bundesbankeko presidentea, atzo arte. Izan ere, Alemaniako Handelsblatt egunkariak argitaratu du Angela Merkel kantzilerrak beste lehentasun batzuk dituela. 2019ko urrian bertan, beste besaulki bat geratuko da libre Bruselan, Jean-Claude Junckerrek lagako duena, Europako Batzordeko presidentetzan. Eta Merkelentzat, orain, inportanteena da Europako Batasunaren lema egotea alemaniar baten esku, eta ez horrenbeste euroarena.

Inoiz ez da alemaniarrik egon EBZren presidentetzan, nahiz eta Alemania izan euroguneko ekonomiarik handiena. Bai, aldiz, Europako Batzordean, baina oso aspaldi izan zen, erakundea sortu zenean, 1958an: Walter Hallstein demokristauak bete zuen kargua.

Kiniela guztietan Weidmann ageri zen faborito EBZko lehen presidente alemaniarra izateko, baina, Berlingo gobernuko iturrien arabera, uste baino irekiago dago Draghiren ondorengoaren hautaketa. Are gehiago Merkelen lehentasun berria ezagututa.

Belatza da Weidmann diru politikako adituen argotean. Belatzak eta usoak bereizten dituzte banku zentraletako zuzendaritzetan: ildo gogorraren zaleak dira belatzak, inflazioa apal mantentzea dute lehentasun nagusi, eta politika hedakorren aurkariak dira; usoek, ostera, garrantzi berezia ematen diote langabezia txikitzeari ere, inflazioa apal mantentzearekin eta hazkunde ekonomikoa hauspotzearekin batera.

Weidmannek 50 urte dauzka, eta Merkelen gobernuko aholkulari ekonomikoa izan zen 2006tik 2011ra. Kantzilerrak berak izendatu zuen Bundesbankeko buru, 2011n, eta, harrezkero, EBZren gobernu kontseiluko kide ere bada. Bera izan da bakarra behin eta berriz kontra bozkatu duena Draghik diru merkearen politikak proposatu dituenean krisiari aurre egiteko. Ekonomista askoren ustez, galga etengabeko horrek baldintzatu eta atzeratu du euroaren diru politika hedakorra, eta atzeratu egin du susperraldi ekonomikoa.

2012ko udan, esate baterako, EBZko kide bakarra izan zen Draghiren promesa babestu ez zuena. Krisi betean, italiarrak agindu zuen EBZk «edozer» egingo zuela dibisa salbatzeko, baita, behar izanez gero, gobernuen bonuak erosi ere, estatu kideak merkatuen erasoetatik babesteko.

Ez da harritzekoa, beraz, Weidmannek aurkari asko izatea kontinentearen hegoaldean, finantza krisian erakutsitako jarreragatik. Frantziak eta Italiak betoa balia dezakete haren hautagaitza atzera botatzeko. Hori gertatuz gero, galtzaile ager daiteke Merkel; baina beste aukera ere ez da gozoagoa kantzilerrarentzat: aurrez EBZrako hautagaiz aldatu beharko balu, ahul itxura emango luke.

Parisentzat aukera

Datozen hamazortzi hilabeteetan EBko egiturako goi kargudun garrantzitsuak aldatu behar dira—besteak beste, Europako Parlamentuko burua eta Europako Kontseilukoa—, eta, Handelsblatt kazetaren arabera, Berlinek nahiago du EBZren hautagaitzaren dilema alde batera utzi eta indarra Batzordearen gidaritza lortzeko borrokan jarri. Azken batean, EBko botere exekutiboa da Batzordea, batasunaren agenda politikoa besapean daramana, noiz eta brexit-aren eta Donald Trumpen protekzionismoaren aro zalantzaz betetakoan eta finantza krisiaren osteko susperraldian merkatu bakarraren norabidea markatu dezakeenean.

Jadanik ezagunak dira Juncker ordezkatzeko Merkelen hautagai gustukoenak ere. Handelsblatt-ek Peter Altmaier jo du faboritotzat, Alemaniako Ekonomia ministroa eta Merkelen begikoa. Baina beste izen batzuk ere eman ditu, hautagai izateko aukera luketenak: Ursula von der Leyen Defentsa ministroa eta Manfred Weber Europako Alderdi Popularrak europarlamentuan duen burua .

Bestalde, EBZrako lehian Weidmannek indarra galdu izanak bide eman diezaioke Emmanuel Macroni bere hautagaia aurkezteko: François Villeroy de Galhau, Frantziako Bankuko gobernadorea. Ez da uso-usoa, baina ezta Wiedmann bezain belatza ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.