AEBek eta Mexikok NAFTA berritzeko urratsa egin dute, gai giltzarri batzuk adostuta

AEBetako presidenteak zalantzan jarri du Kanadaren parte hartzea, agerraldi nahasian. Mexikok Kanada ere hartuko duen hiru aldeko akordioa nahi du
Donald Trump atzo Etxe Zuriko Gela Obalean, Enrique Peña Nieto telefonoaren beste aldean noiz jarriko zain.
Donald Trump atzo Etxe Zuriko Gela Obalean, Enrique Peña Nieto telefonoaren beste aldean noiz jarriko zain. SHAWN THEW / EFE

Irune Lasa -

2018ko abuztuak 28
«Hello, Enrique... Hello?». Telefonoko bozgorailua piztua zuen Donald Trumpek atzo Etxe Zuriko Gela Obalean. Kazetariek Mexikoko jarduneko presidentearekin izango zuen elkarrizketa entzun zezaten nahi zuen; Trumpek oihartzuna eman nahi zion bere administrazioak Mexikokoarekin merkataritzari buruz adostutako aurreakordioari. Baina hariaren beste aldean falta zen Enrique Peña Nieto. Pare bat minutuz Trump zer egin jakin gabe gelditu zen, besoak gurutzatuta, zapuztu aurpegiarekin, «akordio handia da, akordio handia herrialdearentzat» esanez, presidenteari John McCain senatariaren heriotzaz galdetzeko irrikan zeuden kazetariei. Telefonoaren beste aldean Mexikoko presidentearen itzultzailearen ahotsa entzun zen arte. Bi agintariek elkar zoriondu zuten lortutako akordioarengatik, baina itzultzailea zela tarteko, elkarrizketa nahasia izan zen.

Trumpek: «Lan handia egin dugu. Bi herrialdeentzat ezin hobea». Nietok: «Gure nahia, presidente jauna, orain Kanada honetara guztira gehitu ahal izatea da». Trumpek: «Ikusiko dugu Kanada honen parte izan daitekeen». Urtebete baino gehiago daramate AEBek, Mexikok eta Kanadak, Trumpen ekimenez, NAFTA Ipar Amerikako Merkataritza Libreko Itunaren moldaketa negoziatzen.

Nahasia izan zen bi presidenteen arteko telefono bidezko elkarrizketa, eta nahasiak ondoren Trumpek emandako azalpenak ere; batez ere, Kanadaren parte hartzeari buruzkoak. Esaterako, Mexikorekin adostutakoa AEB-Mexiko merkataritza akordioa deituko dela esan zuenean, NAFTA izenak «estatubatuarren artean duen konnotazio txarrengatik».

Horrela, AEBetako presidentea alde biko akordio bati buruz ari zela ematen zuen, NAFTAko hirugarren aldea, Kanada, bazter batera utzita. Ia berehala, ordea, Kanadarekin «laster» hasiko dela hitz egiten esan zuen Trumpek; eta, gero, kanadarrek AEBetako esnekiei jarritako muga zergak gaitzetsi zituen, jarraian muga zerga gehiagoren aukeraz hitz egiteko, eta, gero, Kanadarekin beste alde biko akordio baten aukera aipatzeko.

Enrique Peña Nietok, dena den, Twitter sare sozialean berean jarraitu zuen: «AEBetako presidente Donald Trumpekin hitz egin dut. Mexikok eta AEBek merkataritzan elkar aditze bat lortu dute. Kanada negoziazioetara itzultzea nahi dugu, merkataritza libreko itunaren hiru aldeko negoziazio arrakastatsua aste honetan bertan lortzeko». Abenduan hartuko du Mexikoko presidentetza Andres Manuel Lopez Obrador ezkertiarrak, eta, ordurako, NAFTA berria itxita eta Mexikoko Kongresuak onartuta izan nahiko luke Peña Nieto jarduneko presidenteak. Edonola ere, Lopez Obradorren jendeak parte hartu du azken negoziazioetan.

Lanak, oraindik

Negoziatzaileek oraindik lan pixka bat beharko dute aurrera egiteko, ordea. Aditu zenbaiten arabera, adostasun bat merkataritza akordio handi gisa saltzea, ezer baino gehiago, Trumpen amarru bat da, presidenteak etxeko arazoak ezkutatzeko modua. Beste batzuen ustez, atzoko telefono deiaren helburua Kanadari presio egitea izan daiteke, eta berdin ulertu behar dira herrialde horren parte hartzeari buruzko Trumpen zalantzazko hitzak ere.

Azkenean, nahiko argi dago bai Mexikoko bai AEBetako negoziatzaileek une oro hiru aldeko merkataritza akordio bat dutela buruan, berdin dio NAFTA edo beste izen bat hartu. Eta Kanadakoekin batera, oraindik lana dutela aurretik.

Izan ere, atzo Robert Lighthizer AEBetako merkataritza idazkariak azaldutakoaren arabera, merkataritza itun berriak hamasei urteko iraupena izatea adostu dute aurreakordioan, eta sei urtean behin hura beste hamasei urtez luzatu edo ez aztertzea. Berrikuspen horren erabat kontrakoa izan da orain arte Kanada, baita iraupen mugaren aurkakoa ere.

Chrystia Freeland Kanadako Atzerri ministroa, dena den, jada Washingtonen da negoziazioei ekiteko. Hori bai, atzo esan zuen «Kanadarentzat eta klase ertainarentzat ona bada soilik» sinatuko dutela NAFTA berri bat.

Mexikok eta AEBek adostutako gai giltzarrietako bat autoen merkataritzari buruzkoa da: autogintza konpainiek muga zergarik nahi ez badute hiru herrialdeen arteko auto salerosketan, auto horien balioaren %75ek Ipar Amerikan manufakturatutakoa izan beharko du —orain arte, muga %62,5 zen—. Era berean, autoetarako hango aluminio, altzairu eta osagai gehiago erabili beharko dituzte, eta auto guztien zati jakin bat orduko gutxienez hamasei dolar (hamahiru euro) irabazten duten langileek egin beharko dituzte. Horrek, printzipioz, mesede egiten die AEBetako eta Kanadako lantegiei, eta ekoizpena Mexikora aldatzea zailtzen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna