Autogintza susmopean berriro

Europako Batzordea ikertzen ari da ea Alemaniako konpainia handiek kartel bat osatu duten igorpen kutsagarriak txikitzeko teknologian lehia saihesteko. BMW, Daimler eta VW taldearen egoitzak miatu ditu
Mercedes Benz etxearen (Daimler taldea) fabrika, Sindelfingen hirian.
Mercedes Benz etxearen (Daimler taldea) fabrika, Sindelfingen hirian. FRANZISKA KRAUFMANN / EFE

Xabier Martin -

2018ko irailak 19
Alemaniako autogintzaren prestigioari beste aizkorakada bat hurbiltzen ari zaio. Dieselgate auziak mugarria jarri zuen Europaren industriaren motortzat jotzen den sektorean, baina orain jakin da haren itzala uste baino luzeagoa izan litekeela. Europako Batzordeak ikerketa ofizial bat abiarazi du argitzeko ea BMW, Daimler eta Volkswagen taldeko konpainiek (VW, Audi eta Porsche) kartel bat osatu duten. Akusazio larria da, Europa osoko ingurumenari dagokiolako. Batzordeak jakin nahi du Alemaniako autogintzak bat eginda erabaki ote duen igorpen kutsagarriak txikitzeko teknologian ez lehiatzea.

«Kartela osatu dela frogatzen bada, agerian geratuko litzateke Europako kontsumitzaileei galarazi egin zaiela gutxiago kutsatzen duten autoak erosi ahal izatea, teknologia hori erabilgarri egonda ere». Margrethe Vestager Lehia komisarioaren hitzek argi uzten dute Alemaniako autogintzarentzako kalterik handiena izen onaren galerarekin dagoela loturik berriro, irits litezkeen isunak isun.

Txip iruzurgileetan ere bai?

Ustezko itun horrek Europako lehiaren araudia urratuko luke. Garapen teknologikoa mugatzen duten akordioak erabat legez kanpokoak dira Europako Batasunean. Zer gertatu da, ordea, konpainien aurkako susmo berri hori sortzeko? Bada, 2017an egindako hainbat miaketek oinarria eman diote akusazioari. Lehia ataleko zerbitzuak hainbat agiri ikuskatzen aritu ziren Volkswagen, BMW, Daimler eta Audiren egoitzetan. Aurkitutako dokumentazioak bultzatu du batzordea ikerketa ofiziala abiaraztera. Konpainia horiek hainbat batzar egin zituzten, besteak beste, igorpen kutsagarriak txikitzeko teknologiaren garapena eta aplikazioa erabakitzeko. Bruselak argitu nahi du Europan saldutako autoen mugak adostu ote zituzten.

Ate joka dagoen eskandalu berri honetan, gainera, bi motor nagusiak dira protagonista, diesela eta gasolina. Gasolioari dagokionez, batzordeak argitu behar du ea esku hartu duten nitrogeno dioxido (NOx) igorpenei eragiten dion SCR katalisian; gasolina motorrean, berriz, partikulen iragazkietan (OPF) eragin ote den.

Baina Alemaniako autogintzan kartel bat osatu ote den argitzeko ikerketak iraganeko mamuak itzularaz ditzake, gainera; izan ere, eragina izan lezake dieselgate auzian ere. Igorpen kutsagarriak ezkutatzeko txip iruzurgileen erabilera ere adostua izan zelako susmoa aspaldian dago mahai gainean. Batzordeak zuhurtziari heldu dio gaia horretan. «Orain, batzordeak ez du frogarik esateko ikertuek jarrera koordinatu zutela legez kanpoko txipei dagokienez». Diesel autoen igorpen kutsagarrien probetan, legez kontrako mekanismo horiek emaitza faltsuak eman zituzten, eta horiek dira dieselgate auziaren oinarria. Volkswagen taldeak milaka auto saldu zituen euskal merkatuan motor trukatuekin.

Edonola ere, Bosten zirkulua esaten dioten taldeko konpainiek (BMW, Daimler, Volkswagen, Audi eta Porsche) beste hainbat gai aztertu zituzten bileretan; besteak beste, eserleku bakoitzaren gutxieneko kalitatea, kalitate kontrolen prozedurak, kabrioleten sabaia jar edo ken daitekeen gehienezko abiadura, talken inguruko probak eta segurtasun testak, betiere elkarren lana amankomunean jartzeko. Hortaz, esan daiteke atal askotan Alemaniako autogintzaren konpainia pribatuak elkar hartuta aritu direla, baina beste kontu bat da bilera horiek Europako lehiaren arauak haustea, konpainien kooperazioak ez duelako esan nahi ezinbestean kartel bat osatu dela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna