Soilik 12.000 aita-amak jasoko dute itzulketa amatasun sariarengatik

Gestharen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bost aita-amatatik batek soilik jasoko du zerbait bueltan errentan atxikitakotik, soldata txikien ondorioz. Nafarroak ez du itzulketarik egingo

Nafarroako ama talde batek deituta, larunbatean manifestazioa egin zen Iruñean, gobernuari amatasun sarian atxikitakoak itzultzeko eskatuz. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Irune Lasa.
2018ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Gestha Espainiako ogasun teknikarien elkarteak egindako kalkuluen arabera, amatasun sariei egindako atxikipenen itzulketa jasoko duten aitak eta amak 12.018 izango dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan —Nafarroak ez du ezer itzuliko—. Hots, 2014, 2015, 2016, 2017. urteetan hiru herrialdeetan amatasun saria jaso zutenen %19,6.

Soldata txikiak dira, Gestharen arabera, ehuneko txiki horren azalpena. «Oro har, emakumezkoen soldata txikia izaten da, batez ere ama izateko adinean daudenean». Ogasun teknikarien ustez, soldata arrakalari eta kristalezko sabaiari gehitu behar zaio emakumeen okupazioa handiagoa dela lanaldi partzialetan. Era berean, ordainketa txikiagoa izaten dute emakume gazteek, oraindik esperientzia eta lanbide sustapenik ez dutelako.

Azkenean, soldata txikiarengatik gerta daiteke ama edo aita horiek bere garaian atxikipenik ez ordaindu izana errenta zergan. Orain, beraz, amatasun-aitatasun laguntza errenta zergatik salbuetsita dagoela ebatzi dela ere, atxikipenik izan ez zenez, ez da aldaketarik izango garai hartako haien errenta aitorpenetan.

Gesthak zenbait enpresaren jokaera ere aipatu du onuradun kopuru murritzaren arrazoien artean. «Atxikipenenen kalkuluan murrizketa drastikoa egiten dute, amatasun baimenarengatik soldataren laurdena deskontatuta». Zenbait enpresak atxikipenen kalkulua egiteko orduan amatasun baimeneko lau hilabeteak bazter utzi, eta atxikipenen kalkulurako urteko beste zortzi hilabeteak soilik hartzen dituzte kontuan. Espainiako datua horren adibide da: ama landunen %83k soilik irabazten dute urtean 18.400 euro baino gehiago. Enpresek aipatutako kalkulu hori egiten badute, urteko soldata 12.300era jaisten da eta.

Ogasun teknikariek emandako datuen arabera, itzulketa jasoko duten 12.018 aita-ama horiek batez beste 1.678 euro jasoko dituzte, eta, orotara, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ogasunek 20,2 milioi euro itzuliko dituzte.

Gipuzkoan gehien

Herrialdeka, Gipuzkoak du itzulketa jasoko duten aita-amen kopururik handiena: 5.932 lagun. Gipuzkoako Ogasunak 9,8 milioi euro itzuli beharko dituela kalkulatzen du Gesthak. Bizkaian, 3.891k jasoko dute itzulketa, eta ogasunak 6,7 milioi euro itzuli beharko ditu. Arabakoa kasu berezia da, lau urteetakoak ez, azken bost urteetako atxikipenak itzuliko baitira, hots, baita 2013. urtekoak ere. Guztira 2.195 aita-amak izango dute itzulketa jasotzeko eskubidea, eta Arabako Ogasunak 3,5 milioi euro itzuli beharko ditu.

Amatasun eta aitatasun baimenetako laguntzei errentan azken lau urteetan egindako atxikipenak itzultzeko erabakia orain hamar bat egun hartu zuten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek. Erabaki hori Espainiako zerga erregimenari eragiten zion epai baten ostean etorri zen: Auzitegi Gorenaren ebazpenaren arabera, errentan egindako atxikipen horiek ez ziren bidezkoak izan, laguntza Gizarte Segurantzaren subsidio bat zelako eta ez soldata bat. Salbuetsita gelditu behar ziren errentaren gaineko zergatik. Ebazpenaren ondorioz, Espainiako Ogasunak atxikipen horiek atzera bota, eta bide horretatik azken lau urteetan —hori da epaiaren atzerako eraginaren epea— jasotako diruak itzultzeko prozedura abiatu berri du.

Nahiz eta Auzitegi Gorenaren epaiak euren atxikipenetan eragin zuzenik ez izan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek ere zerga horrekin jasotako dirua itzultzea erabaki dute, ziurrenez Gorenaren epaiaren zeharkako ondorioen beldur: euren arauen erredakzioa erregimen komunekoaren berdin-berdina zelako eta horrek balizko auziren bat galtzeko arriskua zekarrelako. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek, hirurek, jada ezarri dituzte atxikipen horien itzulketa eskatzeko prozedurak

Nafarroako Gobernuak, berriz, uste du itzulketarik ez duela egin behar, besteak beste foru erkidegoaren atxikipen arauaren erredakzioa bera desberdina delako eta ondo zehazten duelako amatasun saria ez dagoela atxikipenetatik salbuetsita. Oposizioak (UPN,PSN eta PP) gogor gaitzetsi du erabaki hori. Horren harira, ama talde batek deituta, larunbatean manifestazio bat egin zuten Iruñean, foru gobernuari atxikipen horiek itzultzeko exijitzeko. Horren ondotik, Nafarroako ama talde batek joan den astean sostengua adierazi zieten alderdiei dei egin die itzulketa horiek ahalbidetzeko proposamena «aste honetan bertan» aurkez dezaten.

Amen taldearen arabera, haien mobilizazioa «ez da manifestazioarekin amaitu». Auzibidera jotzeko prest ere agertu dira atxikipenean itzulketa lortzeko. «Nafarroako amentzako bidezko tratua bermatuko duen legezko irtenbide baten alde borrokan jarraitzeko indarra daukagu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.