Navalen bizi den tentsioaren neurria islatu du Tapia mahaitik altxatzeak

Sailburuak dio gobernu batek %50 bakarrik erosi ahal izango lukeela likidazio fasean, eta inbertitzaile pribatu bat ezinbestekoa dela. Erreskatea nahi dute langileek, «150 familia erbestera ez joateko»

Navaleko langile batzordeko kideak, atzo, Jaurlaritzako Ekonomia Garapeneko Saileko ordezkariekin batzartuta; Tapia sailburua iPadarekin. IREKIA.
xabier martin
2018ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Ez da ohikoa Arantxa Tapiak behar baino lehenago amaitutzat jotzea bilera bat, are gehiago bilera horretan 177 langileren geroa jorratzen ari denean, soilik enplegu zuzena kontuan hartuz. Baina Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburuak ez du zertan «onartu» hainbat egoera, atzo bilera ostean azaldu zuenez. Eta Navaleko langile batzordearekin egindako bileran egokitutako egoera azaldu zuen: «Ez didate galderarik egin, bakarrik esan didate titulu baten bila nabilela: Naval ez dela ixten. Egoera horren aurrean, mahaitik altxatu naiz, ez dudalako zertan hori onartu».

Juanjo Llorden Navaleko batzordeko idazkariaren adierazpenen harira egin zuen Tapiak galdera faltaren erreferentzia. «Haserretu egin da ez dituelako erantzunak izan egin zaizkion galderentzat», esan zuen hark bilera ostean. Finean, Navalen egun dagoen muturreko egoera islatu zuen batzar horrek, Bilbon.

Arratsaldean, giroa baretu nahi izan zuten Navaleko langileek, eta sailburuari barkamena eskatu zion enpresa batzordeko presidenteak, Jose Pedro Gonzalezek. Gainera, Jaurlaritzak egindako lana eskertu zuen. Barkamen eskaera onartu zuen Tapiak.

Gertakariak egoeraren garraztasuna agerian utzi du. Izan ere, Sestaoko ontziolak aurkeztu du 177 beharginak kaleratzeko dosierra, eta Vox Alexia ontzia eraiki ahal izateko negoziazioak ez ditu emaitzak ekarri. Hura litzateke behin-behineko flotagailua Navaleko beharginentzat eta harentzat diharduen hornitzaile ugariren lantaldeentzat. Ezkerraldeko industriaren ikurrak oxigenoa luke aldi baterako, alegia. Baina ez du ematen gauzak bide onetik doazenik. Tentsioa gora doa, itxiera gero eta gertuago sumatzen delako; inbertitzailearen zain egotea Godoten zain egotea bihurtzen ari da.

Bilera egiten ari zen bitartean, Navaleko langileak kanpoaldean elkarretaratu ziren, eta, besteak beste, «lehendakari, joan zaitez zu Cadizera» oihukatu dute. Navantiako langile izatea onartuko balute, Andaluziara joan beharko lukete Sestaoko beharginek. Baina hori, gaur-gaurkoz, aukera bat besterik ez da.

Van Oord eta inbertitzailea

Batzordeak esplikatu zuen bi bide jorratzen direla egunotan Naval salbatzeko. «Lehentasunezkoa da bat, denbora irabaztea ahalbidetuko lukeelako». Van Oord armadorearekin egiten ari den negoziazioa da lehentasuna Vox Alexia Navalen eraiki dadin. Haren kroskoa baino ez dago eginda, eta gaur egun bankuena da. Armadoreak erosi egin beharko luke, ontziolak burutu dezan Sestaoko nasetan. Batzordeak kontatu zuen «izugarri zailak» direla Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren negoziazioak Van Oordekin; Vox Alexia Sestaon eraikiko den ala ez jakin nahi dute behingoz. Llordenek esan zuen «ematen duela baietz», armadoreak ontzia burutu nahi duela; «baina horrela ezin gara egon».

Tapiak berak berretsi zuen armadorearekin dituzten negoziazioetan ez dela tentsioa falta. «Oraingoz ez da mahaitik altxatu; esperantza horri heldu nahi diogu, nahiz eta egoera oso zaila den». Baina sailburuak ez dio epemuga bat jarri nahi izan armadoreari, batzordeak eskatu duen bezala.

Jorratzen ari diren beste bidea inbertitzaile bat topatzea da. Badira interesa azaldu duten pribatu batzuk, Tapiaren arabera. «Interes hori gauzatu daiteke, serioa delako epe luzera jarduteko, baina goiz da gehiago esateko». Batzordearentzat, ordea, irtenbidea ez da inbertitzaile pribatu bat, erreskate publikoa baizik. «Eros gaitzala Madrilgo gobernuak», zioten, atzo. Balizko likidazio plan baten barruan, horrelako erreskate bat legezkoa litzatekeela erakusteko txosten bat lantzen ari dira. «Lantaldearen %88 Navantian sartzeko eskubidea dauka. Ez da errazagoa gobernu zentralak gu erostea 150 familia erbestera joan behar izatea baino?», galdetu zuen batzordeko presidenteak.

Erreskate publikorik ez

Tapia, berriz, txosten bat prestatzen ari da Eusko Legebiltzarrera eta langile batzordera igortzeko; astearterako egongo da prest. sailburuak erakutsi nahi du gobernu batek gehienez ontziolaren %50 erosi ahal izango lukeela likidazio fasean. «Beraz, inbertitzaile pribatu bat behar dugu». Batzordeak dio «bihartik [gaurtik] aurrera» ez dutela soldatarik izango; «eta denbora badoa. Urtebete izan dute inbertitzaileak aurkitzeko, eta Van Oordekin akordio bat egiteko. Asko edo gutxi lan egingo zuten, baina emaitzarik ez da izan». Tapiak berak onartu zuen «egun konplikatua» zela langileentzat, «soldatak ez direlako bermatzen jada, eta dosier batean daudelako». «Horrek tentsio handia eragiten du», erantsi zuen.

Ontziolaren jabeek Murueta ontziola eta Ingeteam ingeniaritza enpresa bizkaitarra dira jabe nagusiak— irailean eskatu zioten epaileari abian jartzeko likidazio prozesua. Naval hartzekodunen konkurtsoan dago iazko urriaren 10az geroztik. Urtebetean ez du lortu inbertitzailerik erakartzerik ontziola martxan jartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.