Txinaren moteltzea eta itunik bako 'brexit'-a dira NDFren beldur nagusiak

Christine Lagardek bi hamarren apaldu du munduko ekonomiaren hazkundea 2019rako, %3,5era. Alemaniaren moteltzea, Turkiaren uzkurtzea eta Latinoamerikaren geldotzea ere jaso ditu txostenak

Kazetariak Txinako hazkunderi buruzko txostenak eskuetatik kentzen, atzo, Txinako Gobernuaren prentsaurrekoaren aurretik, Pekinen. WU HONG / EPA / EFE.
Jon Fernandez.
2019ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Munduko ekonomiaren «ahultasunak» zerrendatu ditu NDF Nazioarteko Diru Funtsak txosten batean, eta iragarri du espero baino gehiago motelduko dela hazkunde ekonomikoa: aurten %3,5 haziko da munduko BPG barne produktu gordina, NDFk urrian esperotakoa baino bi hamarren gutxiago; eta datorren urtean %3,6 haziko da, espero baino hamarren bat motelago. Moteltze hori eragin duten arrazoiak hiru dira, Christine Lagardek gidatutako erakundearen arabera: Alemaniako ekonomiak emandako galga, Turkiako ekonomiaren uzkurtze handia, eta Latinoamerikaren moteltzea.

Hiru faktore horiek jaitsarazi dituzte aurtengo eta datorren urteko aurreikuspenak, baina NDFk atzo emandako hazkunde zenbakiak are gehiago apaldu daitezke, baldin eta NDFk aurreikusitako bi gertaera gauzatzen badira: akordiorik gabekobrexit-a eta Txinaren hazkunde ekonomikoa espero baino gehiago geldotzea.

Hain zuzen ere, atzo aurkeztu zuen Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak B plana, joan den astean legebiltzarrak sekulako gehiengoarekin atzera bota eta gero Bruselaren eta Londresen arteko ituna. Berez, martxoaren 29ra arte dago epea hausturarako itun bat adosteko —bi aldeek epea atzeratzea onartzen ez badute behintzat—, bestela, itunik bako brexit-a letorke, eta munduko hazkunde ekonomikoa aurten %3,5etik behera jaistea eragingo luke, NDFren iritziz.

Bestetik, atzo bertan aurkeztu zituen Pekinek Txinako ekonomiaren bilakaeraren 2018ko datuak. 1990etik izandako daturik apalena da, nahiz eta hazkunde erritmo handia izan herrialde garatuenekin konparatuta: %6,6 hazi zen iaz Txinako BPGa. 2017ko hazkundea baino bi hamarren txikiagoa da, baina bat dator Pekinen aurreikuspenekin.

«Kalitate handiagoa»

Jakin-min handia zegoen, mundu osoan, hazkunde datua ezagutzeko. Iazko azken hiruhilekoan BPGa %6,4 hazi zen, hirugarren hiruhilekoz jaitsiz erritmoz. Lehen hiruhilekoan %6,8 hazi zen, bigarrenean %6,7, eta hirugarrenean %6,5. AEBen eta Txinaren arteko muga zergen gerrak eragina izan du txinatarren gogoan, eta gutxiago kontsumitu dute.

Nolanahi ere, Txinako Alderdi Komunistak lasaitasun mezua eman nahi izan du, esanez hazkunde erritmo jaitsiera gobernuaren planen barruan dagoela, eta hazkundea motelagoa izan arren «kalitate handiagoa» dela.

NDFren txostenak, Txinaren moteltzeaz eta itunik bako brexit-aren aukeraz gain, AEBen eta Txinaren arteko merkataritza gerra ere aipatu du mehatxuen artean. Lagardek azaldu du muga zergak ugaritzen jarraituz gero munduko ekonomiari kalte egingo diotela, eta NDFk berrikusi egin beharko lituzkeela 2019rako eta 2020rako hazkunde aurreikuspenak, eta zenbakiak okertu.

Hala ere, muga zergen tentsioak gorabehera, funtsak ez ditu erkindu munduko bi potentzia ekonomiko nagusien hazkunde aurreikuspenak: AEBak %2,5 haziko dira aurten, eta %1,8 datorren urtean; Txina, aldiz, %6,2 haziko da 2019an eta 2020an.

Eurogunea, moteltzen

Lagardek Davosko Foroan, Suitzan, aurkeztutako Munduko Aurreikuspen Ekonomikoen txostena-ren arabera, batez ere garatutako ekonomiek moteldu dute hazkunde erritmoa «aurreikusitakoa baino azkarrago», bereziki euroguneak. Eta Alemania eta Italia egin ditu eurogunea galgatzearen errudun.

Halaber, Argentinaren eta Turkiaren atzeraldiek moteldu egin dituzte garabidean diren herrialdeetako ekonomiak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.