Mercedesen eta industriaren arazoek %2,8ra jaitsi dute EAEko hazkundea

Azpiazuk iradoki du %2,2ra jaitsiko duela aurtengo aurreikuspena, «hodeitzarrak» daudelako ekonomiaren gainean. Eustatek dio 19.000 enplegu sortu zirela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Irune Lasa. Iker Aranburu
2019ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Moteltzea begi bistakoa da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomian. 2017tik 2018ra hamarren bat baizik ez da txikitu batez besteko hazkundea —%2,9tik %2,8ra—, baina azken urte erdiko datuek erakutsi dute aurrerantzean hazkunde tasa gertuago izango dela %2tik %3tik baino. Horrela, urteko azken hiruhilekoan %2,4ko erritmoan hazi da barne produktu gordina, tasarik txikiena 2014 amaieraz geroztik.

Moteltze horren arrazoi nagusia industrian dago. Eta zehatzago izateko, Euskal Herriko industriaren atal garrantzitsuenean: autogintzan. Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburuak azaldu duenez, «industria intentsitatea galtzen» aritu da urteak aurrera egin ahala, eta desazelerazio hori areagotu egin da urtearen bukaeran, autogintza CO2 isurketen araudira egokitzeko erakutsi duen «moteltasunaren» ondorioz. Diesel autoen eskariaren amiltzearen eta gasolinako motorren urritasunaren ondorioz, Gasteizko Mercedesen lantegian ekoizpena gelditu zuten iaz hamalau egunez, eta eragina zenbait hornitzailetara ere hedatu da. «Eta Mercedeseko egoerak gurea bezalako herri txiki batean inpaktua izaten du». Arazoa ez da desagertu, eta Mercedesek iragarri du bost egunez itxiko duela fabrika, otsailaren 25etik aurrera.

Industriaren ekarpen txikiagoa neurri batean konpentsatu dute beste sektoreek. «Egonkor» ari dira hazten zerbitzuak, eta eraikuntza «garai onean» dago.Datu zehatzagoak martxoaren 8an emango ditu Eustatek.

2019ari dagokionez, Azpiazuk iradoki zuen aurki %2,3ko iragarpena hamarren bat jaitsiko duela, baina argi utzita ez dutela espero ez amiltzerik eta ez atzeraldirik. «Hazkunde sendo batetik hazkunde leun batera pasatu gara», laburbildu zuen egoera berria Alberto Alberdi Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburuordeak.

Bost arrisku nagusi

Alberdik eta Azpiazuk aipatu zuten 2019ak «hodeitzarrez eta ziurgabetasunez betetako testuingurua» duela. Hazkundea gehiago moteldu dezaketen faktoreak bost dira: merkataritza gerra gogortzea, brexit «nahaspilatsu» edo «kaotiko» bat, «populismoen gorakadak» Europako Parlamentuko hauteskundeetan, Txinaren hazkunde motelagoa eta interes tasa ofizialak asko igotzea, «noiz eta mundu mailako zorpetzea oso-oso handia den honetan».

BPGaren datuan asmatu du Jaurlaritzak, baina motz geratu da enpleguaren sorkuntzari dagokionez: %2,1 hazi da, dedikazio osoko baliokidetzako lanpostuetan. Neurtuta, uste baino hamarren bat gehiago. Guztira, 19.000 enplegu garbi sortu dira hiru lurraldeetan.

Nafarroako Estatistika Erakundeak bihar jakinaraziko du lurralde horri dagokion hazkunde datua. 2018ko hirugarren hiruhilekora arte ez zuen geldialdirik antzeman Nafarroak, baina hura ere ibilgailu enpresa baten oso menpekoa da —Landabengo Volkswagen—, eta hainbat egunez itxi dute irailetik abendura.

Moteltzea nabarmena izan da, berriz, bi bazkideren komertzial handienetan. Frantzia %1,5 hazi zen iaz, 2017an baino zortzi hamarren gutxiago. Jaka Horien mugimenduak eragina izan du jaitsiera horretan, urteko azken hiruhilekoan kontsumo pribatua gerarazi baitu, turismoan eta ostalaritzan batez ere.

%1,5 hazi da Alemania ere, Berlingo gobernuak espero baino hiru hamarren gutxiago. Alemanian ere autogintzaren urte amaiera kaskarrak zeresana izan du, baina baita merkataritza gerrek ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.