Berlinek eta Parisek lehiaren arau «zaharkituak» aldatu nahi dituzte

Alemaniak eta Frantziak haserre erantzun diote Europako Batzordeak Alstom-Siemens bat egiteari betoa jartzeari. Trenen arloan, Txinako lehiakiderik ez dela espero ziurtatu du Vestager komisarioak

Margrethe Vestager Europako Lehia komisarioa, atzo, Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE.
Iker Aranburu.
2019ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Europako merkatuetara edo mundu osokoetara begiratzearen artean hautatu behar zuen atzo Europako Batzordeak. Askoren arteko lehiaren edo handien soilik arteko lehiaren artean hautatu behar zuen. Europara begiratzea erabaki zuen, eta antzeko neurriko enpresen arteko lehia hobetsi zuen. Ondorioz, betoa ezarri zion Alemaniako Siemensek eta Frantziako Alstomek beren tren negozioak bat egiteko proposamenari. Erabakiak sutan jarri ditu Alemania eta Frantzia, eta lehiari buruzko araudi europar «zaharkitua» aldatzen saiatuko direla iragarri dute.

ZERGATIK DEBEKATU DU EB-K SIEMENS-ALSTOM BATZEA?

Margrethe Vestager Lehia komisarioak argudiatu du Alstomek eta Siemensek bat egiteak tren egileen arteko lehiari kalte egingo liokeela, bien artean Europako merkatuaren zati handiegia izango luketelako seinalizazioetan eta abiadura handiko trenetan. Nagusitasun horrek lehiakideak alboratzea erraztuko lukeela uste du, eta prezio handiagoak ekarriko lituzkeela trenen erabiltzaileentzat. Oniritziaren truke, zenbait aktibo saltzea proposatu zuten Alstomek eta Siemensek, baina oso motz geratu direla ziurtatu du Vestagerrek. «Ez zeuden prest lehiari buruz ditugun kezka serioei erantzuteko».

ZERGATIK NAHI ZUTEN BATU?

Siemensek eta Alstomek zioten neurri handiagoa behar zutela, hartara lehiatu ahal izateko Txinako enpresekin, eta bereziki CRRC enpresa publiko erraldoiarekin. 2017an, ia 27.000 milioi euro fakturatu zituen CRRCk, atzetik dituen beste lau konpainiek batuta adina. Negozio horren %90 Txinan bertan egin du, Pekinek inbertsio erraldoiak egin dituelako azken urteetan trenbide sarea zabaltzeko. Alstom-Siemens batuketak, berriz, 15.600 milioi euroko fakturazioa izan zuen 2017an. Haien alboan txiki geratzen da CAF: 1.477 milioi (2017)

ZER ERANTZUN DIE VESTAGERREK?

Gogorarazi die CRRCk ez duela kontratu bakar bat lortu Europan. Are gehiago, merkatuaren eskakizun zorrotzen ondoren, hurrengo urteetan ere Europan lehia egiteko moduan ez dela izango uste du. Kanadiako Bombardier, esate baterako, Europako enpresak erosita sartu zen, eta Japoniako Hitachik hamar urtez saiatu behar izan zuen lehen kontratua lortzeko.

ZER DIOTE ALSTOMNEK ETA SIEMENSEK?

Henri Poupart-Lafarge Alstomeko buruak ziurtatu du «Europarentzat porrota» dela Bruselaren erabakia. Fusioa alde batera utzi eta bakarrik jarraitzeko asmoa adierazi du, «oinarri sendoak» dituelako enpresak. Horien artean aipatu du 40.000 milioi euroren eskariak —CAFek 6.000 milioi ingururenak ditu—. Siemenseko Joe Kaserrek erabakia gaitzetsi du: «Etxean bezeroen interesak babesteak ezin du esan Europa ezin dela maila berean izan Txinarekin, AEBekin edo beste batzuekin». Lehiakideen aldetik, Bombardierreko Damien Desjardinsek erabakia txalotu du. Hainbat herrialdetako lehia agintariek ere babestu dute bat egitea debekatu izana.

ZER DIOTE ALEMANIAK ETA FRANTZIAK?

«Akats politiko bat da», ziurtatu du Bruno Le Maire Frantziako Finanza ministroak, «XXI. mendera egokitu ez diren lehiaren arauetan» oinarrituta. «Batzordearen helburua da Europaren interes ekonomikoak babestea. Alstom-Siemens bat egitea atzera botatzeak Txinaren interes ekonomikoei eta industrialei laguntzen die», gaineratu du. Peter Altmaier Alemaniako Ekonomia ministroak iragarri du arauak «eguneratzen» saiatuko dela datorren urtean EBko lehendakaritza hartzen duenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.