Hezkuntzan beste greba bat bidean da jangeletako gatazkaren eraginez

Sindikatu guztien adostasunarekin, grebara deitu dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kudeaketa pribatua duten jantokietako langileak. Kezka dute jangela gurasoek kudeatzeko proposamenarekin

Garikoitz Goikoetxea.
2019ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Eskola erlijiosoetako lan gatazka gordin-gordin dagoela, beste greba bat iristear dago hezkuntzan: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola jangeletan grebara deitu dute sindikatu guztiek, gestio pribatua duten jantokietan, catering enpresen bidez kudeatutakoetan. Otsailaren 26an egingo dute greba, asteartearekin, eta ohartarazi dute aldaketarik ezean mobilizazioak gogortu egingo dituztela. Salatu dute jada lortutako akordioak «ukatzen» ari direla enpresak. Langileen aldarrikapen nagusia da «homologazioa» lortzea Hezkuntza Sailaren menpeko sukalde langileen baldintzekin.

Lau sindikatuk dute ordezkaritza, eta elkarrekin hasiko dituzte protestak: LABek, ELAk, CCOOk eta UGTk. Azaldu dute joan deneko bi urteetan hamabost bilera egin dituztela enpresek eta langileen ordezkariek, baina oraindik urrun daudela planteamenduak.

Lan baldintzak «homologatzea» dute aldarrikapen nagusia, baina, horrez gain, badituzte gatazka puntu gehiago: gutxieneko lanaldiak finkatzea, ratioak jaistea, ordezkapenak ezartzea, prestakuntza orduak gehitzea... Nabarmendu dute lan karga handitzen ari dela. Adibide bat: «Gero eta haur gehiagok dituzte dieta bereziak. Arreta emateko denbora gehiago eskatzen du horrek».

Gurasoen esku

Enpresen jokabidearekin ezkor daude langileak, «arduragabekeriaz» jokatzen ari direlakoan. Ez daude gustura Eusko Jaurlaritzaren jarrerarekin ere. Azaldu dute gobernuak laster argitaratuko dituela eskola jantokiak kudeatzeko baldintza berriak. Kezkaz hartu dute Hezkuntza Sailak joan den hilean iragarritakoa: guraso elkarteei aukera jarriko die jangelen jardun osoa kudeatzeko. Datorren ikasturtean dute neurria indarrean jartzekoa, eta Jaurlaritzak agindu du diruz lagunduko dituela era horretako proiektuak.

Jaurlaritzak aldaketa horrela iragarri izana «okerra» dela uste dute langileek: «aldez eta moldez inolako fundamenturik gabe» egindako proposamena dela diote. Ondorioekin daude kezkatuta: «Zalantza eta kezka erabatekoa da, ez baitakigu gure lanpostuekin benetan zer gertatuko den».

Otsailaren 26an hasiko dituzte mobilizazioak, eta erantzukizunez jokatzeko eskatu diete enpresei eta Jaurlaritzari. Gobernuari gogorarazi diote zerbitzu publikoa dela jangeletakoa, nahiz eta lehiaketa bidez enpresek kudeatu. Aldaketarik ez badago, mobilizazioak «areagotu» egingo dituzte.

Eskola erlijiosoak

Jangeletako protestek bat egingo dute itunpeko sarekoekin. Sindikatuak elkar hartuta daude gatazka horretan ere. Urtarrilean zortzi egunez jarraian egin zuten greba, eta beste hamar egunerako deialdia egin dute ELAk, Steilasek, CCOOk, LABek eta UGTk: martxoan, 12tik 15era; apirilean, 1etik 4ra; eta maiatzean, 8an eta 9an. Ikastetxe horietako gurasoak ere ari dira protestak prestatzen, grebaren eraginagatik kexu.

Bi alderen arteko gatazka dela berretsi du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, Cristina Uriartek. Nabarmendu du «era diskretuan» ari direla lanean, eta bitartekaritzaz galdetuta, erantzun du Lan Sailari dagokiola zeregin hori. Hamar eguneko greba deialdia «neurrigabetzat» jo du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.