Erlojuaren kontrakoa, pentsioak eta lan merkatua moldatzeko Madrilen

Hamabost egun eta bi Ministroen Kontseilu dauzka Pedro Sanchezek errege dekretuak onartu eta Espainiako Kongresura bidaltzeko. Lan ministroaren hitzetan, «badaude egunak» erreformetarako

Pentsiodunen elkarretaratzea, atzo, Donostiako Alderdi Ederren. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Jon Fernandez.
2019ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
«Oraindik badauzkagu egunak». Espainiako Gobernuko Lan ministroak berak, Magdalena Valeriok iragarri zuen atzo, telebista kate pribatu batean egindako elkarrizketa batean, Pedro Sanchezen gobernuak badaukala asmoa Mariano Rajoyren garaiko erreforma batzuk moldatzeko datorren martxoaren 5ean Espainiako Kongresua eta Senatua desegin baino lehen. Rajoyren 2012ko lan erreforma eta 2013ko pentsioena leundu nahi ditu PSOEren gobernuak dekretu bidez.

Hamabost egun eta bi Ministroen Kontseilu geratzen zaizkio dekretuok onartu eta Kongresura bidaltzeko —berez, behin ganberak deseginda, larrialdi kasuetan baino ez dira dekretuak onartzen—. Legebiltzarrak berretsi egin behar izaten ditu dekretuak 30 eguneko epean, bestela iraungi egiten da haien indarraldia. Dagoeneko egutegian markatuta dagoenez apirilaren 28ko hauteskunde eguna, erlojuaren kontrako lasterketa bat izango da kontraerreformaz jantzitako moldaketena. «Kontua ez da erreforma handiak egitea», aitortu du Valeriok, «baizik eta bultzada bat ematea» sindikatuekin eta Sanchez presidentetzara eraman zuten alderdiekin eztabaidatutako gaiak.

Hauteskundeetarako 69 egun geratzen dira, baina lehenago desegingo dira Kongresua eta Senatua, martxoaren 5ean. Erlojua, ordea, ez da bi aste barru geratuko. Astirik ematen ez badu dekretu berriok Kongresuak onartzeko, martxoaren 5etik aurrera Kongresuko Diputazio Iraunkorraren esku geratuko da dekretuak berrestea edo atzera botatzea.

Organo horrek hartzen du bere gain Espainiako Kongresuaren botere hori hurrengo ganbera eratu bitartean. 64 diputatuk osatzen dute, ganberako alderdi politikoen banaketa proportzionalki mantenduta. Beraz, gutxienez 33 diputaturen babesa jaso behar dute dekretuek aurrera egin ahal izateko.

Espainiako patronalak ere egin ditu zenbaketak, eta 33 diputatuko bloke bat ziurtatu nahian dabil eskuineko alderdiekin harremanetan, lan erreformaren eta pentsioenaren aldaketarik onar ez dadin hauteskundeak baino lehen. Izan ere, PPk, Ciudadanosek, EAJk eta PDeCATek 33 diputatuko gehiengoa osa dezakete Diputazio Iraunkorrean gobernuaren dekretuak atzera botatzeko.

Hipoteka Legea, etzi

Sanchezen gobernuarentzat ez da berria errege dekretuen erabilera. Zortzi hilabeteko agintaldian gehien erabili duen tresna izan da: 25 dekretu onartu ditu, eta bakarrik hamahiru lege. Datozen asteetan dekretuak aurkeztu eta gero Diputazio Iraunkorrak atzera botatzen badizkio ere, ahaleginak hauteskunde kanpainarako promozio moduan balio diezaioke Sanchezi, boto emaileen aurrean irudikatzeko zer onartzeko prest dagoen, eta zer ez dioten utzi onartzen 2019ko aurrekontuak atzera bota dizkiotelako.

CCOO eta UGT sindikatuek apirilaren 28ko hauteskundeen data jakin bezain laster hasi zaizkio presio egiten Sanchezi, eskatuz lehenbailehen onar ditzala erreformen aldaketak.

2012ko lan erreforma aldatzeko dekretuak lau oinarri izango lituzke, Madrilgo gobernuak elkarrizketa sozialerako mahaian CCOOrekin eta UGTrekin adostutakoak —patronala akordiotik kanpo geratu zen—: sektoreko lan hitzarmenei lehentasuna ematea, enpresakoen gainetik; lan hitzarmen kolektiboen ultraaktibitateari berriz ere iraupen mugagabea ezartzea, urtebeteko muga kenduta; azpikontratazioa erreformatzea; eta lanorduak erregistratzeko derrigortasuna.

Pentsioi dagokienez, gobernuak Toledoko Itunaren batzordean gomendio adostuen testua lortu nahi du bi asteren barruan. Batzordeak bi urte daramatza pentsioen erreforma berri bati buruz eztabaidan, eta joan den urrian ERCk ez beste alderdi guztiek adostu zuten «KPIa oinarri hartuko duen» eguneraketa sistema bat sortzea, gehiago zehaztu gabe.

Toledoko Ituneko batzordeak gomendioak baino ez ditu egiten, eta gobernuari dagokion erreforma legeak eta dekretuak aurkeztea. Sindikatuek eskatu diote dekretu bidez berreskuratu dezala KPIa eta ezaba dezala jasangarritasun faktorea.

Azken orduko legeen artean,Hipoteka Legeak du aukera gehien aurrera egiteko: Kongresuak etzi eztabaidatu eta bozkatuko ditu Senatuan egindako aldaketak. Halaber, Sanchezek trantsizio energetikoaren legearen aurreproiektua aurkeztuko du bihar, barikuan Ministroen Kontseilura eramango duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.