Theresa Mayk dimititu egingo du, 'brexit'-aren ituna onartzearen truke

Parlamentuak ez du onartu 'brexit'-arekin zer egin zehazteko bozkatutako proposamenetatik bat bera ere ez. Ganberako buruak ez du dibortziorako itunaren beste bozketarik nahi, aldaketarik ez badago

Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa, atzo, Komunen Ganberan azalpenak ematen. EFE.
Igor Susaeta.
2019ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Brexit-a aurrera ateratzea izan da Theresa Mayren lehentasuna azkeneko bi urteotan. Auziak irtenbiderik ez zuela zirudien aldietan, 2016ko ekainaren 23ko galdeketan herritarrek adierazitakoa gauzatzeko intentzio irmoa duela errepikatu izan du Erresuma Batuko lehen ministroak. EB Europako Batasunetik ateratzeko prozesua modu ordenatuan bideratzeko, akordio bat ondu zuen Bruselarekin joan den azaroan, baina etxe barruan, Alderdi Kontserbadorean, itunaren aurka egin dute askok —118k urtarrilean, eta 75ek duela bi aste—, eta, horrenbestez, Komunen Ganberak bitan eman dio zaplazteko nabarmena. Hori parlamentuan onartua izateko, tory euroeszeptikoenak eta, batez ere, DUPekoak konbentzitu ahal izateko, beste bide bat ibiltzea erabaki du, hortaz, lehen ministroak. Downing Streeteko 10. zenbakitik atzo arratsaldean jakinarazi zutenez, Mayk dimisioa emango du, bere alderdikideek eta Irlandako unionistek akordioa onartzearen truke. Hori proposatu zien bere alderdikideei. Gauzak horrela, eta baldin eta, azkenean, hirugarren bozketa batean, dibortziorako baldintzak ontzat ematen badituzte, brexit-aren bigarren zikloan, trantsiziokoan, EBrekin itun komertzial berri bat egiteko fasean, beste bat izango da Erresuma Batuko liderra.

Beste interes fokua parlamentuan bertan egon zen. Brexit-a nola bideratu zehazteko, parlamentariek proposatutako zortziproposamen bozkatu zituzten atzo gauean —gobernuak esana zeukan ez zuela horiekiko konpromisorik hartuko, ez baitziren lotesleak— astelehenean onartutako bozketa adierazgarrien zuzenketari erantzunez. Bada horierako bakar bat ere ez zuten onartu parlamentariek. Horien artean, ez zuten onartu apirilaren 12an batasuna akordiorik gabe uztea (160-400), ezta beste erreferendum bat egitea ere (268-295). Auziaren kontrola bereganatzeko ahaleginean, beraz, huts egin du parlamentuak.

Dena den, ikusteke dago hirugarren bozketarik egongo ote den. John Bercow ganberako presidenteak atzo jakinarazi zuenez, ez du Londresen eta Bruselaren arteko akordioari buruzko beste bozketarik ahalbidetuko, testua, «funtsean», aurreko bietan aurkeztutako «bera» baldin bada. «Gobernuak ez luke ahalegindu behar nire erabakia saihesten», ohartarazi zuen. Hirugarren bozketa egin eta parlamentuan baiezkoa gailenduko balitz, irteera data maiatzaren 22a izango litzateke, eta Erresuma Batuak ez luke, beraz, Europako Parlamenturako hauteskundeetan parte hartuko.

Halere, lehen ministroak hartutako erabakiak ez du ziurtatzen haren alderdikide euroeszeptikoenek oso txartzat jo izan duten akordioa babestuko dutenik. Mayk behin baino gehiagotan ohartarazi die Bruselak ez duela akordioa berriro negoziatuko, eta astelehenean adierazi zien, gainera, adostasun faltak dibortzioa atzeratuko duela.

Hori aintzat hartuta, akordioaren aurkako jarrera epeltzen joan dira euroeszeptikoenak, pixkanaka. Lehen ministroak Chequersen, bere udako bizilekuan, elkartu zituen joan den igandean, eta, Erresuma Batuko zenbait hedabidek azken egunetan argitaratu dutenez, gobernuko iturriek atzo aditzera emandako ideia plazaratu zien.

Chequersen izan zen Jacob Rees-Mogg. Diputatu kontserbadoreak, euroeszeptikoz osatutako ERG Europako Ikerketa Taldeko buruak, egun batzuk daramatza esaten ituna onartzea batasunetik alde ez egitea baino hobe dela, eta atzo azpimarratu zuen akordioa aurrera ateratzeko aukerak «lehen baino askoz ere handiagoak» direla — hamalau diputatuk esan dute, momentuz, hurrengoan baietz bozkatuko dutela—. Bide batez, Irlandako unionisten gainean utzi zuen pilota. «DUPen esku dago neurri handi batean». Daniel Kawczynski ERGkoarentzat, DUP abstenitzearekin nahikoa litzateke. Haren esanetan, zenbakiek ematen dute. Baina unionistek ohar bat atera zuten gauean, jakinaraziz ez dutela akordioaren alde egingo balizko bozketa batean, iruditzen baitzaie itunaren ondorioz Ipar Irlanda «harrapatuta» geratuko dela Irlandan muga gogorra saiheste aldera ezarritako backstop delako protokoloan. Nigel Dodds diputatuak azpimarratu zuen, gainera, ez direla abstenituko.

Tusken hitzak

Boris Johnson Atzerri ministro izandakoa ere, brexiter nabarmenenetakoa, Mayren aurkari behinenetakoa, bere botoaren norabidea aldatzekotan da. Hura ere Chequersen izan zen, eta orain baiezkoan dagoela argitaratu zuen Huffington Post agerkariak. Dena den, ERGko iturri bat aipatuz The Guardian-ek kaleratutakoaren arabera, «inondik ere» ez dute behar beste diputatuk aldatuko botoa akordioa onartua izan dadin.

Ganberan onartu zutena izan zen brexit-erako data martxoaren 29tik apirilaren 12ra atzeratzea. Modu horretan, Mayren akordioak azkenean ez badu aurrera egiten, gobernuak data horretara arteko epea edukiko du auziari zein irtenbide eman zehazteko. Lehen ministroak eta Europar Kontseiluak akordio hori egin zuten lehengo astean, eta nazioarteko legedian jaso. Beraz, atzoko bozketan ezezkoa gailendu izan balitz ere, atzerapena berdin-berdin onartuko zuen gobernuak. 441ek bozkatu zuten alde, eta 105e k kontra.

Bestetik, Donald Tuskek batasunean jarraitzeko atea zabaldu dio Erresuma Batuari. Europar Kontseiluko presidentea Europako Parlamentuan mintzatu zen atzo, eta esan zuen ezin zaiela «traiziorik egin» brexit-a bertan behera uzteko eskatu duten sei milioi lagunei, ez eta bigarren erreferendum baten alde larunbatean kalera atera zirenei ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.