Beiruteko portuko arduradunei etxeko atxiloaldia ezarri diete

Eztandak gutxienez 135 hildako utzi ditu, eta 5.000 pertsona baino gehiago zauritu. Ezbeharrak are gehiago larrituko du herrialdea pairatzen ari den krisi ekonomikoa. Laguntza eta babesa eskatu dute

Beiruteko portua, suntsituta. NABIL MOUNZER / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Beirutek eztanda egin zuen herenegun arratsaldean. Libanoko hiriburuko portuko lehergailu biltegi batean izandako leherketa batek dardarka jarri zuen hiria, eta inguru zabalak suntsitu zituen. Lekukoen arabera, hainbat kilometrora ere sumatu zuten eztanda. Gutxienez 135 lagun hil dira horren ondorioz, eta 5.000 pertsona baino gehiago zauritu, Libanoko Osasun Ministerioko iturriek jakinarazi zutenez. Horrez gain, ehun pertsonatik gora galduta daude, eta milaka etxerik gabe geratu dira.«Hondamendi ikaragarria da hau: biktimak eta hildakoak daude leku guztietan», esan zuen atzo Libanoko Gurutze Gorriko eledun George Kettanik. Gertatutakoa ikertzen hasi dira, eta gobernuak etxeko atxiloaldia ezarri zien atzo Beiruteko Portu Agintaritzako biltegiratze arduradunei.

Libanoko presidente Michel Aounek esan zuenez, biltegian 2.750 tona amonio nitrato pilatuta egon dira sei urtez. Antza, portuko agintariek bahituriko itsasontzi batetik atera zuten gai kimiko hori, 2014. urtean. Amonio nitratoa ongarria egiteko erabiltzen da nekazaritzan, eta askotan erabili izan da lehergaiak egiteko. Al Jazeera katearen arabera, erregistro publikoen azterketek eta argitaratutako dokumentuek erakusten dute Libanoko goi funtzionarioek duela sei urtetik zekitela amonio nitratoa zegoela gordeta portuko biltegian, eta, beraz, leherketa arriskua egon zitekeela.

Eztandaren inguruko ikerketak «lehentasunezkotzat» jo zituen atzo Hasan Diab Libanoko lehen ministroak, eta erantzunak azkarra izan behar zuela nabarmendu zuen. «Herrialdea krisi nazional batean dago», onartu zuen. Era berean, presidenteak adierazi zuen erantzuleak gogor zigortuko zituela: «Ikerketekin jarraituko dugu jazotakoaren inguruko zirkunstantziak ahalik eta azkarren jakinarazteko eta, horrela, erantzuleak eta arduragabeak kontuak emateko eta zigorrik gogorrenarekin zigortzeko».

Herenegun eginiko gobernuaren kabinetearen bileran, lehen ministroak esan zuen «onartezina» dela 2.750 tona amonio nitrato dituen kargamentu bat sei urtez biltegi batean egon izana «dagozkion prebentzio neurriak hartu gabe».

Ghada Shreim Pertsona Desplazatuen ministroak portuko arduradunen atxilotzea baieztatu zuen, eta adierazi 2014tik portuan «lehergaien biltegiratzeaz, babesteaz eta ikuskatzeaz arduratzen diren portuko zuzendaritzako kide guztiak» atxilotuko dituztela. Mohamed Fahmy Barne ministroak, berriz, esan zuen portuan goi karguak dituzten pertsonei ezarriko zaiela neurri hori.

Bestalde, Fahmyk baztertu egin zuen nazioarteko ikerketa bat abiatzea, herrialdeak azterketa objektibo bat egiteko «beharrezko gaitasunak» dituela argudiatuta. «Garrantzitsuena erantzuleak topatzea da». Parisko Fiskaltzak atzo jakinarazi zuen leherketaren inguruko ikerketa bat abiatu zuela. AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Donald Trumpek, berriz, eraso baten susmoa ere zabaldu zuen.

Hori ikusirik, Libanoko Gobernuak larrialdi egoera ezarri zuen atzo hiriburuan, hamabost egunerako, eta militarrek kontrolatuko dute eremua. Manal Abdelsamad Libanoko Informazio ministroak azaldu zuenez, larrialdi egoera «berriztagarria» da, eta agintari militarrek «berehala izango dute segurtasunari eusteko ardura».

Ondorio larriak

Leherketak ondorio ekonomiko latzak utziko ditu, eta are gehiago larrituko du herrialdea pairatzen ari den krisi sakona.

Hain zuzen, eztandak portuko gari siloetako bat suntsitu zuen, Libanoko garrantzitsuena. Tobias Schneider GPPI Munduko Politika Publikoko Institutuko ikerlariaren arabera, tokiko gari ekoizpenak herrialdeko kontsumoaren %10 inguru baino ez du estaltzen. Gainerakoa inportatu egiten dute, batez ere Errusiatik, eta inportatutako ale ia guztia(%80 baino gehiago) leherketa jazo zen terminal horretatik sartzen zen: «Erabateko hondamendia da. Gobernuak azkar mugitu beharko du», adierazi zuen.

Raoul Nehme Ekonomia eta Merkataritza ministroak esan zuenez, biltegian gordetako gari guztia «kutsatuta» dago, eta ezingo da erabili. Hala ere, herrialdearen «berehalako beharrak asetzeko» nahikoa dagoela azpimarratu zuen. Nehmeren arabera, Libanok gari gehiago inportatuko du.

Ministroak gaineratu zuenez, herrialdeak orain «hilabete baino gutxixeagorako» erreserbak ditu.

Pobrezia maila altua dute Libaon, eta, leherketaren aurretik ere, inoizko krisi ekonomiko larrienean murgilduta zegoen herrialdea. Hori dela eta, kezka berezia eragin du jazoera honek.

Nazioartean ere berehalako erreakzioak eragin ditu leherketak, eta hainbat herrialdek laguntza eskaini diote Libanori. Herrialdeko agintariek beraiek ere babesa eskatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.