Libanoko Parlamentuak Adib diplomazialaria aukeratu du lehen ministro

Mustafa Adib lehen ministroak babes zabala lortu du parlamentuko bozketan: botoen %75. Emmanuel Macron Frantziako presidentea herrialdera heldu da

Mustafa Adib Libanoko lehen ministro berria kazetarien aurrean hitz egiten, atzo. NABIL MOUNZER / EFE.
2020ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Hasan Diaben gobernuak dimisioa aurkeztu zuen duela hiru aste, Beiruteko portuan gertatu zen eztandaren ondorioz. Diaben ordezko, Libanoko Parlamentuak Mustafa Adib diplomazialaria aukeratu zuen, atzo, lehen ministro kargurako. «Ez dago hitzik emateko astirik: orain egiteko garaia da», esan zuen Adibek, Baabda presidentearen jauregian Michel Aoun Libanoko presidentearekin eta Nabih Berri parlamentukoarekin elkartu ondoren.

Adib Libanoko enbaxadore izan da Alemanian 2013. urtetik, eta lehenago, 2000. eta 2011. urteen artean, Najib Mikati lehen ministro ohiaren aholkulari. Parlamentuan egindako bozketan, 120 diputatuetatik 90en babesa lortu zuen diplomazialariak, eta herrialdeko alderdi politiko nagusiek haren alde egin zuten, hala nola Hezbollak eta haren aliatuek —xiitak dira—, baita Saad Hariri lehen ministro ohiaren Etorkizuneko Mugimendua alderdiak ere —sunitak dira. Parlamentuko hamahiru diputatuk ez zuten bozketan parte hartu, beren karguari uko egin ondoren.

«Eskua eman eta ahalegina elkarrekin egiteko ordua da, Libanoko herritarrek esperantza izan dezaten berriro», adierazi zien Adibek kazetariei. Neurri ekonomikoak hartzeko gai izango diren profesionalak aukeratuko dituztela zehaztu zuen lehen ministro berriak: «Espero dugu gobernua eratzean euren arloan profesionalak diren kideak aukeratzea; beharrezkoak diren finantza neurriak eta erabaki ekonomikoak hartzen trebeak izan behar dute». Lehen ministro kargurako aukeratu dute, baina gobernu berri bat eratzen duen bitartean, Diaben gobernuak jarraituko du lanean, jarduneko gobernu gisa.

Portuko leherketak areagotutako krisiari aurre egin beharko dio Adiben gobernuak. Munduko Bankuaren arabera, Libanok 506 eta 636 milioi euro artean beharko ditu 2020. urtea amaitu baino lehen. Horiek horrela, Libanok hainbat erronka ditu egun. Alde batetik, humanitarioa; eztandaren ondoren leheneratze eta berreraikitze lanak egitea, eta leherketaren inguruko ikerketa egitea. Bestetik, herrialdea pairatzen ari den krisi ekonomikoari aurre egiteko, finantza eta ekonomia erreformakonartu eta gauzatu beharko ditu. Krisi sanitarioa ere areagotu da, koronabirus kasuen gorakadarekin, eta portuko leherketak azpiegituretan eragindako suntsiketarekin. Azkenik, sistema politikoa bera berregituratzea du erronka, egun herrialdeak dituen arazo gehienen sortzailea baita.

Lehen ministroaren aukeraketa atzo izan zen, Emmanuel Macron Frantziako presidentea herrialde horretara heldu zen egun berean. Beiruteko portuan eztanda gertatu zenetik Frantziako presidenteak herrialdera egin duen bigarren bidaia izan da. Macronek Libanoko politikariei eskatu die elkar ulertzeko, eta erreformak egiteko, ustelkeriaz beteta egon diren azken hamarkadetako sistema aldatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.