Donostiak hiri ordenantza berria du, pisu turistikoen mesedetan

Udalak argudiatu du arautu beharreko gaia zela, eta EH Bilduk eta Elkarrekin-Donostiak egotzi diote «gutxi batzuen interesen alde egitea». Balkoiak ere egin ahal izango dira

gurutze izagirre intxauspe
2021eko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Arindu egingo dira pisu turistikoetarako arauak Donostian. Besteak beste, udalak ateak ireki dizkio zenbait zonatan lehen solairutik gora pisu turistikoak ezartzeari. Orain arte, lehen solairuan baino ezin ziren egon, eta auzitegiek debekatu egin zuten lehen pisutik gora etxebizitza turistikoak jartzea. Donostiako Udalean erregistratuta dauden erabilera turistikoko 1.272 pisuetatik ia erdiak daude lehen solairuetatik gora: 559 etxe turistiko, hain zuzen. Hirigintzaren plan orokorrean proposatutako aldaketen ondorioz, ateak ireki ahal izango dituzte lehen solairutik gorakoek ere. Aurrerantzean, ordenantza berriarekin, posible izango da 110 metro karratu baino gehiago dituzten etxebizitzak zatitzea eta eraikin zaharretan balkoiak egitea ere. EAJz eta PSEz gain, PPk ere babestu du aldaketa. EH Bilduk eta Elkarrekin-Donostiak aurka bozkatu dute.

Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak argudiatu du «zenbait egoera bizkor arautzea komeni» dela eta horregatik proposatu dutela ordenantzaren egokitzapen bat. Halaber, oposizioari erantzunez, esan du udal gobernuak itxi izan dituela etxe turistikoak, arauak betetzen ez zituztelako, eta arautzeko zegoen eremu bat arautzea zutela helburu.

EH Bilduk eta Elkarrekin-Donostiak esan dute aldaketaren zenbait punturekin ados daudela: etxebizitzak erdibitzearekin eta balkoiak egiteko aukera aztertzearekin, kasurako. Baina pisu turistikoen %44 lehen solairuaren gainetik daude, eta udalari egotzi diote hiri ordenantza aldatzea «gutxi batzuen interes partikularren mesedetan».

EH Bilduk udalari gogorarazi dio EAEko Auzitegi Nagusiak 2020ko urtarrilean atzera bota zuela Donostiako Udalak egindako ordenantza, eta egotzi dio onartu berri den egokitzapenaren bidez auzitegiek atzera botatakoari atea ireki nahi diotela. «Aldaketa hauekin nori egin nahi diote mesede? 559 pisu turistiko daude ordenantza onartu baino lehen legez kanpokoak zirenak. Gehienak enpresa pribatuenak dira, eta zenbait pertsonarenak, eta haiek baino ez dira izango aldaketa hauen onuradunak», esan du Reyes Karrere EH Bilduko zinegotziak: «Herritar askok hiritik joan beharko dute ezin dutelako etxe bat erosi, halako neurriek alokairuaren eta etxebizitzen prezioa garestitzen dutelako. Ez ditugu babestuko herritarren aurka egiten duten neurriak, gutxi batzuen mesedetan eginikoak».

Onuradunak nor diren

Elkarrekin-Donostiak uste du «egokitzapen puntual» honen bidez pisu turistikoen jabeak aterako direla onuradun: «Auzitegiek bertan behera utzi zutenakegokitzapen batekin aurrera egitea lortu nahi duzue». Egotzi diote «interes espekulatiboen» mesedetan aritzea, eta negozioa lehenestea «mobilizazio sozialari entzungor eginda». Izan ere, uste dute etxebizitza turistikoen aldeko neurriak sustatzeak Donostiako etxebizitzen prezioa eta alokairuena are gehiago igotzea ekarriko duela. «Putre funtsen mehatxupean gaude, eta halako neurriek interes orokorraren kontra egiten dute». Eta erantsi dute: «Etxebizitzak bizitzeko daude, eta ez negozioa egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.