Hiruk aldundia salatu du, garraiolariei «legez kanpo» kobratutakoa eskatzeko

Sindikatuak nabarmendu duenez, N-1eko eta A-15eko bidesariek ez dute «berme juridikorik». Diputazioak erabakiari eutsiko dio, Europaren «babesa» duelako

Garraiolari autonomoen sindikatuko ordezkariak, atzo, Donostiako epaitegian. JON URBE / FOKU.
jokin sagarzazu
Donostia
2021eko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Kamioilariek auzitara jotzea erabaki dute Gipuzkoako Foru Aldundiak «legez kanpo» kobratutakoa itzul diezaien eskatzeko. Hiru garraiolari autonomoen sindikatuak salaketa jarri du aldundiaren eta Bidegi lurraldeko errepide azpiegituren kudeatzen duen agentziaren aurka, N-1ean eta A-15ean kamioientzako bidesariei eusten dietelako, epaitegiek orain arte kaleratu dituzten ebazpenei muzin eginez. Hiruk deitoratu du aldundiak ez duela «berme juridikorik» hori egiteko.

Sindikatuak foru agintarien «arduragabekeria» kritikatu du, eta ohartarazi du erabaki horrek «kostu handia» eragingo diela gipuzkoarrei, epaileak azkenean arrazoia ematen badio. «2018an hasi zen zentzugabekeriaren ondorioak guztiok ordaintzen ditugu: arkuak jartzeko inbertsioak, ordainketa irregularren itzulketak, balizko isunak... Gipuzkoar guztien poltsikotik aterako dira horiek denak. Diru publikoarekin jolasten ari dira». Fenadismer Espainiako Garraio Elkarteen Federazioaren arabera, garraiolariei itzuli beharrekoa hamabost milioi euro inguru izango lirateke.

Aldundiak duela hiru urte jarri zituen bidesariak errepide horietan. Orain arteko ebazpenek ez dute zehazten garraiolariei kobratutako dirua itzuli behar ote dien ala ez, baina, Hiruko eledun Alberto Nuñezen ustez, «argi» dago baietz. Oraingo auzibidearekin sindikatuak nahi du epaitegiak esatea ordainketa horiek legezkoak ala legez kanpokoak izan diren, gero, horretan oinarrituta, erreklamazioak jartzeko.

Nuñezek azaldu duenez, «behartuta» egin behar izan dute urratsa. Dirua ofizioz itzultzeko eskatu zioten aldundiari, baina, haren ukoa dela-eta, auzitara jo dute. «Erreklamazioek beren bidea egingo dute, eta, jakina, ordainketei aurre egin beharko die aldundiak. Automatikoki kobratzen diren bidesariak ere automatikoki itzultzeko eskatzen dugu».

Sistema berria

Hiruko kideak gogorarazi duenez, EAEko Justizia Auzitegiak aurrena eta Espainiako Auzitegi Gorenak ondoren, bi alditan esan diote aldundiari bidesariak legez kanpokoak direla, baina bereari eutsita erantzun dio, Europako legedia alde duela sinetsita, eta hirugarren foru arau bat ere prestatzen ari da.

Lehen bi arauetako epaiek nabarmendu dute orain arteko bidesariek kanpoko garraiolariei kalte egiten dietela, bi bide horietako zati batzuetan ez dagoelako ordaintzeko arkurik. Zeharkako diskriminazio hori konpontzeko, modu bakarra aurkitu du aldundiak: bide guztia kobratzea.

Hala, gaur egun dauden hiru arkupeei —Etzegarate, Andoain eta Astigarraga—, beste batzuk gehituko dizkie. Oraindik ez du argitu noiz, non eta zenbat izango diren, baina Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak adierazi du «aurki» izango dela. Hiru sindikatuaren arabera, erabaki hori ere «erabat diskriminatzailea» da, eta ez preseski ordainpeko arkupeak bi errepide horien sarrera eta irteeretan daudelako, baizik eta kamioilariak ez diren gainerako erabiltzaileak ordainketatik kanpo uzten dituztelako.

Horrez gain, Markel Olanoren gobernuak ez du amore eman epaitegiekin duen gatazkan, eta jakinarazi du helegitea jarri duela Gorenaren azken erabakiaren aurka. Oiarbidek adierazi duenez, epaitegiak ez du aintzat hartu EBren araudiak gai horri buruz esaten duena. Uste du EBko Justizia Auzitegian auzi prejudizial bat aurkeztu behar zuela Gorenak, gai horri buruzko erabakia hartu aurretik, Oiarbideren iritziz, Europako zuzentarau baten transposizio bat delako aldundiarena.

Kargaren jabea

Foru diputatuak adierazi duenez, «sententzia bakar batek ere ez du zalantzan jartzen» aldundiak bidesariak jartzeko duen eskubidea, eta gogorarazi du Batzar Nagusien «mandatu demokratiko bati» erantzuten diola neurriak. Aldundiaren arabera, aurrekontuekin ez da nahikoa lurraldeko errepideak behar bezala artatzeko eta hobekuntzak egiteko, eta beste finantzaketa iturri batzuk bermatu behar dira. Beste aukera bat ere bazuen: zerga berri bat ezartzea gaitasun handiko errepideak konpontzeko, baina, azkenean, baztertu egin zuen ideia hori, erabiltzen duenak ordaintzearen aldeko tesiari helduz.

Horri buruz, halere, Oiarbidek nabarmendu du bidesariena ez dela kamioilariei jartzen zaien zerga bat, kamioiaren karga erosten duenari baizik: «Taxia erabiltzen denean bezala: bidaiaz gain, bidesaria ordaintzen da». Oso bestelako iritzia dute garraiolariek. Nuñezek gogorarazi du bide azpiegiturak «ondasun publikoa» direla, «denok ordaintzen ditugun zergen bidez finantzatzen direnak, guztiok erabiltzen ditugulako». Halaber, azpimarratu du errepide bidezko salgaien garraioa «zerbitzu publikoa» dela, eta kamioiei soilik bidesariak jarrita katebegirik «ahulenari» egiten zaiola kalte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.