Tubacexeko kaleratuak lanera itzuli ahalko dira, baina auzia ez da amaitu

Enpresak berriro onartuko ditu beharginak, epaileek eskatu bezala. Sindikatuek eskatu diote Auzitegi Gorenean helegitea jartzeari uko egiteko. Jaurlaritzaren bidez jaso dute enpresaren eskaintza

Tubacexeko langileen protesta bat, EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
jokin sagarzazu
2021eko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Xake partida baten antza du Tubacexeko lan gatazkak. Langileek greba mugagabearekin aurrera jarraituko zutela erabaki eta hurrengo egunean, enpresak fitxa mugitu du: atzera egin, eta kaleratutako 129 langileei lanera itzultzeko aukera emango diela jakinarazi du, EAEko Auzitegi Nagusiak bere epaietan eskatu dion moduan. Itzulera mailakatua izango da, uztailaren 26tik azaroaren 30era bitartean, eta behargin horiek, gainerakoekin batera, irailetik aurrera enpresak abian jarri asmo duen enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientearen barruan sartuko lirateke. Badago, baina, argitu gabeko puntu bat: enpresak auzibidearekin jarraituko duen ala ez. Sindikatuentzat ezinbestekoa da hori azaltzea. Langile batzordeak atzo goizean jaso zuen zuzendaritzaren proposamena, Jaurlaritzako Industria Sailaren bidez, hark deitutako premiazko bilera batean.

Auzia amaitu ez den arren, eskaintzak mugarri bat ezarri du negoziazioen bidean. Bilboko epaitegiak kaleratzeak baliogabetzat jo zituenetik, beste fase batean sartu zen gatazka. Zuzendaritzak erabaki zuen soldatak ordaindu bai, baina langile horiek ez zirela lanpostuetara itzuliko, auzibidea amaitu arte behintzat. Legez, hori egin zezakeen, baina, langileek grebari eutsiko ziotela erabaki ostean, enpresak estrategia aldatzea erabaki du.

Bi aldeentzat eutsiezina izaten ari da egoera: beharginentzat, 160 egun egin dituztelako greban, hileko soldata jaso gabe, eta hori beste hainbat hilabetez luzatzeak nekea eta pitzadurak sor ditzakeelako orain arte oso batuta egon den taldean. Eta enpresarentzat: zuzendaritzak esana du orain arteko lanuzteek galera handiak eragin dizkiola eta hala jarraitzeak kolokan jar dezakeela Laudioko eta Amurrioko lantegien bideragarritasuna. Auzibidea amaitzeko urtebete inguru beharko litzateke. Horregatik ere bada garrantzitsua helegiteari buruzko puntua argitzea.

Helegitearen itzala

Enpresaren proposamena eskaintza bat baino ez da oraindik, sindikatuek ohartarazi dutenez. Langileen batzordeak datozen egunetan erantzungo du. Piketeetan dauden beharginek poza adierazi zuten atzo, baina zuhur mintzatu ziren. Azpimarratu zuten zuzendaritzarekiko mesfidantza handia dela eta eskaintza ongi aztertu behar dutela.

Langileen batzordeak hainbatetan esan du ez diola aterik ixten grebaren amaiera negoziatzeari, baina EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzitakoa «bere osotasunean» betetzeko eskatzen dio enpresari. Uste du kaleratutako langile guztiak berronartzeaz gain, igarotako hilabeteetako soldatak ordaindu behar dizkietela, baita beste langileek greban emandako egunei dagozkienak ere.

Era berean, instituzio publikoei negoziazio prozesuan inplika daitezela eskatu diete, eta, bereziki, Eusko Jaurlaritzari. Izan ere, badago tentuz aztertu nahi duten puntu bat: helegitearena. LABentzat, «funtsezko baldintza» da zuzendaritzak Espainiako Auzitegi Gorenean iragarritako errekurtsoari uko egitea. Sindikatuak azpimarratu duenez, eskaintzan ez da argitzen Auzitegi Gorenera joko ote duen, eta, beraz, «osatugabea» da. Jaurlaritzari eskatu dio, atzo helarazitako proposamenarekin bezalaxe, «bitartekaritza» egin dezala enpresak helegitea behin betiko kentzeko.

Lehen epaien ostean, enpresak ez luke erraza izango Madrilen aldeko epai bat lortzea. Bi epaiketa izan ziren Bilbon. Batzuen eta besteen txostenak irakurrita, bi epaimahaiak ondorio berberetara iritsi ziren: batetik, Tubacexen krisia behin-behinekoa dela, eta, bestetik, ez zegoela arrazoirik kaleratzeak egiteko.

LABek orain arte egindako bidearen irakurketa baikorra egin du komunikabideetara bidalitako ohar batean, eta adierazi du enpresaren proposamena horren emaitza dela. Dena den, lanean segitu beharko dutela ohartarazi du. «Mobilizazioekin eta langileen greba mugagabearekin jarraitzeko apustu argiari esker lortu da garaipen hau, eta horrek erakutsi du borroka dela bide bakarra lanpostuak eta lan baldintza duinak defendatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.