Tunisian krisi politikoa eragin du lehen ministroa kargugabetu izanak

Presidenteak kendu du kargutik gobernuburua, eta parlamentuaren jarduna eten du. Istiluak izan dira gobernuaren aldekoen eta kontrakoen artean. Alderdi nagusiak «estatu kolpea» salatu du

Tunisiako soldaduak herrialdeko parlamentuaren atarian, atzo, Kais Saied presidenteak ganberaren jarduera eteteko agindu ondorengo egunean. STR / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko uztailaren 27a
00:00
Entzun

Tunisia 2011ko iraultzaz geroztik izan duen krisi politikorik larrienean da. Kais Saied Tunisiako presidenteak herrialdeko parlamentuaren jarduna eten, eta Hitxem Metxitxi lehen ministroa kargutik kendu zuen, igandean. Herritar batzuk pozez hartu zuten erabakia, gobernuaren kudeaketarekin haserre. Goizaldera arte ospatu zuten albistea kalean, koronabirusaren pandemiagatik etxeratze agindua eta manifestazioetarako debekua ezarrita dauden arren. Ennahda parlamentuko alderdi nagusiak, ordea, «estatu kolpea» salatu zuen, eta protesta egitera animatu zituen herritarrak.

Krisi politikoak eta eragin duen zatiketak ziurgabetasun egoerara eraman dute Tunisia. Horren isla, atzo goizean parlamentuak utzi zuen argazkia. Ratxed Ghannutxi Ennahdako buru eta ganberako presidentea parlamentura sartzen ahalegindu zen, baina militarrek bidea moztu zioten. Kanpoan gelditu zen, auto barruan, hainbat orduz. Bilera telematiko bat ere egin zuen ibilgailu barrutik, parlamentuko mahaiarekin, presidentearen erabakia arbuiatzeko. Parlamentuaren ondoan, gobernuaren aldeko eta kontrako herritar taldeak sortu ziren, eta liskarrak izan ziren bi aldeen artean.

Saieden aurkari politikoek salatu dutenez, 2014ko konstituzioak aitortzen dizkion botereak gainditzen ahalegindu da presidentea. Konstituzioak atzerri gaietan eta arlo militarrean esleitzen dizkio eskumenak. Aurkariek uste dute herrialdeko egoera zaila baliatu nahi duela bere eragin ahalmena handitzeko.

Tunisiako presidenteak igandean adierazi zuen funtzio exekutiboa bere gain hartuko zuela, eta lehen ministro berri baten laguntza izango zuela zeregin horretarako. «Erabaki horiek hartu ditugu bakea Tunisiako gizartera itzuli arte eta estatua salbatu arte». Lehen ministroaz gain, Justizia, Defentsa eta Barne ministroak ere kendu ditu kargutik.

Estatuko botere banaketari dagozkion gatazkak argitzeko, 2014ko konstituzioak auzitegi konstituzional bat eratzea aurreikusi zuen. Halakorik ez da oraindik, ordea: epaileak izendatzeko adostasun faltak blokeatu egin du auzitegia martxan jartzea.

Saieden erabakiak herritarren zati baten babesa jaso du, gobernuari ez baitiote zilegitasunik aitortzen agintean jarraitzeko. Larunbatean, Tunisiaren independentziaren 64. urteurrenean, protesta jendetsuak izan ziren herrialdeko hainbat hiritan, Uztailak 25 Mugimendua taldeak deituta, Metxitxiren kudeaketa salatzeko. Istiluak izan ziren. Manifestari talde batzuek eraso egin zieten Ennahdha alderdiaren hainbat egoitzari.

Ghannutxiren arabera, «iraultzaren eta konstituzioaren kontra» ari da presidentea. Ziur da «Ennahdako kideek eta Tunisiako herritarrek» iraultza defendatuko dutela.

Saiedek mezu bat bidali die bere erabakiaren kontra altxatzeko asmoa izan dezaketenei: «Armak hartzea pentsatzen ari den edonori ohartarazi nahi diot, bala bat jaurtitzen duen edonori: armadak balekin erantzungo du». Parlamentuko jarduna etetearekin batera, presidenteak immunitatea indargabetu die parlamentariei.

Metxixiren gobernuaren ahulezia agerikoa izan da azken hilabeteetan. Tunisiako presidentearekin gatazka politiko betean ibili da, egoera ekonomiko zail bati aurre egin ezinda, eta pandemiak kutsatutako eta hildakoen kopuru gero eta handiagoekin mahai gainean. Langabezia tasak nabarmen egin du gora, eta estatuak murrizketa ugari egin ditu zerbitzu publikoetan.

Osasun arloan, sistema «kolapsatuta» dagoela aitortu zuen Osasun ministroak, joan den ekainean. 18.000 lagun hil dira pandemiaren ondorioz hamabi milioi biztanleko herrialdean.

Erreakzioak nazioartean

Herrialdeko azken mugimendu politikoek nazioarteko hainbat eragileren erreakzioa ekarri dute. EB Europako Batasunak «konstituzioa eta zuzenbide estatua» errespetatzeko eskatu die herrialdeko alde politikoei. Gogor mintzatu da Turkiako Gobernua. Saieden «estatu kolpea» salatu du. Haren iritziz, presidentearen azken erabakiak «zilegitasunik gabeak» dira.

Estatuburua eta Tunisiako Parlamentua 2019an hautatu zituzten, zein bere hauteskundeetan. Parlamentuko bozek ganbera zatitu bat utzi zuten. Ez dago alderdirik ordezkarien laurdenak baino gehiago dituenik. Metxitxik, berriz, iaz hartu zuen kargua, hilabete gutxi batzuk iraun zuen gobernu bati lekukoa hartuta. Ordutik, talka asko izan ditu Saiedekin. Presidenteak, esaterako, hainbatetan ezeztatu dizkio zenbait ministroren izendapenak.

Parlamentuan, Ennahda alderdi islamistak ditu ordezkari gehien. 2011ko iraultzaren aurretik debekatuta egon zen, baina, iraultzaz geroztik, hark lortu ditu hauteskundeetako emaitzarik onenak, eta hainbat koalizio gobernuren parte izan da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.