Tunisiako Parlamentuko bi indar nagusiak ikertzen hasi da fiskaltza

Ennahda eta Qalb Tunis alderdien hauteskunde kanpainetako atzerriko finantzaketa eta dohaintza anonimoak aztertzen ari da. Biek leporatu diote Saied presidenteari «estatu kolpea» ematea

Tunisiako soldadu talde bat, asteartean, Tunis hiriburuko erdigunean. STRINGER / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Turkiako Fiskaltzak jopuntuan ditu herrialdeko presidenteari «estatu kolpea» eman izana egotzi dioten bi alderdi. Fiskaltzaren bozeramaile Mohsen Dalyk atzo azaldu zuenez, ikerketa bat dute abian Ennahda alderdi islamistaren eta Tunisiaren Bihotza sozialdemokrataren kontuen gainean. Zehazki, hauteskunde kanpainen atzerriko finantzaketa eta dohaintza anonimoak ari dira ikertzen. Parlamentuan ordezkaritza handiena duten bi alderdiak dira —52 diputatu ditu Ennahdak, eta 38 Tunisiaren Bihotzak, 217 ordezkariko ganberan—.

Fiskaltzaren bozeramaileak Tunisiako Mosaique FM irratian adierazitakoaren arabera, ikerketa uztailaren erdialdetik da abian, Kais Saied Tunisiako presidenteak Hitxem Metxitxi lehen ministroa kargugabetu, parlamentuko jarduna «behin-behinean» eten, eta estatuko botereak bere gain hartu baino egun batzuk lehenagotik.

Tunisiak 2011ko iraultzaz geroztik izan duen krisi politikorik sakonena eragin zuen Saiedek joan den igandean erabaki horiek hartu zituenean. Ennahdako buru eta parlamentuko presidente Ratxid Ghannutxik «konstituzioaren» eta «iraultzaren kontra» aritzea egotzi zion, eta protestara animatu zituen herritarrak.

Ennahdak jarrera aldatu zuen herenegun. Manifestaziorik ez egiteko eskatu zien tunisiarrei,indarkeria ekintza oro saihesteko eta «kontrairaultzak» zilegitasunik ez lortzeko. Gainera, alderdi islamista prest agertu zen hauteskundeak aurreratu eta bozetan parte hartzeko, «autokrazia» eragozte aldera. Ennahdak «elkarrizketa» eskatu dio presidenteari, eta salbuespen neurriak ahalik eta azkarren baztertzeko.

Ordu batzuk lehenago, Metxitxik bere kargugabetzea onartu zuen, eta botere eskualdatze «baketsua» iragarri, herritarren «segurtasuna babesteko».

Tunisiaren Bihotzak ere Saieden botere kontzentrazioa gaitzetsi du. Nabil Karui komunikazio arloko enpresari aberatsak gidatzen du alderdi sozialdemokrata, espetxetik. 2019an sartu zuten kartzelan, ustelkeria kasu batekin lotuta. Urte horretan, presidentetzarako bigarren itzulirako sailkatu zen, eta bigarren bozketa galdu egin zuen Saieden aurka.

Fiskaltza beste indar bat ere ikertzen ari da: Aitx Tunsi mugimendu politiko antisistema. Olfa Terras frantziar-tunisiarrak gidatzen du, eta diputatu bakarra du parlamentuan.

Ikerketak bai, baina horiek estatuari eta alderdi politiko guztiei buruzkoak izan daitezela eskatu ditu herrialdeko sindikatu nagusi UGTT Tunisiako Langileen Batasun Orokorrak. Finantza publikoen eta estatuko zorraren ikuskaritza osatua galdegin du. Horrez gain, Banku Zentralarieskatu dio alderdietara eta elkarteetara egindako transferentziak ezagutarazteko.

«Berme konstituzionalak»

Gardentasunaren aldeko neurriekin batera, salbuespenezko egoera politikoari mugak jartzeko ere eskatu dio sindikatuak presidenteari. «Berme konstituzionalak» exijitu ditu, salbuespen egoera kontrolatzeko eta indarrean izango den epea zehazteko. Ez du nahi presidentearen botere kontzentrazioa asko luzatzerik. Gatazka gainditzeko «bide orri parte hartzailea» galdegin du.

UGTT eragin handiko sindikatua da Tunisian. Ez soilik ordezkatzen duen langile kopuruagatik. Lehenago ere saiatu izan da estatuko krisi politikoetan ekarpenak egiten. 2013koan izandako jarrerarengatik, UGTTk eta beste hiru erakundek Bakearen Nobel saria jaso zuten.

LNB Legelarien Nazioarteko Batzordeak, berriz, atzera egiteko eskatu dio Saiedi. Haren ustez, presidenteak «boterea usurpatu» du parlamentuko jarduna eteteko eta gobernua desegiteko erabakiarekin. «Zuzenbide estatuaren kontrako eraso argia da», salatu du Said Benarbia LNBren Mediterraneoko eta Afrika Iparraldeko zuzendariak.

Europako Kontseiluak parlamentuko jarduna berreskuratzeko eta indarkeriarik ez erabiltzeko eskatu dio Tunisiako presidenteari.

Europak ezin du Tunisiako egoeraren aurrean «begira gelditu», aurretik «eskualdeko garai gatazkatsuetan egin duen bezala», Tarek Megeresi Kanpo Harremanetarako Europako Kontseilua think tank-eko ikertzailearen esanetan. «Europaren hutsuneak nahitaez eragingo luke inguruko beste botere batzuek Europaren atarian onura ateratzen saiatzea, Libian gertatu den moduan». Egoera hori eragozteko, Megeresik uste du EB Europako Batasunak Saiedi «atzera egiteko» eskatu behar diola. «Anbizio indibidualen gainetik, demokrazia sarituko duen irtenbidea» behar du EBk, haren arabera.

Saiedek joan den igandean erabaki zuen lehen ministroa kargutik kentzea eta parlamentuaren jarduna 30 egunez etetea. Aurreko egunean, protesta jendetsuak izan ziren Tunisiako hainbat hiritan gobernuaren kudeaketaren aurka. Herrialdea krisi ekonomiko sakonean da, eta COVID-19aren pandemiak are gehiago okertu du egoera. Presidentearen erabakiaren berri izandakoan, milaka herritarrek ospatu zuten erabakia kaleetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.