Kabulek agintea partekatzea eskaini die talibanei, erasoak eteteko asmoz

AEBek uste dute matxinoek hiru hilabete baino lehen hartuko dutela Kabul, eta enbaxada husteari ekin diote. Hamabi eskualde hiriburu daude talibanen esku. Pakistanek zail ikusten du akordioa

Kabulek agintea partekatzea eskaini die talibanei, erasoak eteteko asmoz.
Iosu Alberdi.
2021eko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Talibanek beste pauso bat eman dute, eta Ghazni, Qala-e-Naw eta Herat hartu. Azken hori hirugarrena da Afganistango hiririk populatuenetan. AEBetako Defentsa Departamentuko iturrien arabera, martxa horretan matxinoek Kabul bakartuta utz dezakete hilabete barru, eta hura hartu hiru hilabete baino lehen. Halakorik gerta ez dadin, Afganistango Gobernuak «boterea banatzea» proposatu die talibanei.

Qala-e-Naw eta Herat hiriak kostata hartu dituzte talibanek, Tolonews agentziaren arabera, armadak lehen saiakerak etetea lortu baitzuen. Ghazni, berriz, aise bereganatu dute, eta haren konkistak zeresana eman du. Agintariek salatu dute eskualdeko gobernadore Dawood Laghmanik tratu bat egin eta matxinoen esku utzi zuela. Hori baieztatu ez, baina hari Kabulerantz ihes egiteko «segurtasun baimena» eman izana jakainarazi dute matxinoek, eta, salaketak direla medio, Afganistango Gobernuaren menpeko lurretara iritsi bezain laster atxilotu dute gobernadorea.

Hala, herrialdeko 34 eskualdeetako hiriburuen herenak baino gehiago bereganatu dituzte talibanek: Farah eta Zaranj hego-mendebaldean; Xeberghan, Sar-e-Pul, Aibak, Pul-e-Khumri, Kunduz, Taloqan eta Faizabad iparraldean; Herat eta Qala-e-Naw ipar-mendebaldean; eta Ghazni hegoaldean. Hiri nagusietako batzuk ez ezik, ia 200 barruti, Kunduzko, Xeberghango eta Farahko aireportuak, eta muga pasabide ugari ere hartu dituzte. Denera, herrialdearen %60-85 inguru kontrolatzen dute.

Gainera, borrokek ez dute etenik: gatazkak izan ziren atzo bederatzi eskualdetan, Defentsa Ministerioaren arabera. Tarinkot matxinoen eskuetara igarotzear dago, Sputnik agentziaren esanetan, eta Kandaharren aurkako oldarraldia ere areagotu egin da. Hura talibanen kontrolgune nagusia izan zen joan den mendearen amaieran.

Afganistango Gobernuak egoera iraultzea lortu ezean, matxinoek 30 egun barru bakartu dezakete Kabul, eta bi edo hiru hilabete barru hura kontrolatu. AEBetako Defentsa Departamentuko iturrien iragarpenak dira horiek, The Washington Post-ek argitaratuak. Urrun daude, beraz, ekainean zituzten datuak: uste zuten sei eta hamabi hilabete arteko epea beharko zutela.

Horri aurre egiteko asmoz, Dohako elkarrizketetan «negoziazio zintzoak hasteko beharra» nabarmendu du HCNR Adiskidetze Nazionalerako Kontseilu Nagusiko presidente Abdullah Abdullahk. Hala, gobernuak proposamen bat egin die talibanei: agintea partekatzea, oldarraldi militarra etetearen truke.

Kabulen negoziazio taldeko eledun Najia Anwariren arabera, banaketa hori lortzeko «bide orria» da adostu beharrekoa: «Helburua hori bake elkarrizketetan eztabaidatzea da, gerra suntsitzaile honi amaiera emateko akordio politiko bat lortzeko».

Talibanek Dohan duten ordezkaritzak, ordea, ukatu egin du proposamenik jaso izana, eta azaldu du «konponbide negoziatu batekin konprometituta» daudela haiek: «Gure helburua ez da boterearen monopolioa lortzea».

Talibanek esandakoaren aldean oso bestelakoa da haien babesle nagusietako batek adierazi duena: Pakistango lehen ministro Imran Khanen ustez, matxinoek ez dute Afganistango Gobernuarekin mintzatzeko asmorik; ez, behintzat, Axraf Ghanik presidente karguan segitzen duen bitartean. Hala, «zailtzat» jo du Dohan aurrerapausorik ematea.

Islamabadek talibanengan duen eragina kontuan izanik,AEBetako Defentsa idazkari Lloyd Austinek haren gain jarri du arreta. Izan ere, Afganistanen eta Pakistanen arteko mugan talibanek dituzten gotorlekuen aurka ez egitea leporatu dio. Aurrez, Kabulek ere salatu izan du Pakistanen jarrera, eta matxinoak laguntzeaz akusatu du. Aninews agentziaren arabera, Kaxmirko Jaix-e-Mohammed eta Laxkar-e-Toiba talde armatu islamistek kide berriak errekrutatzen laguntzen diete talibanei.

Khanek, baina, kritikak itzuli dizkio Etxe Zuriari: «AEBek uste dute Pakistanek konpondu behar duela hogei urtez Afganistanen zabalduduten kaosa». Haren esanetan, talibanen artean AEBei gailendu izanaren sentsazioa zabaldu da, eta horrek Islamabaden «eragina» murriztu du. Halere, matxinoen eta Turkiaren arteko elkarrizketak sustatzeko prest dago, Kabulgo aireportuaren etorkizuna negoziatu dezaten. AEBetako tropak atera ostean, Turkiako armadaren esku geratuko da azpiegituraren kontrola.

«Neurri sendoak»

Pakistango eta AEBetako ordezkariak ez ezik, Errusiakoak eta Txinakoak ere Dohan daude. Haiei guztiei mintzatu zaie Abdullah, talibanen oldarraldiaren aurkako «neurri sendoak» eskatzeko. Izan ere, Kabulen arabera, matxinoek gerra krimenak eta giza eskubideen urraketak egin dituzte gatazka eremuetan.

Horrez gain, Washingtoni aire babesa mantentzeko eginiko eskaera ere berretsi dute. AEBetako Defentsa Departamentuko eledun John Kirbyren esanetan, baina, horiek ez dira «bideragarriak». Hala, Afganistango «lider politiko eta militarren» gain jarri du ardura, argudiatuta armadak 300.000 soldadu inguru dituela, eta talibanek, 73.000 miliziano.

Hori bai, Defentsa Departamentuak 3.000 soldadu gehiago bidaliko ditu Kabulera, behin-behinean. Haien helburua AEBek hirian duten enbaxadako langileen ebakuazioa bermatzea izango da, Kirby berak adierazi duenez. Halere, ezeztatu egin du enbaxada itxiko dutela.

NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, ia 400.000 desplazatu daude Afganistanen, eta uztailean mila zibil baino gehiago hil ziren. Gurutze Gorriak, berriz, 13.000 lagun artatu zituen epe berean; eta, abuztua hasi zenetik, 4.000 baino gehiago.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.