Albistea entzun

Haitiko lurrikararen ondorioz hildakoak 1.419 dira jada

Ospitaleak gainezka daude, milaka zauritu artatu ezinda. Gobernua erreskate lanak bizkortzen saiatzen ari da, 'Grace' zikloi tropikalaren iritsierak hondamendia handituko duen beldur
Erizainak zaurituak artatzen, Les Cayes hiriko ospitalearen kanpoaldean, erietxe barruan lekurik ez zegoelako, atzo.
Erizainak zaurituak artatzen, Les Cayes hiriko ospitalearen kanpoaldean, erietxe barruan lekurik ez zegoelako, atzo. ORLANDO BARRIA / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Julen Aperribai -

2021eko abuztuak 17

Erreskate eta bilaketa lanak bizkortu ahala, handitzen ari dira iragan larunbatean Haiti astindu zuen lurrikararen kalteak.  1.419 dira momentuz, baina etengabe gora egiten ari da zenbateko hori, eta hala jarraituko duela uste da, zauritu kopuru handia —gutxienez 6.900 lagun— eta eremuaren ezegonkortasuna direla eta. Izan ere, lurrikararen hainbat erreplika izan dira larunbataz geroztik Haitin, eta lehen dardarak eraitsi gabeko eraikin asko erortzeko arriskuan daude oraindik.

Hondakinen azpian geratutakoak bizirik ateratzeko beharrak ez ezik, Grace zikloi tropikalaren mehatxuak ere behartu du gobernua erreskate eta lehengoratze lanak azkartzera. NHC AEBetako Urakanen Zentro Nazionalaren aurreikuspenen arabera, bart gauean edo gaur goizaldean iritsiko da ekaitza Haitira eta Dominikar Errepublikara. Uhartera haizete gogorrak eta euriteak eramango dituela espero da, eta horien eraginez uholdeak izango direla. Bi herrialde horietan ez ezik, Jamaikan, Kuban eta Kaiman uharteetan ere nabarituko dutela iragarri zuen agentziak.

Ekaitzaren iritsierak hondamendia are gehiago zabalduko duen beldurra hedatzen ari da, orain arte lurrikarak izandako eragina zenbatekoa den jakiten zaila den honetan. Richter eskalan 7,2 gradura ere iritsi zen, USGS AEBetako Ikerketa Geologikorako Zentroaren arabera, duela 11 urte Port-au-Prince inguruan izandakoaren pare. Orduko hark 316.000 lagun hil zituen, eta erabat suntsitu zuen hiriburua.

Larunbatekoak Les Cayes hegoaldeko departamenduko hiriburuan eragin ditu hildako gehien. Lurrikararen epizentrotik 30 kilometro ingurura dago hiri hori, eta, gobernuak emandako datuen arabera, 60.000 familiari erasan die lurrikarak. Herrialdeko ingurunerik txiroenetarikoa da departamendu hori, eta hango herri batzuk bakartuta geratu dira, lurrikarak kalteak eragin zituelako zubi eta errepideetan. Jakinarazi dutenez, 37.300 etxe inguru guztiz suntsiturik daude, eta betse 46.000 kalte larriekin. 25 ospitaletan ere eragin du lurrikarak.

Edonola ere, zuzeneko ondorioak gogorren herrialdearen hegoaldean pairatu badituzte ere, ez da hondamenditik salbu den gunerik. Ospitaleak gainezka egotea da horren erakusle argienetako bat. Hondamendiak suntsitu edo jarduera etetera behartutako ospitaleetan ezin zutenez hartu zauriturik, gainerako erietxeek gainezka egin zuten berehala. «Oso garrantzitsuak diren instalazio asko ez daude erabilgarri, eta erabilgarri daudenak pazientez gainezka daude», azaldu zion Jerry Chandler Haitiko Segurtasun Zibileko Saileko zuzendariak Reuters berri agentziari igandean, eta ohartarazi zuen «arazo larria» dutela ospitaleetan. Haren hitzak berresten dituzten irudiak ere zabaldu dira. Besteak beste, herrialdearen ipar-mendebaldeko Jeremie hirikoak. Han, medikuek pazienteak kalean artatu dituzte, erietxean oherik gabe geratu zirelako.

Laguntza, zentralizatuta

Egunotako irudiek ezinbestean ekarri dute gogora 2010eko lurrikara. Bi hondamendien tamainak zerikusirik ez badu ere, lehen lurrikara hark eragindako krisi ekonomiko eta sozialaren ondorioak jasaten ari da oraindik Haiti. Indarkeria eta talde armatuen liskarrak ugaritu egin dira gobernuak boterea galtzeaz bat, eta, horrez gain, aspaldiko krisi politikorik gogorrena bideratzeko ahaleginetan ari da Ariel Henry buru duen exekutibo berria, uztail hasieran armatutako hainbat lagunek Jovenel Moise presidente ohia bere etxean hil zutenetik.

Henryk berak ere aipatu zuen duela hamar urte gertatutakoa, eta hitzeman «egokiagoa» izango dela oraingoan hondamendiaren kudeaketa. Nazioartetik heltzen diren laguntzak Segurtasun Zibileko Sailak kudeatuko dituela iragarri zuen Twitterren, erreskateak ere sail horrek antolatzen baititu. «Laguntza modu ordenatuan heltzea nahi dugu», azaldu zuen. Nazioartetik iritsitako laguntza zentralizatu, eta, hala, kontrolatu egin nahi du gobernuak, gobernuz kanpoko erakundeek dirua beste modu batera bideratzea eragozteko. Ez zen hala izan duela 11 urte, atzerritik heldutako funtsak kontrolik gabe kudeatu baitzituzten gobernuz kanpoko erakunde askok. Ustelkeria kasuak eta diru desbideratzeak agerian geratu ziren orduan, baita iritsitako laguntza modu ordenatuan kudeatzeko gobernuaren ezintasuna ere.

Orain arte heldutakoa banatzeko «ahalegina handituko» dutela ere iragarri zuen Henryk, «ahal beste biktimarengana» iristeko. Horretarako zailtasunak dituzte eremu kaltetuenetan, ordea; herrialdearen hego-mendebaldean, batik bat. Errepide asko etenda geratu dira, eta talde armatuek egoera baliatu dute eremuaren jabe egiteko. Sare sozialetan argitaratutako bideo batean, talde armatu bateko kide batek ziurtatu zuen Les Cayes hirirako eta haren ingururako sarbideetan ez zutela egingo erasorik. Segurtasun Zibileko Sailak jakinarazi zuen momentuz itsasontziz eta helikopteroz eramaten ari direla hornigaiak inguru horretara, baina lanean ari direla errepidetik hara iristeko modu seguru bat ezartzeko. Hain justu, Nazio Batuen Erakundeak atzo eskatu zion gobernuari korridore humanitario bat zabaltzeko, hornigaiak eramatean talde armatuen erasorik izan ez dadin.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Herritar batzuk gizon baten hilotza eramaten, atzo, Jeninen. ©ALAA BADARNEH / EFE

Israelgo indarrek gutxienez hamar palestinar erail dituzte bi erasotan, tiroz

Julen Otaegi Leonet - Mikel O. Iribar

Jenin hirian eta Jerusalem ekialdean oldartu dira militarrak. Armadako buruak «terrorismoaren kontrako jarduerekin» jarraitzeko agindu du

Josep Borrell EBko diplomaziaburua eta Naser Burita Marokoko Atzerri ministroa, hilaren 5eko bilkuraren ostean. ©J. M. / EFE

Marokoren eta EBren arteko harreman onak, mehatxupean

Ricard Gonzalez

Lehen informazioen arabera, badirudi Rabatek sortu zuela europarlamentuko ustelkeria trama. Eskandalu horrek gainezka eragin die bi aldeei, desadostasunen ondoren.
 ©Paolo Aguilar/ EFE

Dina Boluarteren aurkako zentsura mozioa aurkeztu dute

Berria

Peruko Kongresuko zenbait kideren arabera, presidentea «ez da gai» kargu horretan jarduteko

Malmer Stenergard Suediako Migrazio ministroa, Ylva Johansson Europako Batzordeko Barne komisarioa eta Gunnar Strommer Suediako Justizia ministroa, gaur, Stockholmen, EBko Barne ministroen bilkuraren aurretik ©PONTUS LUNDAHL / EFE

EBko estatu kideen arteko koordinazioa handitu nahi dute migratzaile gehiago kanporatzeko

Ander Perez Zala

Europako Batzordeak aurkezturiko plana aztertuko dute egunotan talde komunitarioko Barne ministroek. Asilorako eskubiderik ez duten iheslariak itzultzea du helburu.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...