Talibanek ohartarazi dute soldaduak ateratzeko epea «marra gorria» dela

Datorren astearteko epemuga berrikusteko prest azaldu da Biden: «Luzapenaz hitz egiten ari gara». Dagoeneko hogei lagun hil dira Kabulgo aireportuan, Afganistandik ihes egiteko ahaleginean

Herritarrak pilatuta Kabulgo aireportuaren kanpoan, barrura sartu ezinik, atzo. EFE.
Julen Aperribai.
2021eko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Afganistanen dituen tropen eta funtzionarioen ebakuazioa atzeratzeko aukera aztertzeko prest daude AEBak. Lehen aukera adostutako epemuga betetzea dela adierazi zuen herenegun Joe Biden presidenteak, baina aitortu zuen gaiaz «eztabaidatzen» ari direla: «Gure itxaropena da egonaldia luzatu behar ez izatea».Aukera hori mahai gainean izate hutsak atezuan jarri ditu talibanak, ordea, eta horrek izan ditzakeen «ondorioez» ohartarazi zieten AEBei eta gainerako atzerriko gobernuei. Ezarritako data «marra gorria» dela adierazi zuen Suhail Xanin bozeramaileak, eta epemuga luzatzeak «okupazioak luzapena» izango duela esan nahi duela, horretarako beharrik ez dagoen arren. «AEBak eta Erresuma Batua ebakuazioekin jarraitzeko denbora irabazi nahian ari badira, ezezkoa da gure erantzuna. Hala egiten badute, ondorioak izango dira», gaineratu zuen.

Halaber, ziurtatu zuen hilaren 31tik aurrera herrialdetik ihes egiteko aukera izango dutela hala nahi dutenek, betiere horretarako beharrezkoa duten dokumentazioa aurkezten badute.

Gobernuaren osaketarako baldintza ere izango da epemuga hori betetzea, mugimendu islamistako iturriek AFP agentziari adierazitakoaren arabera: «Erabaki dugu gobernu berriaren osaketa ez dugula iragarriko Afganistanen soldadu estatubatuar bakar bat dagoen bitartean».

Ebakuazioa luzatzeko presio egiten ari zaizkio Mendebaldeko aliatuak Etxe Zuriari, Kabulgo aireportuan dagoen anabasa ikusita.Talibanak boterera heldu zirenetik, milaka afganiarrek jo dute bertara, herrialdetik atereak izateko itxaropenez. Ahalegin horretan gutxienez hogei lagun hil dira dagoeneko, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko iturri batek Reuters berri agentziari adierazi zionez. Agentzia horrek berak jakinarazi zuen tiroketa bat izan zela atzo goizaldean aireportuan. «Identifikatu gabeko» zenbait lagunek aireportua zaintzen ari ziren soldadu afganiarrei tiro egin zietela zabaldu zuen, eta horietako bat hil zutela. CNN telebista katearen arabera, frankotiratzaile batek zaindariei tiro egin zienean hasi zen tiroketa. Alemaniako eta AEBetako soldaduak ere baziren tartean, Alemaniako armadak Twitterren jarri zuenez.

Iheslarien pilaketek nahiz aireportuko segurtasun arazoek zaildu egin diete AEBei handik atera nahi dituen herritarren ebakuazioa, eta, astebetean 28.000 lagun inguru atera baditu ere, oraindik 10.000 soldadu estatubatuar baino gehiago daude Afganistanen. Horiez gain, 50.000 eta 65.000 afganiar artean atera nahi ditu Etxe Zuriak. Ebakuazio erritmoa azkartu egin du azken egunetan. Atzerako kontaketak behartu du horretara, baina baita EI Estatu Islamikoak aireportuari eraso egingo dion susmoak ere. Integristek horretarako asmoa izan dezaketela adierazi zuen Jake SullivanAEBetako Segurtasun Nazionalerako aholkulariak. «Mehatxua benetakoa eta larria da». Haren hitzak baieztatu zituen Bidenek, nabarmenduz muturreko islamistek egoera «baliatu» nahi dutela aireportuari eraso egiteko.

Mendebaldeko potentziak Afganistandik nola ihes egin pentsatzen ari diren bitartean, haien arerio politikoak egoera nola aprobetxatu pentsatzen ari dira. Nazioarteko tropen irteera gobernu «inklusibo» bat eratzeko aukera gisa hartzeko eskatu zuen atzo Irango Atzerri Ministerioak. Bi herrialdeentzat da garrantzitsua elkarren arteko harreman komertziala. Horren erakusle da Teheran berriz ere Afganistanera erregaia esportatzen hasi izana, talibanek hala eskatuta.

Azken gotorlekua

Astebete da talibanek boterea hartu zutela, baina oraindik ere haien nagusitasuna ez da erabatekoa herrialde osoan. Iragan ostiralean, Amrula Sale presidenteorde ohiaren aldeko indarrek jakinarazi zuten talibanei kontraerasoa jo zietela Baglan probintzian, eta hiru barrutitatik —Banu, Pol-e Hesar eta De Saleh— kanporatzea lortu zutela. Atzo, talibanen bozeramaile Zabihula Muyahidek Twitterren jakinarazi zuen berriz ere euren esku daudela hiru barruti horiek, eta talibanek kontrolpean ez duten probintzia bakarreko —Panjxir— egoera «konpondu» nahian ari direla.

Probintzia horretan gotortuta dago Afganistango Erresistentzia Frontea, Ahmad Masud buru duela. Milizia horretako kideei armak entregatzeko agindu zieten herenegun talibanek, eta hiru orduko epea eman. Muyahidek atzo esan zuen «etsaia setiatua» zutela, eta inguratua zutela eremua. Hala ere, hango gatazka «modu baketsuan» konpondu nahi dutela adierazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.