SEADek ezinezkotzat jo du Marokorekin irtenbide baketsu bat adostea

Rabaten «krimenei» entzungor egitea leporatu dio Ghalik nazioarteari. Salatu dute Sultana Khaia ekintzaile sahararra jipoitu eta bortxatu egin dutela. Khaiak urtebete darama etxeko atxiloaldian

Fronte Polisarioko soldaduak Mahbesen, Mendebaldeko Saharan. Urtebete da Polisarioak gerra egoera ezarri zuela, Marokoren erasoei erantzunez. MANUEL LORENZO / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Azaroaren 14an bete zen urtebete Fronte Polisarioak 1991ko su-etena hautsitzat eman eta gerra egoera ezarri zuela, eta, geroztik, egoerak okerrera egin du. SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko presidente Brahim Ghalik ohartarazi zuen herenegun Fronte Polisarioak ez duela inolako bake prozesurik abiatuko, Marokok «krimenak» eten ezean. Adierazpenok NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterresi zuzendutako idatzi batean egin zituen Ghalik, eta leporatu zion nazioarteko erakundeari beste aldera begiratzea.

Gogor egin zuen Ghalik nazioartearen isiltasunaren aurka: «Saharar zibilen aurkako Marokoren krimen ankerrek zigorrik gabe daude oraindik, eta kolokan jarri dute NBEk bultzatutako bake prozesua, eta atea itxi diote Mendebaldeko Sahararen deskolonizazio baketsuari». SEADeko presidentearen esanetan, zentzugabea da bake prozesua berriz abian jartzeaz hitz egitea, Rabatek giza eskubideen aldeko ekintzaileak jazartzen jarraitzen duen bitartean.

Adibide argi bat ere aipatu zuen Ghalik: Sultana Khaiaren kasua. Khaiak urtebete pasa darama etxeko atxiloaldian, amarekin eta ahizparekin batera. Giza Eskubideen Saharar Elkarteko presidentea da Khaia, eta iazko azaroaren 19tik atxiloaldian dago. Egunean 24 orduz ditu soldaduak bere etxe atarian, eta, gertukoek salatudutenez, argindarrik eta Interneterako sarbiderik gabe daude. Equipe Mediak zabaldu duenez, igande goizaldean Marokoko segurtasun indarrak familiaren etxera sartu ziren, eta hiru emakumeak jipoitu eta bortxatu zituzten. Ez da lehen aldia halako eraso bat salatzen dutena, azaroan ere gauza bera egin zuten. Oraingo honetan, baina, substantzia ezezagun bat arnastera behartu zuten Khaia, eta ondoren gai toxiko bat bota zuten ur edukiontzian. Etxeko teilaturako sarrera ere itxi zuten, Khaia eta bere ahizpak Mendebaldeko Saharako bandera astindu ez zezaten—bi emakumeak egunero igotzen dira teilatura banderarekin—.

«Inork ezin du espero izan Fronte Polisarioa bake prozesuarekin konprometitzea, Marokok lurralde okupatuetan izua zabaltzen jarraitzen duen bitartean, eta NBEk bidegabeko isiltasunari eusten dion artean», salatu zuen Ghalik, eta eskatu zion Guterresi eta NBEko Segurtasun Kontseiluari amai ditzatela Khaiak eta giza eskubideen aldeko ekintzaileek egunero jasan behar dituzten «izugarrikeriak», babes ditzatela ekintzaileok «Marokoren erasoetatik», eta egin ditzatela urratsak Marokok preso politiko guztiak aska ditzan, tartean Gdeim Iziken atzemandakoak.

SEADeko presidenteak ultimatuma eman zion NBEri ere, eta ohartarazi zion nazioarteak egoera bideratzeko beharrezko urratsak egiten ez baditu Polisarioak eskura dituen aukerak baliatu beharko dituela, hau da, Minurso Mendebaldeko Saharan Erreferenduma Antolatzeko Nazio Batuen Misioarekiko elkarlana amaitzea eta bake prozesua alde batera uztea.

Autodeterminazioa

Marokoren aurkako neurriak hartzeaz gain, Mendebaldeko Sahararen autodeterminaziorako urratsak ere eskatu zituen Ghalik NBEri bidalitako idatzian. Aldehorretatik, Aljeriako Gobernuaren babes osoa du SEADak. Aljerrek NBEn duen ordezkariak joan den urrian iragarri zuen ez zutela parte hartuko Marokorekiko bake negoziazioetan, argudiatuta egun elkarrizketak ez direa gatazka konpontzeko «bide eraginkorrak».

1991ko bake akordioen ondoren sortu zuen NBEk Minurso misioa, erreferenduma antolatzeko helburuarekin; baina, hiru hamarkadaren ondoren, gatazkak bere horretan jarraitzen du. Marokok Mendebalko Sahararen gaineko subiranotasuna aldarrikatu du, behin eta berriz, eta salatu du eskualdekoa «gatzka artifizial bat» dela, Aljeriako Gobernuak eta Fronte Polisarioak sustatutakoa. Iazko abenduan, gainera, AEBetako Gobernuak Rabaten jarrera berretsi zuen, argudiatuz Mendebaldeko Sahara lurralde autonomo bilakatzea dela «bake iraunkor baterako irtenbide sinesgarri eta errealista bakarra».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.