Seigarren aldiz berritu dute Nafarroako Hitzarmen Ekonomikoa

Aurreko astean zehaztu bezala, Hitzarmen Ekonomikoa berritu zuen atzo Madrilen eta Nafarroaren arteko negoziazio batzordeak. 1990ean Hitzarmen Ekonomikoa onartu zenetik Hitzarmen Ekonomikoan egin den seigarren aldaketa da. Aurretik Kontzertu Ekonomikoak hartutako bide beretik, zerga eta finantza arloko aldaketa esanguratsuak dakartza: alde batetik, Nafarroak bere gain hartuko ditu Tobin eta Google tasen eta merkataritza elektronikoko BEZaren bilketak. Bestetik, finantza arloan, BEZaren bilketa doitzeko formula berritu dute. Bere garaian, Jaurlaritzak esan zuen zerga berriekin 220 milioi biltzea espero duela; aldiz, Nafarroako Gobernuak ez zuen zifrarik eman nahi izan.
Telematikoki egin zen negoziazio batzordearen bilera. Batzordean, Nafarroaren aldean, parlamentuko talde guztiek dute ordezkaritza. Hala, Nafarroak aste honetan bertan bide emango dio 1990eko Hitzarmen Ekonomikoaren Legearen aldaketari; atzo bertan aurrera atera zuen gobernu kontseiluak, eta etzi aho batez onartuko du parlamentuko osoko bilkuran. Espainian, berriz, lehenik, Ministroen Kontseiluak aurreproiektu bidez onartu beharko du, eta, ondoren, Gorteek baiezkoa eman beharko diote. Ez da ustekaberik espero.
«Espainiako Gobernuaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko harreman onen adierazle da, eta, Nafarroari dagokionez, luzaroan bilatutako helburua bete da», adierazi zuen Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariak. Haren ustez, autogobernuaren «DNA da Hitzarmen Ekonomikoa», eta akordioak haren «heldutasuna eta egonkortasuna» islatzen ditu. Saizek uste du «urrats esanguratsua» egin dela, eta balioko duela 2021etik 2024ra arteko ekarpenaren kalkulua hitzartzeko. Ez zen ausartu esatera noiz.
Azkena, 2015ean
31 urteotan guztiotan, sei aldiz berritu dute Hitzarmen Ekonomikoa: 1993an, 1998an, 2003an, 2007an, 2015ean eta orain. Aurreko akordioan, VWen BEZaren harira sortutako arrakala handia konpondu ahal izan zuten bi gobernuek —garai hartan, biak eskuinaren kontrolpean zeuden—.
Aurretik, Kontzertu Ekonomikoaren berritzean hitzartu bezala, Tobin tasaren eta Google tasaren bilketa bere gain hartuko du Nafarroako Ogasunak. Bi kasuetan, bilketaren konexio puntuak adostu dituzte. Finantza transakzioen gaineko tasak burtsan 1.000 milioi eurotik gorako kapitalizazioa duten enpresen akzio salerosketak zergapetzen ditu, eta akordioak zehaztu du akzioak bereganatzen diren enpresen egoitza izango dela zergaren konexio puntua; hots, Nafarroan egoitza duten enpresen akzioen salerosketaren ordaina jasoko du foru ogasunak. Zehazki, Viscofanen akzioen salerosketari (2.700 milioi inguruko kapitalizazioa) etekina atera ahal izango dio.
Google tasak %3ko zerga ezartzen die Interneteko publizitate, bitartekaritza eta datu transmisiorako zerbitzu digital handiei. Zerbitzu horietan parte hartzen duen erabiltzailea Nafarroakoa bada, Nafarroan pagatuko du zerga.
Merkataritza elektronikoaren BEZari dagokionez, kontsumoaren lurraldea izango da ordainketarako irizpidea. Oscar Martinez Bujanda Ogasuneko zuzendariaren arabera, Europatik dator aldaketa, eta merkataritza elektronikoan aritzen diren enpresek erregimen berezi horretan ordaintzeko aukera izango dute: «Kudeaketa eta kontrola erraztuko ditu. Leihatila bakarra ezarriko da. Euren ogasunari ordainduko diote, baina, eroslearen herrialdeko BEZaren arabera egin behar denez, horrek esan nahi du gero herrialdeek euren artean diru mugimenduak egin behar dituztela, bildutakoa operazioa egin deneko herrialdera joan dadin». Alor horretan ere, Nafarroaren eta estatuaren arteko diru mugimenduak doitu egingo dira, eta, horretarako, Nafarroako kontsumoaren ehuneko erlatiboa hartuko da aintzat.
Beste hainbat aldaketa egin dira. Errenta zergan, telelanean arituz edo hainbat lurraldetan lan eginez gero, atxikipenak egiteko erreferentzia enpresaren egoitza izango da. Gainera, BEZean eta sozietate zergan, gutxienez operazioen %75 Nafarroan egiten dituzten enpresen zerga biltzeko ardura izango du foru ogasunak; orain arte %100 izan behar ziren.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.