Putinek esan du ulertzen duela Xi arduratuta egotea Ukrainako gerraz

Errusiako presidenteak Txinakoa goratu du gatazkaren inguruan jarrera «orekatua» izategatik. Xik Putini berretsi dio bi herrialdeek elkarrekin lan egin behar dutela, mundu «kaotikoaren» liderrak izateko

Vladimir Putin Errusiako presidentea eta Xi Jinping Txinakoa, atzo, Uzbekistanen egindako goi bileran. ALEXANDR DEMYANCHUK / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Errusiak joan den otsailaren 24an Ukrainako inbasioa hasi zuenetik lehenengoz batzartu ziren atzo Vladimir Putin Errusiako presidentea eta Xi Jinping Txinakoa, aurrez aurre, Uzbekistanen. Bi agintariek Errusiako armada Ukrainan egiten ari den «operazio militar berezia» izan zuten hizpide, besteak beste. Bada, Putinek esan zuen ulertzen zuela Xik «zalantzak izatea eta arduratuta egotea» Ukrainako gerraz. Halere, Txinako mandataria goratu zuen, gatazkari buruz jarrera «orekatua» edukitzeagatik. Putinek eta Xik SCO Shanghaiko Lankidetza Erakundearen goi bileran parte hartu zuten, Indiako, Kazakhstango, Kirgizistango, Pakistango, Tajikistango eta Uzbekistango agintariekin batera.

Otsailaren 4an bildu ziren azkenekoz Xi eta Putin; Txinak eta Errusiak elkar babesten zutela berretsi zuten, baita atzo ere. Hain zuzen, Xik esan zuen Asiako erraldoia prest dagoela munduko herrialderik handienarekin lanean jarraitzeko: potentzia gisa duen erantzukizuna bere gain hartzeko eta mundu «kaotikoan» liderrak izateko. Putin, berriz, AEB Ameriketako Estatu Batuei zuzendu zitzaien, gogor: «Mundu polobakarra eratzeko saiakerak erabat onartezinak dira». Hala jaso zuen TASS Errusiako berri agentziak. Bestalde, bi herrialdeen arteko merkataritzak gora egin du nabarmen, Txinatik inportazioak ugaritu direlako;%35 hazi ziren iaz.

Jarrera «probokatzailea»

Mendebaldearen kritika ugari jaso ditu Pekinek, Errusiaren operazioa ez gaitzesteagatik. Ned Price AEBetako Estatu Departamentuko bozeramaileari «bitxia» iruditu zaio Putinek esatea Xik «zalantzak» dituela Ukrainako gerrarekin. «Bitxia da hain modu irekian onartu izana».

Ukrainako gerraz gain, bi presidenteek Taiwango aferaz ere hitz egin zuten. Putinek esan zuen Errusiak bat egiten duela «Txina bakarra» politikarekin, eta jarrera «probokatzailea» izatea leporatu zien AEBei eta haien aliatuei.

Pekinek ariketa militarrak egin zituen joan den hilean Taiwanen inguruan, AEBetako Ordezkarien Ganberako presidente Nancy Pelosik uhartea bisitatu ondotik. Harrabotsa handia sortu zuen horrek. Taiwaingo Gobernuak, berriz, gogor arbuiatu ditu Txinaren subiranotasun aldarrikapenak.

Mendebaldea Errusiako energiarekiko menpekotasuna murrizten saiatzen ari den bitartean, Mosku Asiara energia esportazioak handitzen ahalegintzen ari da. Zehazki, gasbide bat eraiki nahi du Mongoliatik barrena, Txinara heltzeko; 50.000 milioi metro kubiko gas garraiatuko lituzke urtean. Mongoliako presidente Ukhnaagiin Khurelsukhek egitasmoa babestu zuen atzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.