Gerra Ukrainan
Alemaniak atea ireki dio bere baimenik gabe Leopard 2 tankeak Ukrainara bidaltzeari

Mendebaldeko aliatu gehienen aldetik presio diplomatiko handia jasaten ari da Alemania 1970eko hamarkadaren amaieraz geroztik fabrikatzen dituen Leopard 2 tankeak Ukrainara bidal ditzan, edo, gutxienez, horiek dituzten beste herrialde batzuei gatazkara eramateko baimena eman diezaien. Izan ere, lizentzia akordioen arabera, Berlinen baimenik gabe ezin dituzte ibilgailu horiek herrialde batetik bestera lekualdatu, horien ekoizlea izaki.
Halere, Alemaniak atea ireki dio bere onespenik gabe mugimendu horiek egiteari. Finlandiak eta Poloniak azken egunetan adierazi dute Leopard 2 batzuk Ukrainari entregatzeko prest daudela, eta, horri buruz galdetuta, Annalena Baerbock Alemaniako Atzerri ministroak herenegun LCI Frantziako telebista katean nabarmendu zuen ez dutela oztoporik jarriko halako tankeak dituzten herrialdeek planteatzen baldin badiete gatazkara eramatea. Eta Mateusz Morawiecki Poloniako lehen ministroak atzo jakinarazi zuen laster egingo dutela eskaera formala.
Alde horretatik, duela egun batzuk baino argiagoa da Alemaniaren jarrera. Joan den ostiralean, Kievi laguntza militarra ematen dioten herrialdeak koordinatzen dituen Ukrainaren Defentsarako Bitartekarien Taldeak bilera egin eta gero, Boris Pistorius Alemaniako Defentsa ministroak azaldu zuen zalantzak zituela tankeak bidaltzearen inguruan. Baina herenegun adierazi zuen, ordea, «argi» ikusten duela Ukrainak tankeak behar dituela, eta Olaf Scholz kantzilerrak «laster» hartuko duela horri buruzko erabaki bat. Pistorius eta Jens Stoltenberg NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusia gaur dira batzartzekoak.
Ukrainako Gobernuak azken egunetan esan du ibilgailu blindatu horiek «azkar» behar dituela, argudiatuta Mendebaldearen «erabakitasunik ezaren ondorioz» gero eta ukrainar gehiago ari direla hiltzen.
Tradizio antimilitarista
Berlinen jarrera aztertzeko orduan aintzat hartu behar da, gainera, Scholzen SPD Alemaniako Alderdi Sozialdemokrataren tradizio antimilitarista, baita errezeloak agertu dituela ere tankeak bidaltzeko garaian, irudituta horrek gerra koska bat areagotu dezakeela. Dena den, Pistoriusek esan zuen ostiraleko bileraren ondoren ez diola muzin egiten tankeak bidaltzeari, «aliatuekin akordio bat eginez gero». Eta, herenegun, ARD Alemaniako telebista publikoan azpimarratu zuen ez dagoela garbi tankeak nork emango dizkion Ukrainari: edo Alemaniak edo «ekarpen bat» egin nahi duten beste herrialde batzuek.
Erresuma Batuak jakinarazi zuen, lehengo astean, hamalau Challenguer 2 tanke bidaliko dituela Ukrainara, eta Alemaniako zenbait hedabidek kaleratu zuten Berlinek Leopard 2 tankeak bidaliko zituela AEBek ere Abrams tankeak bidaltzen baldin bazituzten. Washingtonek jakinarazi zuen oraingoz ez duela horretarako asmorik, eta Alemaniak informazio hori gezurtatu zuen. Dena den, Scholzek hau esan zion, lehengo astean, Bloomberg hedabideari: «Gure aliatuekin eta adiskideekin batera jokatzen dugu beti, inoiz ez bakarrik».
Scholz Emmanuel Macron Frantziako presidentearekin batzartu zen, herenegun, Parisen, eta ondorengo agerraldian nabarmendu zuten tankeak bidaltzeko baldintzetako bat dela aliatuek erabaki hori adostea. Bide batez, Macronek iragarri zuen ez duela baztertzen Ukrainari Frantziako armadaren Leclerc tankeak entregatzea.
Horrekin guztiarekin lotuta, EB Europako Batasuneko estatuetako Atzerri ministroek atzo onartu zuten 500 milioi euroko diru sail batekin arlo militarrean hornitzea Ukraina. Inbasioa hasi zenez geroztiko zazpigarren saila da.
«Ehunka tanke» eskatu ditu
Ukrainak eskerrak eman dizkio Mendebaldeari ematen ari zaion laguntza militarragatik, baina arma gehiago nahi ditu. Volodomir Zelenski presidentearen kabineteburu Andrei Yermakek adierazi zuen, atzo, «ehunka tanke» behar dituztela gerrarako, «eta ez soilik hamar edo hogei». Valeri Zaluzhni Ukrainako armadaren buruzagiak abenduan esan zuen NATOko herrialdeen 300 bat tanke behar dituztela Errusiak hartutako lur guztiak berreskuratzeko. Mendebaldeko hainbat adituren arabera, berriz, ehun nahikoa izango lirateke horretarako. 2.000 bat Leopard 2 tanke daude Europan.
Errusia, berriz, ohartarazten ari da Ukrainara tankeak bidaltzeak ondorio negatiboak izango lituzkeela, oro har, eta Sergei Riabkov Atzerri ministrordeak azpimarratu zuen, atzo, gatazka areagotzea «biderik arriskutsuena» dela.
Bestalde, Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek baztertu egin zuen atzo Suediaren hautagaitza babestea NATOn sartzeko, iragan larunbatean ultraeskuindar batek Korana erre ondotik, Stockholmen. Jarrera aldatzeko eskatu zion Erdoganek Suediari.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.