Albistea entzun

Frantziako Gobernuak zentsura mozioa doi-doi gainditu ondoren, erretreten erreforma onartuta geratu da

Nupes ezkerreko koalizioko diputatuak gobernuaren eta haren errtretaren erreformaren aurkako kartelekin, atzo, Frantziako Asanblean.
Nupes ezkerreko koalizioko diputatuak gobernuaren eta haren errtretaren erreformaren aurkako kartelekin, atzo, Frantziako Asanblean. TERESA SUAREZ / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Iker Aranburu -

2023ko martxoak 21

Erretretaren erreforma parlamentuan geratzeko azken saioak huts egin du, baina gehiago ahuldu du Frantziako Gobernuaren kapital politikoa. Frantziako Asanbleak bederatzi boto eskasengatik bota du atzera erreforma oztopatzeko Elisabeth Borneren gobernuaren aurka jarritako bi zentsura mozioetako bat: 287 boto behar ziren aurrera egiteko, eta LIOT taldeak aurkeztutakoak 278 jaso ditu. Horien artean zeuden LR Errepublikanoak eskuineko alderdiko hemeretzi diputatu. Babes gutxiago jaso du, berriz, RN Batasun Nazionala eskuin muturreko alderdiaren zentsura mozioak: aldeko 94 boto.

Frantziako Gobernuak zentsura mozioak gainditzeak esan nahi du onartuta geratu dela Ipar Euskal Herrian eta Frantzian erretretaren adina 62 urtetik 64ra atzeratzen duen legegaia. Ez da, ordea, automatikoki indarrean jarriko, horretarako Emmanuel Macron presidentearen sinadura behar baita. Ez sinatzeko eskatu ditu oposizioak, herritar gehienak aurka daudelakoan.

Onartua izan arren inoiz indarrean jarri ez den lege baten aurrekari bat badago: CPE kontratuarena. 2006ko apirilaren 2an agertu zen agerkari ofizialean, baina Jacques Chirac orduko presidenteak egun gutxira erabaki zuen zakarrontzira botatzea, haren aurkako protestak apaltzen ez zirela ikusita.

Kontseilu Konstituzionalak ere erabaki dezake behin-behinean erreforma geraraztea. Oposizioko alderdiek harengana joko dutela iragarri dute, prozedura arazoengatik. Izan ere, gobernuak, eztabaida laburtu nahian, Gizarte Segurantzaren finantzaketa legearen zuzenketa gisa planteatu zuen, eta ez lege proiektu arrunt baten gisa.

Bada beste bide bat erretretaren adin ofiziala 62 urtetik 64ra atzeratzen duen erreforma gerarazteko: erreferenduma. Ez da espero halakorik egitea Emmanuel Macron presidenteak, ia ziurra baita alde handiz galduko duela. Baina Nupes ezkerreko koalizioak ekinaldi partekatuko erreferendum bat bultzatu nahi du. Hori egin ahal izateko, 185 parlamentariren eta 4,7 milioi hautesleren sinadura beharko luke. Luze jo dezakeen bide bat da, baina dagoeneko abian da. 250 diputatu eta senatarik erreferenduma abiarazteko baimena eskatu zioten atzo arratsaldean Kontseilu Konstituzionalari berari. Ez da ziurra baimena ematea, araudiak esaten baitu lege batek gutxienez urtebetez egon behar duela indarrean hari buruzko erreferendum bat egin nahi bada.

Borneren kargua, kolokan

Mozioak garaitu dituen arren, egoera ahulean geratu da gobernua. Erretretaren erreformaren moduko aldaketa handi eta eztabaidatu bat parlamentuaren bozketarik gabe onartu izanak sutan jarri ditu kalean erreforma salatu dutenak, baina, gainera, are gehiago bakartu ditu politikoki Macron eta haren ingurukoak.

Bereziki ahula da Borneren posizioa. Hala ere, lehen ministroak iragarri du ez duela gobernua geraraziko, eta jarraitu egingo duela lege proiektuak aurkezten eta parlamentura eramaten. Karguan jarraituko balu ere, ikusteko dago zer aukera duten proiektu horiek aurrera egiteko. Gehiengo osorako ia 40 diputatu behar ditu, eta argi geratu da nekez fio daitekeela boto horiek eman diezazkiokeen LR alderdiarekin.

Haien buruzagitzarekin negoziatu eta adostu zuen erretretaren erreforma, baina talde parlamentarioaren erdiaren sustengua baizik ziurtatzerik ez zuenez, bozketa egiteko arriskurik ez hartzea erabaki zuen Macronek. Mozioak LRko hemeretzi diputatuen babesa jaso izanak erakusten du eskuineko diputatu asko ez daudela buruzagitzaren aginduak jasotzeko prest, eta gobernua botatzea dutela lehentasun.

Bozketaren ondoren, Marine Le Pen RNko buruzagiak Borneren dimisioa galdegin zuen. Bide horretatik jo zuen Mathilde Panot LFI Frantzia Intsumisoko talde parlamentarioko buruak ere: «Gobernua jada hilda dago frantziarren begietara. Ez du inolako legitimitaterik».

Krisi politikotik ateratzen saiatzeko modu bat izan daiteke Macronek Borne botatzea, baina analista askok nabarmendu dute ezer gutxi konponduko lukeela egoera, presidentearen beraren jarrera delako adostasunerako oztopoa. Macron atzo iluntzean bildu zen Bornerekin, eta gaur goizean jasoko ditu bere aldeko hiru alderdiak. Hurrengo egunotan hitz egitea espero da.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Fagor Ederlaneko langile bat, Bergarako fabrikan. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Azkenean, legean jaso gabe geratu da kooperatibisten kotizazio eredua

Aitor Biain

Pentsioen erreformaren tramitazioa baliatu nahi zuten eredu mistoa testuari eransteko, baina ezbaian geratu da legealdia eten denez. Bazkideek Gizarte Segurantzan eta Lagun Aron kotizatzen dute
Amazonek azpikontratatutako langileak protestan. ©ELA

Amazonen azpikontrata batek 61 langile kaleratu ditu Gipuzkoan

Iñaut Matauko Rada

Akordiorik gabe amaitu da enplegu erregulazio espedientea. ELAk erakunde publikoen permisibitatea salatu du.

Eguzki plakak Zumarragako etxe baten teilatuan ©Andoni Canellada (Foku)

Autokontsumo energetikoa sustatzeko legea onartu du Eusko Legebiltzarrak

Jokin Sagarzazu

Eraikinetan eguzki plakak jartzeko eta auto elektrikoak kargatzeko instalazioetarako ez da obra lizentziarik beharko.

Michelinek Lasarte-Orian duen lantegiko sarrera ©Jon Urbe (Foku)

Lasarte-Oriako Michelinen lau greba egun egingo dituzte

Jokin Sagarzazu

Soldata kontzeptu guztiak inflazioarekin lotzeko eskatu dute sindikatuek. Astelehenean manifestazioa egingo dute hiriko kaleetan. Gasteizko plantan ere deitu dute grebara, hurrengo astean.

 

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...