Trumpek gerra komertziala hauspotu du, muga zerga gehiago jarriz

Etxe Zuriak beste tarifa sorta bat jarriko dio Txinari, 170.000 milioi eurorena. Pekinek «'bullying' komertzialtzat» jo du, eta «beharrezko neurriak» iragarri ditu. Asiako burtsek galerak izan dituzte

Merkataritza edukiontziak Bostongo portuan (AEB), atzo. CJ GUNTHER / EFE.
Jon Fernandez.
2018ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Bigarren kolpea lehenengoa baino askoz handiagoa izan da. Txinaren kontrako gerra komertzialaren lehen bataila hasi berritan, bigarrena jarri du abian Donald Trumpek. Lehen erasoa joan den barikuan egin zuen: orduan sartu ziren indarrean Txinaren inportazioen kontrako %25eko muga zergak, 28.900 milioi eurorenak. Txinak tamaina bereko erantzuna iragarri zuen, AEBetako inportazioei muga zergak jarriz, nagusiki elikagaiei. Eta lau egun behar izan ditu Trumpek ia sei aldiz handiagoa den kolpe bat bueltatzeko Pekini: oraingoan %10eko tarifak ezarriko dizkio Txinako beste produktu zerrenda luze bati, 170.480 milioi eurorenak.

Haserre, oso haserre daude Pekinen. «Bullying komertziala» egitea leporatu dio Hua Chunying Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaileak AEBetako presidenteari. «Zentzua galdu du, eta oso arriskutsua da», gaineratu du.

Aurrekoarekin egin bezala, Xi Jinpingen gobernuak «onartezintzat» jo du muga zerga sorta berria, eta iragarri du «beharrezko neurriak» hartuko dituela. «AEBen jarrerak kalte egiten die Txinari, munduari, eta Ameriketako Estatu Batuei berei. Jokamolde irrazional honek ezin du babesik izan», adierazi du Txinako Merkataritzako Ministerioko ordezkariak.

«Beharrezko neurriak» aipatu arren, Pekinek ez du zehaztu zeintzuk izango diren: AEBetako inportazioen kontrako muga zerga gehiago izan daitezke, baina hori baino zabalagoa izan daiteke erantzuna. Baliteke, gainera, iragarri ere ez egitea kontraeraso neurriak, baina AEBetako enpresek eta kontsumitzaileek igartzea.

Azken asteetan, dagoeneko, Txinako mugetan kontrol bereziak egiten hasi dira AEBetako produktu jakin batzuei, balizko osasun arazoengatik. Pekinek ikuskaritza bereziak eta arazo administratiboak jar diezazkieke produktu estatubatuarrei, konpainiei kalte egiteko.

Halaber, Txinan lan egiten duten edo hango merkatuan saltzen duten AEBetako konpainiei baimenak izoztu diezazkieke, edo lehendik eskatutako produktuen entregak atzeratu; adibidez, Boeingen bidaiarientzako hegazkinenak.

Tiroa beraien oinera

«AEBek beraien oinera egin dute tiro», ohartarazi du Hua Chunyingek. Izan ere, AEBetako konpainia handi batzuek gehiago saltzen dute Txinan AEBetan baino: esaterako, General Motorsek eta Applek. Gainera, Txinaren esportazio teknologikoen bi heren atzerriko konpainiek Asiako herrialdean ekoitzitako produktuenak dira. Gerra komertzial gogorrak Txinari bakarrik ez, AEBei ere egingo lieke kalte.

Washingtonen muga zergen zerrenda berriak 200 orrialdetik gora dauzka, eta aurrekoak baino eragin handiagoa izango du kontsumitzaile estatubatuarren poltsikoetan. Etxe Zuriak Txinako produktu ugariri ezarriko dizkie %10eko tarifak: besteak beste, frutei eta barazkiei, zerealei, animalietatik eratorritako produktuei, egurrari, itsasontziei eta eraikuntzako materialei, produktu kimikoei, erregaiei, tabakoari eta alkoholari, ehungintzari, erantzungailu automatikoei, eta argazkigintzako eta bideogintzako materialei.

Tarifa berrien zerrendak beldurra eragin du burtsetan. Asiako burtsek galerak izan dituzte muga zerga berrien zerrenda plazaratu denean: Tokioko burtsak %1,19ko galerak izan ditu; Seulekoak %0,59 galdu du; Hong Kongekoak, %1,29; eta galera handienak Txinako bi burtsek izan dituzte, Shanghaikoak(-%1,85) eta Shenzhengoak(-%1,97).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.