Tarta jan, eta tarta gorde

Theresa Mayk liburu zuria aurkeztu du, eta 'brexit' leuna proposatu. Elkarte ekonomiko bat nahi du EBrekin; aduana komuna, baina pertsonen mugimendu mugatua. Brusela, liburua aztertzeko prest
Zenbait manifestari <em>brexit</em>-ari buruzko bigarren erreferendum bat eskatzen, joan den asteartean, Londresen.
Zenbait manifestari brexit-ari buruzko bigarren erreferendum bat eskatzen, joan den asteartean, Londresen. RICK FINDLER / EFE

Jon Fernandez -

2018ko uztailak 13
Ezinezkoa da tarta bat jatea eta aldi berean tarta hori bera biharko gordetzea. Ingelesezko esapideak halaxe dio, eta Bruselaren begietara ere «have your cake and eat it» erako proposamena da atzo Theresa Mayren gobernuak aurkeztutako liburu zuria: brexit-arekin, Downing Streetek erabateko kontrola izan nahi du pertsonen mugimendu askearen gainean, baina ondasunen merkataritzan askatasun osoz jarraitu nahi du, EBrekin aduana komun bat sortuta; batasunetik kanpo, batasunean egotearen onura ekonomikoekin. Mayk brexit leunaren bidea berretsi du, eta «pragmatismo beharra» aipatu du, jakinik ez duela txalorik jasoko ez Bruselan, ez bere alderdiko adar brexit zaleenean ere.

Mayk lehenengo aldiz zehaztu du, 104 orriko liburu batean, zer-nolako merkataritza eta ekonomia harremanak izan nahi dituen EBrekin datorren martxoaren 29tik aurrera, herrialdea EBtik kanpo geratzen denean. «Elkarte ekonomiko bat» eskaini dio Bruselari ondasunen merkataritzaren arloan; lankidetza, segurtasunaren arloan —ez du atera nahi Europoletik eta Eurojustetik—; eta zerbitzu finantzarioen arloan ez du nahi orain artekoa bezain harreman esturik, baizik eta alde bakoitzak autonomia izan dezan legeak egiteko, asmoa izan arren bien artean araudiak adosteko.

Funtsean, aduana komun bat sortu nahi du EBrekin, aduana batasunean egon barik; hau da, ondasunen mugimendu askea bermatu nahi du, EBko merkatu bakarrak agintzen dituen beste hiru askatasunak onartu gabe: kapitalena, zerbitzuena eta pertsonena. Zaila, edo ia ezinezkoa, Bruselak horrelakorik onartzea.

Edonola ere, Michel Barnier liburua aztertzeko prest dago, eta gogotsu datorren astean Londresekin negoziatzen hasteko: orain, behintzat, proposamen zehatz bat dago mahai gainean. Itxaropen gutxiago du Frantziako lehen ministro Edouard Philippek, gogora ekarri baitu «txarrena» oraindik posible dela: Erresuma Batuak EB uztea akordiorik lortu gabe.

EBren «kolonia bat»

Mayk aldarrikatu du aterabide «praktikoa» dela, eta bi aldeen interesekoa: izan ere, ez litzateke produkturik atxiki beharko aduanetan —muga gogorrekin, herrialdean elikagaien, erregaien eta sendagaien hornidura arazoak sortuko lirateke—, EBtik kanpo datozenekin egiten den bezala. Halere, sistema berriak funtzionatzeko, erabat zehaztu gabeko teknologia konplexu bat jarri beharko litzateke martxan. Aduana eremu komuna izatearen helburuetako bat da muga fisikorik ez egotea Irlanda Iparraldean, Ostiral Santuko bake akordioa errespetatzeko.

Aduana elkartea izateko, May prest dago Erresuma Batuak EBren muga zerga berberak izateko eta EBren araudi berbera izateko ondasunen merkataritzaren inguruan. Boris Johnson Atzerri ministro ohiaren arabera, horrek EBren «kolonia bat» bihurtuko luke Erresuma Batua.

Merkantzientzat muga gogorrik ez egotearen truke, Mayren gobernuak keinu bat egin nahi izan dio Bruselari, azalduz prest dagoela EBko herritarren mugimendu askea bermatzeko baldintza jakin batzuetan: batasuneko herritarrek herrialdean sartzeko arazorik ez lukete izango turismoagatik edo aldi baterako lanagatik baldin bada, ikasketak egitera baldin badoaz, edo enpresetara lanera doazen «talentu handiko» langileak badira. Keinu bat da, baina ez du bermatzen EBren lau askatasun oinarrizkoetako bat: batasuneko herritar ororen mugimendu askatasuna.

Emendakinak zain

Lehen ministroak etxean du arazorik handienetako bat. Liburu zuriak gobernu krisia eragin dio: bi ministrok dimititu dute asteon, Johnsonek eta David Davisek, brexit-a negoziatzeko ministroak.

Hain zuzen, Davisen ordezko Dominic Raabek aurkeztu zuen liburu zuria atzo parlamentuan. Berbetan zegoela, hainbat legebiltzarkide kexaka hasi ziren, ez zutelako jaso liburuaren kopiarik, eta hitzaldia moztu zioten bost minutuz. Laboristek aurpegiratu zioten legebiltzarreko «iskanbilak» gobernu barruko «kaosa» irudikatzen duela.

Kontserbadoreen adarrik gogorrena ere kontra dauka. Datorren astean, alderdikideek emendakinak jarriko dizkiote liburu zuriari Westminsterren. Jacob Rees-Mogg kontserbadoreak argi berba egin du: «Zoritxarrez, Chequersen konfiantza apurtu zen [Mayren Chequerseko udako etxean aurkeztu zien liburu zuria ministroei joan den barikuan]. Ordura arte, brexit-ak brexit esan nahi zuen, baina, orain, badirudi brexit-ak esan nahi duela Europako legeei lotuta jarraitzea».

Irteera gogorrenaren aldeko tory-en ordezkariak uste du emendakinek «mesede» egingo diotela Downing Streeti, «bere garaian emandako hitza betetzera» behartuko baitute, brexit gogorra gauzatzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna