Iazko lan kontratu iruzurrezkoak halako bi atzeman dituzte sei hilean

EAEko Lan Ikuskaritzak 4.334 kontratu aldarazi ditu, finkoak edota lanaldi osokoak bihurtzeko. Iruzur gehienak ostalaritzaren eta hezkuntzaren esparruetan egiten dituzte kontratatzaileek
Bezeroak Bilboko terraza batean, eta zerbitzari bat lanean.
Bezeroak Bilboko terraza batean, eta zerbitzari bat lanean. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Xabier Martin -

2018ko uztailak 24
Lan Ikuskaritza iruzur handia atzematen ari da langileen kontratazioan. 2018ko lehen seihilekoan aurreko urte osoan aldarazitako kontratu irregularrak halako bi egokiarazi dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Enplegu sorrerak hauspoa hartu du —udako sasoiaren haizeak lagunduta, hein handi batean—, eta, horrekin batera, iruzurrezko kontratuek ere bai. Ekainera arte 4.334 kontratu aldarazi ditu Ikuskaritzak; bada, 2017ko urte osoan 2.000 inguru aldarazi zituzten. Langileak kontratatzean iruzur gehiago dago, edo ikuskaritzak kontratu gehiago ikuskatu dituelako lortu da iruzur gehiago antzematea. Izan ere, 2017. urte osoan 15.000 kontratu aztertu zituen, eta aurtengo sei hilabetean 11.000 jadanik.

Batera edo bestera, Eusko Jaurlaritzako Lan sailburu Maria Jesus San Josek jakinarazi zuen, atzo, bi esparrutan eragin duela haren sailak milaka kontratu horiek aldaraztean: behin-behinekotasun izaeran eta lanaldiaren iraupenean. Atzemandako kontratazio iruzur gehien-gehienek aldagai bi horiei eragiten diete. Ikuskaritzak finko bihurrarazi ditu aldi baterako kontratu ugari, eta beste hainbaten lanaldia aldarazi du, luzarazi du zehatz esateko; izan ere, kontratuek jasotakoa baino lanaldi luzeagoa duten beharginen kasuak asko dira. Eta sailburuak berak azaldu zuen ez direla gutxi izan bat ez baizik bi irregulartasun horiek zituzten kontratuak.

Lan osasuneko urratzeak

Guztira, 11.000 kontratu ikertu ditu Lan Ikuskaritzak urtearen lehen erdian, eta horien guztien %40ri aurkitu dizkiete irregulartasunak, 4.334 kontraturi, alegia. Iaz aztertutakoen %13tan soilik eragin zituen aldaketak Lan Sailak, 1.979an ikuskatutako 15.105 kontratuen artean. «Sarritan gertatu da aldarazitako kontratuak bi esparrutan aldatu behar izan direla, finkora eta lanaldi osora», esan zuen San Josek, kontratatzaile askoren kontzientzia sozial txikia garbi utzita. Horiek horrela, sailburuak esan zuen «Euskadin 4.334 langilek» jarraitu dutela lanean, «baina kalitate handiagoarekin».

Jon Azkue Lan sailburuordeak iruzur gehien zer esparrutan egiten den azaldu zuen, eta hor ere ezuste gutxi egon ziren, ostalaritza azaltzen baita zerrendaburu, zerbitzuetan enplegu gehien sortzen duen ohiko susmagarria uda sasoian. Hezkuntza da aldi baterako kontratazioak lege hauste gehien islatzen duen beste azpisektorea. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 95.000 lan kontratu sinatzen ari dira gaur egun, eta horietatik %60 zerbitzuen alorrean egiten dira. Bada, horien guztien %70 oslaritzan egiten dira. Turismoak izan duen leherketak iruzur gehiago ekarri du lan kontrataziora.

Lanaldien iraupenaz eta behin-behinekotasunaz gain, Lan Ikuskaritza segurtasunaren eta lan osasunaren aldagaiak aztertzeko kanpaina zehatzak egin ditu urtarriletik ekainera. 203 lege urratze atzeman ditu arlo horretan, eta haiek ia milioi bat euroren isunak eragin dituzte. Beste 3.295 eskaera egin ditu Ikuskaritzak hainbat zuzenketa egin zitezen. San Jose sailburuak lan osasunaren inguruko zigorrak aldatzeko eskaera egin zuen, batez besteko isuna 3.000 eurokoa dela azaldu ondoren. «Merkeagoa ateratzen da isuna pagatzea, lan osasunaren arloan arauak betetzea baino», erantsi zuen.

Hoteletan ere bereziki jarri du arreta Lan Ikuskaritzak, hango zerbitzarien lan baldintzak zaintzeko. Hemeretzi hoteletan egon da, eta 80tan egongo da urtea amaitzerako. Hainbat irregulartasun antzeman ditu hoteletan, ordutegiekin, soldatekin eta azpikontratazioarekin lotuak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna