Pakistango bozak irabazi dituela esan du Khanek, iruzur salaketa artean

Botoen zenbaketan gertatutako arazo teknikoengatik, oraindik ez dituzte emaitzak eman. Lehen ministro izateko PTIren hautagaiak ez du ikerketarik eragotziko. Erreforma sakonak agindu ditu
Pakistandar bat, atzo, Karatxin, Imran Khan agertzen den Pakistango egunkari baten azala erakusten.
Pakistandar bat, atzo, Karatxin, Imran Khan agertzen den Pakistango egunkari baten azala erakusten. REHAN KHAN / EFE

Igor Susaeta -

2018ko uztailak 27
Pakistango kriketaren ikur nagusia izandakoak herrialdeko lehen ministro bilakatzeko aukera handia du. Herenegun egin zituzten parlamentu nazionaleko eta probintzietako ganberetako diputatuak hautatzeko hauteskundeak, eta, botoen kontaketan izandako arazo tekniko bat dela eta, hauteskunde batzordeak ez ditu oraindik jakinarazi emaitza ofizialak. Baina, atzo, botoen erdiak kontatuta zeudela, Imran Khan PTI Pakistango Justiziarako Mugimenduko hautagaia jotzen zuten garailetzat zenbakiek. Beraz, emaitza ofizialari itxaron gabe, garaipena aldarrikatu zuen, telebista kate batean emandako diskurtso baten bidez. Erreforma sakonak agindu ditu. Hori bai, botoen zenbaketan iruzurra egon dela salatu dute zenbait alderdik, tartean PML Pakistango Liga Musulmanak, azken bost urteotan boterean egon denak. Khanek esan zuen ez duela zenbaketari buruzko ikerketarik oztopatuko.

«Uste dut Pakistanen egindako hauteskunde justuenak izan direla», azpimarratu zuen Khanek. Shehbaz Sharif PMLkoa —haren anaia Nawaz lehen ministro ohia ustelkeriagatik inhabilitatua eta kartzelatua dagoelako izan da hautagaia—, ordea, ez dago ados. «Iruzurra argi dago. Emaitzak ukatzen ditugu». Hori egiaztatzeko «frogak» dituztela gaineratu zuen. Prest dago, hala eta guztiz ere, aurrerantzean «oposizio gogorraren rola» jokatzeko.

Egindako adierazpenetan, areago jo zuen Sharifek: «Gure prozesu demokratikoa hamarkadetarako atzeratu dugu». Izan ere, gaur egun munduko herrialde populatuenetan seigarrena denak 1947an independentzia lortuz geroztiko historia ezegonkorra da, eta bigarren aldiz dira egitekoak boterearen transferentzia demokratiko bat.

Hauteskunde Batzordeak, aldiz, iruzur akusazio oro ukatu du. Bababr Yaqoob batzordearen idazkariaren esanetan, ez da inolako «konspiraziorik» egon. «Sistema kolapsatu egin da, eta botoak eskuz ari gara kontatzen». Dena den, bai PMLk eta bai PPP Pakistango Alderdi Popularrak atzo adierazi zutenez, zenbait kontaketa gunetan kanporatuak izan ziren haien begiraleak. Kontuan hartuta hauteskunde kanpainan izandako hainbat erasotan 180 pertsona hil zirela, 85.000 hauteslekutan 350.000 soldadu izan ziren, herenegun.

Eta herenegungo ekitaldiaren aurretik, Khan zen irabazteko faboritoetako bat. Sharif 2013 eta 2017 artean lehen ministro izandakoa ustelkeriagatik espetxeratu zuten, eta, hain zuzen ere, kriket jokalari ohiak ustelkeriaren eta «kasta politikoen» kontrako borrokan sustraitu zuen bere kanpaina. Orain arte, parlamentuko hirugarren indarra zen PTI (34 eserleku), PPPren (46 diputatu) eta PMLren (178 parlamentari) atzetik. Pakistango dozena bat pasa hedabidek atzo argitaratu zituzten proiekzio ez-ofizialen arabera, 119-120 diputatu lortuko ditu Khan aristokratak. 137 behar ditu gehiengo osoa edukitzeko, baina ez luke arazorik eduki beharko gobernu koalizio batera alderdi txikiagoak batzeko.

Herrialdearen egoera ekonomikoa onbideratzea izango da Khanen erronka nagusia. Zenbait iturrik diotenez, Nazioarteko Diru Funtsa herrialdea erreskatatzekotan dago. «Gure estatua hondatuta dago», esan zuen atzo Khanek. «Eta hemendik aurrerako gure politika guztiak pertsonentzat izango dira». Gazteak jarri ditu erdigunean —NBEk dio pakistandarren bi heren 30 urtetik beherakoak direla—, eta diskurtsoan egindako promesen artean dago gazteentzako enplegu gehiago sortzea. Dena den, esandako honek laburbiltzen ditu haren asmoak: «Herrialde bakar batek ere ezin du aurrera egin jende aberatsaren uharte bat badu, eta jende txiroaren itsaso bat». Jende txiro horrek, hain zuzen, oraindik ere ofiziala ez den garaipena ospatu zuen atzo, Pakistango kaleetan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna