Jaurlaritzak beste 350 kargaleku nahi ditu ibilgailu elektrikoentzat

2020an 4.800 ibilgailu elektriko matrikulatuta egoteko helburua ezagutarazi du Tapiak; gaur egun, 1.143 daude. Diru laguntzak iragarri ditu herritarrentzat zein enpresentzat, helburua erdiesteko

Auto elektriko bat, kargaleku batean, Gasteizko Salburua auzoan. ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE.
Jon Rejado.
Gasteiz
2018ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Ibilgailu elektrikoak kargatzeko sarea lehentasun bihurtu du Eusko Jaurlaritzak. Datozen urteetan, garraiobide horien erabilera handitzeko helburua finkatu du, eta, hori lortzeko, kargalekuak baliatzeko erraztasuna da «faktore garrantzitsuenetako» bat, Arantxa Tapia Ekonomia Garapen eta Azpiegituretako sailburuaren ustez. Gaur egun, 73 kargaleku daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 42 tokitan. Bada, bi urte eta erdian beste 350 kargaleku egotea aurreikusi du Tapiak, gune publikoetan. Horietatik 35 «ahalmen handikoak» izango dira; Eusko Jaurlaritzak jarriko ditu. Gainontzeko 315 kargalekuak udalek jarri beharko dituzte; hori egiteko, Eusko Jaurlaritzak laguntza ekonomikoa eta teknikoa eskaini die.

Arantxa Tapiak neurri hori ezagutarazi zuen atzo, 2020ra arteko Mugikortasun Elektrikoko Plan Integralaren aurkezpenean. Planean, «mugikortasun iraunkorrago baterantz» mugitzeko zenbait helburu finkatu dituzte. Horien artean dago, besteak beste, 4.800 ibilgailu elektriko «puru» matrikulatuta izatea. «Helburu errealista da, bi urterako dela kontuan hartuta», hausnartu du Tapiak. Gaur egun, 1.143 ibilgailu elektriko daude matrikulatuta Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan. Beraz, 2020an gaur egungo matrikulazioak halako lau izatea du xede Eusko Jaurlaritzak.

Erosteko diru laguntza

Datu horretara heltzeko, kargalekuen sarea indartzeaz gain, hainbat neurri abiaraziko ditu gizabanakoentzat, enpresentzat eta udalentzat zein aldundientzat. Herritarrei gaur egun ere ematen zaizkien laguntza ekonomikoei, berriz, eutsi egingo zaie. EEE Energiaren Euskal Erakundeak laguntzak ematen ditu ibilgailu elektriko edo hibrido bat erosteko: prezioaren %15, baina, gehienez, 50.000 euro. 2018ko laguntza deialdia maiatzean ireki zuten 800.000 euroren aurrekontuarekin, eta dagoeneko itxia dute, diru saila agortu delako.

Enpresei mugikortasun planak egiteko laguntzak eskainiko dizkie Jaurlaritzak. Horren barruan,askotariko neurriak daude: enpresa ibilgailu elektrikoak erosteko laguntza ekonomikoak; kargalekuak jar ditzatela sustatzea; taxiak deitzean elektrikoak direnak lehenestea; langileei laguntzak ematea bizikleta elektrikoak erosteko... Are, Tapiak taxiengan jarri du begirada, eta sektore horrekin ere lan egiteko asmoa iragarri du, auto elektrikoen matrikulazioak areagotzeko.

Azkenik, atzo aurkeztutako planak zenbait lan ildo zehaztu dizkie udalei eta aldundiei. Besteak beste, ibilgailuak erosteko deialdi publikoetan, horien erdiek elektrikoak izan beharko dute. Ordea, bestelako bideak ere xehatu ditu Tapiak: Jaurlaritzarenak diren ehun ibilgailu elektriko administrazio horiei uztea, kasurako.

Ibilgailu elektrikoak gehiago erabiltzeko neurriak garatzeko 56,2 milioi euro beharko direla azaldu du Tapiak. Hortik, baina,1,2 milioi baino ez dagozkio Eusko Jaurlaritzari. Zatirik handiena, 41,2 milioi euro, enpresa pribatuek jarri beharko lukete 2020ra artean. «Zenbait enpresarekin harremanetan egon gara, eta, berritu behar dituzten ibilgailuak kontuan hartuta, inbertsio horretara hel gaitezkeela uste dugu». Udalek eta aldundiek ia 13,8 milioi euro jarri beharko dituzte.

Garraio publikoa «apustu»

Eusko Jaurlaritzak garraio publikoa elektrikoa izan dadin «apustu irmoa» egin duela jasotzen du planak. Orotara, garraio publiko elektrikoa erabiltzen duten herritarren kopurua %20 handitu nahi dute 2020rako. Ordea, planak beste neurri batzuk jaso ditu. Batetik, «gaitasun handiko garraio publikoa» sustatzea, hiru hiriburuetan linea bana jarriz. Gasteizko eta Bilboko tranbien bidea luzatzeko egitasmoak ere kontuan izan ditu. Horrez gainera, salgaiak ere jomugan jarri dituzte, errepidetik trenbideetara pasatzeko plataformen bidez, Jundizen (Araba) zein Lezon (Gipuzkoa).

Garraio publikoa elektriko bihurtzeko atalak du aurrekonturik handiena: 421,1 milioi euro. Horietatik, 373,8 milioi Jaurlaritzak jarriko du, eta, gainontzekoa, beste administrazioek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.