Turkiak erantzun egingo die AEBek bi ministrori ezarritako zigorrei

Trumpek Erdoganen gobernuko bi kideren kontra jo du, argudiatuz haiek direla artzain protestante estatubatuar bat kartzelatzearen erantzuleak. Erabakiak sekula izan gabeko krisi bat piztu du
Abdulhamit Gul da AEBetako Gobernuak zigortu dituen Turkiako bi ministroetako bat.
Abdulhamit Gul da AEBetako Gobernuak zigortu dituen Turkiako bi ministroetako bat. BAX LINDHARDT / EFE

Igor Susaeta -

2018ko abuztuak 3
AEBetako Gobernuaren arabera, Turkiako Gobernuko bi ministro dira artzain protestante estatubatuar bat kartzelatzearen erantzule nagusiak, giza eskubideak «larriki» urratu dituztenak. Andrew Brunson artzainak hogei bat urte pasa zeramatzan Turkian, eta 2016ko abenduan atxilotu zuten, egotzi baitzioten espioi lanak egiten zituela PKK Kurdistango Langileen Alderdiarentzat eta Fethulla Gulen lider islamistarentzat, Recep Tayyip Erdogan presidentearen etsaiarentzat. Washingtonek, beraz, zigorrak ezarri dizkie Abdulhamit Gul Justizia ministroari eta Suleyman Soylu Barne ministroari.

Erabaki horrek inoiz ez bezalako krisi politiko bat eragin du II. Mundu Gerratik aliatuak izan diren bi herrialderen artean. Siriako gerraren harira hasi zen harremana korapilatzen, eta 2016ko uztailean Erdoganen kontra egindako estatu kolpe saiakerak gaiztotu zuen.

Altxorraren Departamentuak herenegun eman zuen zigorren berri. Turkiako Gobernuak komunikatu bat kaleratu zuen berehala. Washingtoni eskatu zion baliogabetu dezala erabakia; nabarmendu zuen bestela zigorraren «pareko» erantzun bat emango duela. Atzo, parlamentuak erantzun bateratua eman zuen. AKP Justiziaren eta Garapenaren Alderdiak —Erdoganenak— eta gobernukide MHP Mugimendu Nazionalistaren Alderdiak protesta adierazpen bat hauspotu zuten, eta babestu egin zuten oposizioko CHP Herriaren Alderdi Errepublikanoak eta IYI eskuineko alderdi nazionalistak. HDP Herriaren Alderdi Demokratikoa ezkerreko alderdien koalizioak —kurduak dira nagusi— ez zuen bat egin adierazpenarekin.

Sarah Sanders Etxe Zuriko bozeramaileak herenegun jakinarazitakoaren arabera, Trumpek «hainbatetan» planteatu dio Erdogani artzainaren gaia. Oraindik ez dute epaitu, baina fiskaltzak hogei urteko kartzela zigorra eskatzen du harentzat. Etxeko atxiloaldian dago joan den astetik. AEBentzat, leporatzen dizkioten karguak «azalekoak» dira, «esplikaezinak justizia eta legea aintzat hartuta».

Gulenen estradizioa

Horren guztiaren eraginez, AEBek bi ministro jarri dituzte jopuntuan. Altxorraren Departamentuak adierazi duenez, Guli eta Soyluri AEBetara joateko baimena ukatuko diete, han dituzten aktiboak izoztuko dizkiete, eta ezin izango dute tratu komertzialik egin estatubatuarrekin. Bi ministroek adierazi dute ez dutela jabetzarik AEBetan.

Gainera, beste aldagai bat hartu behar da kontuan. 2016ko uztailean Erdoganen kontra egindako estatu kolpe saiakeraren ideologotzat jotzen du Ankarak Gulen predikatzailea. AEBetan dago, eta Turkiak egina dauka haren estradizio eskaera. Erdoganek noizbait iradoki izan du artzain protestantea entregatuko dutela AEBek Gulen estraditatuz gero.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna