ELAk mesfidantzaz hartu du pentsio osagarriak zabaltzeko proposamena

Sindikatuak uste du borondatezko gizarte aurreikuspenen hedapenaren atzetik zerga aringarri gehiago emateko asmoa dagoela. Bizkaiko pentsiodunek ere kritikatu dute Eusko Jaurlaritzaren plana
Pentsiodunak eguzkitik babesten, atzo, asteleheneroko kontzentrazioan, Bilboko udaletxearen aurrean.
Pentsiodunak eguzkitik babesten, atzo, asteleheneroko kontzentrazioan, Bilboko udaletxearen aurrean. MIGUEL TOÑA / EFE

Iker Aranburu -

2018ko abuztuak 7
Kostatuko zaio Eusko Jaurlaritzari pentsio osagarriak herritar guztiei zabaltzeko proposamena aurrera ateratzea. Sindikatuen eta patronalaren babesa lortu nahi du, eta batzuek zein besteek zalantza handiak azaldu dituzte egitasmoaren inguruan. Langileen pentsio osagarriak enpresen bizkar jarri nahi dituzten susmoa du patronalak. Sindikatuek, berriz, uste dute pentsio sistema publikoa higatzeko estrategia dela. Kritika agertzen azkena ELA izan da. Ez du berez borondatezko gizarte aurreikuspenen (BGAE) sistema kritikatu —haren sorreran ere izan zen—, baina uste du Jaurlaritzaren proposamenaren atzean pentsio plan guztiei zerga aringarriak ezartzeko asmo bat dagoela. «ELAk ez luke hori inolako kasutan onartuko».

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 1,1 milioi bazkide dituzte BGAE erakundeek. Baina Jaurlaritzaren asmoa da langile guzti-guztiek izatea. Horrela egin nahi dio aurre azken erreformek pentsio publikoetan eragingo duten txikitzeari. Hemerotekak dio 2006an bazuela asmo hori Jaurlaritzak, baina krisiak asmoak zapuztu zituen: BGAEn hedatzea geratu zuen, eta ekarpenak urritu zituen. Jaurlaritzak berak hainbat urtez ez dio ekarpenik egin bere langileen BGAE propioari, Itzarriri —97.200 bazkide—. Aurten hasi da berriro.

Rementeria aurreratu da

Eusko Jaurlaritzaren asmoa zen udazkenean proposamen bat egitea Gizarte Aurreikuspenerako Euskal Kontseiluan. Vocento taldearen arabera, soldataren %6 borondatezko pentsiorako baztertzeko proposatu behar zuen. Baina eztabaida udan bertan piztu du Unai Rementeriak, Bizkaiko langile guztiak pentsio osagarrien bidez babesteko asmoa zuela iragarrita. Haren atzetik, Arabako eta Gipuzkoako aldundiek ere iradoki dute zerga pizgarriak emango dituztela BGAEak hedatzeko.

ELAk «propaganda» egitea aurpegiratu zion Rementeriari, eta hitz hori bera erabili du Jaurlaritzaren eta aldundien iragarpenak kalifikatzeko. Agiri baten bidez, ELAk erakutsi du ez dela fio gobernuen benetako asmoei buruz. «Aurreikuspen soziala zenbait errentak zergak desgrabatzeko beste formula bat bezala ikusten dute. Are eta gehiago, uste dugu hori dela proposamenaren benetako helburua». ELAk gogorarazi du pentsio osagarrien sistema sortu zenean egoera beste bat zela. «Prekaritatearen eta soldata txikien aldeko apustua ez zen orain bezain agerikoa». Gaur egun, berriz, «zoritxarrez, enplegua duten gero eta pertsona gehiagoen helburua ez da BGAE bat kontratatzea, hilabete bukaerara gutxieneko duintasun batekin heltzea baizik». Egoera horren laguntzaile egin ditu Jaurlaritza eta aldundiak, «patronala soldatak murrizteko duen asmoan tinko babesten baitute».

LAB ere kritiko azaldu da. «Ez da BGAE eta pentsio pribatuei buruz hitz egiteko garaia. 1.080 euroko gutxieneko pentsio bat ezartzeko unea da, pentsiodunak pobreziatik atera daitezen».

1.080 euroko pentsioak eskatu ditu Bizkaiko Pentsiodunak elkarteak, asteleheneroko kontzentrazioan, «hori delako alternatiba bakarra pentsio txikien eta handien arteko arrakala txikitzeko». BGAEak «pentsio sistema publikoa deskapitalizatzen du-en» sistema bat iruditu zaio talde horri, eta «bankuentzat soilik da errentagarri». Instituzioak salatu ditu, pentsio osagarriei «zerga pribilegio justifikaezinak» emateagatik, baina sindikatuentzat ere izan ditu kritikak, «ez dutelako eragozpenik izan finantza produktu horiek negoziatzeko eta BGAEak kudeatzeko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Iker Aranburu

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna