Teherani zigor ekonomikoak ezarrita, aiatolen «jokabidea» aldatu nahi du Washingtonek

Trumpek Irango akordio nuklearretik aterako zela iragarri eta 90 egunera ezarri ditu zigorrak. Europako Batasunak ez ditu zigorrak babestu, eta itunari eutsi dio
Bi neska moneta aldatzeko bulego baten aurrean, Teheranen. Riala asko debaluatu da azken hilabeteotan.
Bi neska moneta aldatzeko bulego baten aurrean, Teheranen. Riala asko debaluatu da azken hilabeteotan. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE

Kristina Berasain Tristan -

2018ko abuztuak 8
Ekialde Hurbileko mapa konplexuan, nork bere lekua eta eragina izatea da gakoa. Eta nola edo hala gaur egungo oreka politikoari eustea da Ameriketako Estatu Batuek Irani ezarritako zigor ekonomikoen azken asmoa. Donald Trump presidenteak txio baten bidez jakinarazi du «munduko bakea» aldarrikatzen ari dela, «hori baino ez», baina haren administrazioko iturriek ziurtatu dute aiatolen herrialdea ekonomikoki isolatzeak helburu politikoak ere badituela: «Asmoa ez da erregimen aldaketa bat behartzea, baizik eta erregimenaren jokabidea aldatzea».

Teheranek eskualdean duen sendotasuna ahultzea litzateke erabaki geopolitiko horren xedea. Eta Washingtonek Israel eta Saudi Arabiaren babesa soilik lortu izana da horren erakusle.

Trumpek maiatzaren 8an iragarri zuen AEBak akordio nuklearretik at utziko zituela. Eta orduan ere agerian utzi zuen neurriaren kutsu politikoa: «Akordio nuklearra fikzio handi bat da. Ekialde Hurbilean arma lasterketa bat izango da itunari eutsiz gero». Orain «erregimenaren ekintza maltzur guztiak» bere gain hartuko dituen «akordio zabalagoa» nahi du, tartean «misil balistikoen programa eta terrorismoaren aurkako babesa» aztertuko dituena. Yemen eta Siriako gerrez ari da zeharka.

Negoziazioak abiatzea, baina, ez da erraza izango. Agintari errepublikanoak ezerezean utzi du Barack Obamaren «konponbide diplomatikoa», eta haren jarrera ez dute begi onez ikusi xiitak nagusi diren herrialdean. Hassan Rohani presidenteak elkarrizketak baztertu ditu, haren hitzetan «kontraesana» baita zigorrak ezartzea eta aldi berean negoziatu nahi izatea. Trumpi «kaosa» zabaltzen saiatzea leporatu dio.

Krisi ekonomikoa

«Iranekin negozioak egiten dituen edozeinek ezingo ditu negozioak egin AEBekin». Trumpek esaldi bakarrarekin zehaztu du zertan datza zigor sorta.

Berez, bi fasetan gauzatuko da bart sinatutako agindu exekutiboa. Aurrerantzean, Irango Gobernuak ezingo ditu dolarrak erosi, eta debekatuta egongo da salerosketan aritzea urrearekin, metal bitxiekin, aluminioarekin eta altzairuarekin. Irango autoak, tapizak eta pistatxoak ere ezingo dira inportatu.

Zigorren bigarren fasea azaroaren 5etik aurrera sartuko da indarrean; hau da, 180 egun barru. Orduan, debekatuta egongo da Irango Banku Zentralarekin transakzioak egitea, eta ezingo da petrolioa erosi. Baliteke neurri hori izatea hertsiena; izan ere, herrialdearen diru iturri nagusienetakoa da petrolioa.

Iranen, dena den, krisi ekonomikoa nabarmena da jadanik. Rialak bere balioaren erdia galdu du apiriletik, eta inflazioa oso altua da. Prezioak asko garestitu dira, eta langabezia tasa ere etengabe ari da gora egiten. Rohaniren gobernuak dibisak erosteko debekua arindu zuen joan den igandean; izan ere, azken hilabeteotan herritarrak kalera atera dira protesta egitera: Karaj, Xiraz eta Ahvaz hirietan izan dira protesta handienak. Trumpek agerian utzi nahi izan du protesta horiek babesten dituela ere: «AEBek Irango herri koitadua babesten jarraitzen dute, herrialde aberats baten benetako oinordekoa baita, erregimenaren politiken biktima bada ere».

Rohani ez da gai izan ekonomia bideratzeko, eta hartutako neurriek ez dute espero zen onura ekarri. Oraingoan, dena den, ez dirudi Iran horren bakartuta geratuko denik nazioartean.

Washingtonek 2012an ezarri zizkion aurreneko aldiz zigor ekonomikoak Teherani. Eta orduko hartan negoziazio taldeko herrialde guztien sostengua jaso zuen, helburua programa nuklearra etetea baitzen, besteak beste. Obamak 2015eko uztailean lortu zuen zigorrak bertan behera uztea ekarri zuen akordio nuklearra —Alemaniak, Erresuma Batuak, Errusiak, Frantziak eta Txinak osatzen dute akordioa sinatutakoen taldea—.

Arrakala Europarekin

Ez dirudi, baina, Trumpek orduko babes sendoa izango duenik orain. Europako Batasunaren erantzuna irmoa izan da, bi kontinenteen arteko arrakala inoiz baino handiagoa baita.

Federica Mogherini EBko Atzerri Politikarako goi mandataria herrialdearekin merkataritzan aritzearen alde agertu da, akordio nuklearraren muinari erreferentzia eginez: «Ekoizpen nuklearra debekatzen duen nazioarteko ituna betetzen ari bada, mantendu egin behar dugu». Mogherinik uste dumerkataritza harremanak ere mantendu behar direla ituna mantenduko bada. Alemania, Erresuma Batua, Errusia, Frantzia eta Txinak ere adierazi dute itunari eusteko borondatea dutela.

Europako Batasuna, dena den, harago joan da, eta, zigorren eragina mugatze aldera, hainbat neurri jarri ditu indarrean, kalteak izan ditzaketen enpresak diruz babesteko. Blokeo Estatutua izeneko babes juridiko horri esker, enpresek kalte ordainak eskatu ahal izango dituzte, zigorrak «legez kanpokotzat eta bidegabetzat» jo baititu.

Zigorrekin bat egiten duten enpresak ere mehatxatu ditu Bruselak, herrialdetik alde egin ez dezaten. Orain, ikusteko dago zer egingo duten multinazionalek. Daimler Alemaniako auto enpresak jada iragarri du eten egin duela herrialdean zuen ekoizpena.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna