Arazoak irtenbideen ordez

Londresek lehen azalpenak eta gomendioak eman dizkie herritarrei akordiorik gabeko 'brexit' bati buruz. Bruselak erantzun du eragozpenak nabarmenduko direla ados jarrita ere
Dominic Raab Erresuma Batuko <em>brexit</em>-erako ministroa atzo, Londresen, akordiorik gabeko testuinguruaz mintzatu aurretik.
Dominic Raab Erresuma Batuko brexit-erako ministroa atzo, Londresen, akordiorik gabeko testuinguruaz mintzatu aurretik. LUKE MACGREGOR / EFE

Ander Perez Zala -

2018ko abuztuak 24
Bi hilabete besterik ez dira geratzen brexit-ari buruzko akordioa adosteko, Erresuma Batuko Gobernuak eta EB Europako Batasunak zehazturiko egutegiaren arabera. Epemuga hurbiltzen ari den heinean, Londresen eta Bruselaren arteko negoziazioek ez dute aurrera egiten; «gehiena» adostuta dago, EBren arabera, baina bi aldeek aurre egin behar diete oraindik auzirik korapilatsuenei, eta hilabeteak dira aurrerapausoak eskasak direla negoziazio mahaian. Aste honetan bertan, EBren negoziatzaileak, Michel Barnierrek, aukera utzi zuen hizketak azaro hasierara luzatzeko, baina akordiorik gabeko brexit baterako aukerak ematen du gaur-gaurkoz zeresanik eta oihartzunik handiena. Bi aldeek behin eta berriz errepikatu dute ados jartzea dela «lehentasuna», eta lortuko dutela adostasun hori, pazientzia eta denbora kontua dela; hala ere, Londresek uste du beharrezkoa dela herritarrak eta enpresak akordiorik gabeko testuinguruaz informatzea eta gomendioak ematea aukera horri begira. Horretarako, Erresuma Batuko Gobernuak 80 bat ohar tekniko prestatu ditu, eta atzo egin zituen publiko horietako 25 —gainontzekoak irailean ezagutaraziko ditu—. Erreakzioa ahobatezkoa izan da oposizioaren eta brexit-aren aurkako taldeen artean, oharrek agerian utzi baitute Londresen gomendioak eta azalpenak arazo posiblez josita daudela, eta Londresek ez dituela behar adina irtenbide ematen horiei aurre egiteko.

Lehen ohar teknikoan azaldutakoaren arabera, gobernuaren helburua da «herritarrei eta enpresei jakinaraztea zer egin beharko duten akordiorik izan ezean, oinarrizko planak eta prestakuntzak egiteko». Hitz horiez gain, ez dago argi zein zen Londresen helburua; kezkarik ez izateko eta dena prest dagoela —eta Bruselari presio egitea—; horiek dirudite Theresa May lehen ministroak bidali nahi zituen egiazko mezuak, baina atzoko erreakzioek kontrako erreakzioa piztu zuten. Izan ere, betiere Londresek jakinarazitakoaren arabera, arazoak eta eragozpenak nagusituko lirateke baldin eta Erresuma Batua EBtik akordiorik gabe aterako balitz. Zerrenda luzea da, baina adibide batzuk nabarmendu dira: EBko produktuak erosterakoan, britainiarrek egungoa baino prozesu motelago bati eta prezio garestiagoei egin beharko liekete aurre kreditu txartelaz ordainduz gero; EBn bizi diren britainiarrek kontu korronterako sarbidea gal lezakete; ospitaleek eta klinikek, esaterako, akordio berriak beharko lituzkete EBko sendagaiak inportatzeko; eta ikasle britainiarrek ezingo lukete Erasmus programan parte hartu.

Harrigarriena izan da, ordea, Ipar Irlandaren eta Irlandako Errepublikaren arteko merkataritzaz Londresek emandako gomendioa: «Gure gomendioa da [...] Irlandako Errepublikari galdetzea zer prestakuntza beharko liratekeen». Esaldi horrek agerian utzi du, beste behin ere, Londresek ez dakiela nola eragotzi bi Irlanden arteko muga gogorra, baina, aldi berean, lortu du presioaren parte bat Irlandako Errepublikako lehen ministro Leo Varadkarrengan jartzea.

Gobernua, bakarrik

Horiek horrela, Erresuma Batuko brexit-erako ministro Dominic Raabek gogorarazi zuen gobernuaren helburua dela «aukera posible guztietarako prestatzea», eta ohar teknikoak publiko egiteak ez duela handitzen akordiorik gabeko brexit baten aukera. Baina kritikak ugariak izan ziren atzo ere, bai etxean bai kanpoan, Londresek auzi horrekin zerikusia duen txosten edo iritziren baten berri ematen duen aldiro gertatzen den bezala. Izan ere, argitara emandako ohar teknikoek argi uzten dute Erresuma Batuak sufrituko duela gehien akordiorik gabeko brexit batekin.

Negoziazio mahaiko beste aldea zehatz mintzatu zen: «Argi dago eragozpenak eta aldaketak izango direla, akordioa adostuta edo akordiorik gabe. Hori bagenekien, eta testuinguru guztietarako prest gaude», ohartarazi zuen atzo Alexander Winterstein EBren bozeramaileak. 2016ko erreferendumaren emaitza jakin zenetik, mezu hau zabaldu du Bruselak: Erresuma Batuak «asko galduko» duela EBtik ateratzean. Etxean, Erresuma Batuko gobernuak Eskoziako eta Galesko gobernuengandik jaso zituen kritika nabarmenenak. 25 ohar teknikoen edukia «onartezintzat» jo zuten, eta Mayri ohartarazi zioten akordiorik ezak ez duela aukera bat izan behar, «denentzako hondamendi bat» bailitzateke.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna