Sanchezek ezezkoari eusten dio

Kataluniako autogobernuari buruzko erreferendum bat proposatu du Espainiako presidenteak. Kausa judizialari dagokionean, fiskaltzaren «autonomia» errespetatuko duela berretsi du
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea atzo Madrilen, PSOEren bilera batean.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea atzo Madrilen, PSOEren bilera batean. EMILIO NARANJO / EFE

Igor Susaeta -

2018ko irailak 4
Gure momentua izeneko hitzaldia emango du gaur Quim Torrak Kataluniako Antzoki Nazionalean, Bartzelonan (19:00). Errepublika egiteko bidean independentismoak eman beharreko pausoak azalduko ditu Generalitateko presidenteak. Joan den maiatzean kargua hartu zuenetik, aldarrikatzen ari da joan den urriaren 1eko erreferendumeko «agindua» beteko duela, eta Kataluniako Parlamentuaren erabakiei bakarrik obedituko diela. Kasu horretan, konstituzioaren 155. artikulua berriro ezartzearekin egin dio mehatxu Espainiako Gobernuak. Bestalde, halere, «elkarrizketa» ere eskaintzen ari da. Baina Madrilek ez du Kataluniaren etorkizunari buruzko erreferendum adosturik negoziatzeko inongo asmorik. Eta gaurko hitzaldiaren bezperan, subiranisten hitzetan «beroa» izango den udazkenean sartu aurretik, hori argi utzi nahi izan zion, atzo, Pedro Sanchezek. Kataluniako arazo politikoari irtenbidea emateko, soilik autogobernuari buruzko erreferendum bat egitea proposatu du Espainiako presidenteak.

SER irrati kateko saio batean elkarrizketatu zuten, eta, haren esanetan, «autogobenuak, konstituzioak eta Europak» osatzen dute auzia konpontzeko esparrua. Kataluniako eta Espainiako gobernuen arteko aldebiko batzordearen jarduna nabarmendu zuen, eta adierazi «bozketa batek» behar duela izan bi gobernuen negoziazioen arteko «azken pausoa». Baina Moncloako maizterrak ez du independentziari buruzko bozketa bat planteatzen, «Kataluniako autogobernua indartzeari buruzkoa baizik».

Buruzagi independentisten prozesu judiziala ere izan zuen hizpide. Pere Aragonesi egindako elkarrizketa argitaratu zuen El País egunkariak atzo, eta, matxinadagatik auzipetuta daudenei delitu hori kentze aldera, Generalitateko presidenteordeak fiskaltzaren jarrera «orienta» dezala eskatu dio Sanchezi. Espainiako presidenteak ez du auzi judizialean esku hartzeko intentziorik: «Legedia errespetatuko dugu, eta fiskaltzaren autonomia da legezkotasuna».

Torrak, berriz, TV3n hitz egin zuen. Moncloak auzi judizialean duen egitekoari dagokionez, «egoera aldatzeko» Sanchezek «askoz ere gehiago» egin dezakeela adierazi zuen. Horrekin lotuta, Estatuko Fiskaltza Nagusiak txosten bat helarazi dio Auzitegi Gorenari, eta horretan berresten du Katalunian «matxinada biolento bat» gertatu zela iaz. Oraindik ez dute zehaztu noiz egingo duten prozesu subiranistaren ondorioz auzipetuta daudenen kontrako epaiketa. Zenbait iturriren arabera, urtea amaitu baino lehen hasiko da; beste batzuen esanetan, hurrengo urtearekin batera.

Eta epaien berri ematen dutenean, «parlamentuaren» bidez «herri gisa» erantzungo dutela esan zuen, atzo, Generalitateko presidenteak. Ez zuen argitu, ordea, nola «ez diren betetzen» ebazpen judizialak. Herritarrei eskatu die, gainera, «etengabe» mobiliza daitezela. Sanchezekin urrian bildu nahi du; udan, uztailaren 9az geroztiko bileratik, «pare bat whatsapp» trukatu dute.

ERC, epe luzera

Sanchezek proposatutakoa kritikatu zuen ERC Esquerra Republicanak, atzo. «Azken urteotako mobilizazioak ez dira izan autogobernu gehiago lortzeko edo estatutu berri bat edukitzeko», esan zuen Marta Vilalta bozeramailak. Haren iritziz, «benetako auziari» heldu behar zaio: «Erabakitzeko eskubideari, autodeterminazioari».

Hori lortzeko bidean, baina, ERCk aldebakarreko bideari muzin egin dio, baita jendaurrean ere. Vilaltak atzo azpimarratu zuenez, Espainiako Estatuarekin «elkarrizketa eta negoziazioa» hauspotu nahi ditu ERCk, Katalunian independentisten «oinarri soziala» zabaltzeko ahalegina egiten duten bitartean; errepublikanoak epe luzera ari direla lanean, alegia. Estrategia hori adostekoa zen alderdiaren zuzendaritza, atzo.

Kataluniako Gobernuan JxC Junts Per Catalunya du bazkide ERCk. Ez dute estrategia bat partekatzen, nahiz eta Vilaltak atzo adierazi zuen Torra gaur ematekoa den hitzaldia gobernuko kide guztiek adostu dutela. Harremanak, dena den, gaiztotuta daude, joan den uztailaren 18an parlamentuan argi asko ikusi bezala. Izan ere, ez zuten bat egin Mahaian, diputatu auzipetuen kargugabetzeez bozkatzerakoan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna