«Ezinezkoari» irabazteko deia

Torrak «Kataluniaren eskubide zibilen, sozialen eta nazionalen» aldeko martxa bat egitea proposatu du. Sanchezi erantzun dio autodeterminazio erreferendum batek «soilik» konponduko duela auzia

Quim Torra, atzoko hitzaldia bukatu berritan. Alboan du Pere Aragones Generalitateko presidenteordea. MARTA PEREZ / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko irailaren 5a
00:00
Entzun

Errepublika, subiranotasuna, ez datoz «bulegoetatik». Quim Torrak atzo adierazi zuenez, «herritarrek» lortzen dituzte. Hain zuzen ere, batez ere herritar horiei zuzendu zitzaien atzo Generalitateko presidentea, independentisten datozen hilabeteetarako bide orria azaltzeko emandako hitzaldian. Eta Kataluniako Antzoki Nazionaleko areto nagusian ikus-entzule zituenak ordezkari politikoak, instituzionalak eta enpresarialak ziren arren, batez ere herritarrei helarazi nahi izan zien mezua: «Zuengan konfiantza dut». Hitz joko bat eginez diskurtsoaren hasieran aipatu zuen bere asmoa ez zela «protesta» egitea, «proposamen bat» aurkeztea baizik; eta egin zuen bat, herritarrak erdigunean jartzen dituena: «Kataluniaren eskubide zibilen, politikoen, sozialen eta nazionalean aldeko martxa bat proposatzen dut». Zehaztasunik ez zuen eman, asteak daramatza «etenik gabeko mobilizazioetarako» deia eginez, baina atzo esan zuenez. , gaur hasi beharko litzateke martxa hori, eta prozesu subiranistaren aurkako kausa judizialaren ebazpena publikoa izan arte iraun beharko luke. «Eskubide zibil eta politikoen aldeko borrokak eramango gaitu errepublikara». Hori bai, ondokoa nabarmendu nahi izan zuen ordubete iraun zuen diskurtsoa amaitzear zela: «Ezinezkoari irabazteko gonbita egiten dut».

Maila instituzionalean, berriz, Torrak argi asko erantzun zion Pedro Sanchezek bezperan egindako proposamenari. Gatazka politikoa konpontze aldera, autogobernuari buruzko erreferendum bat proposatu du Espainiako Gobernuko presidenteak. Generalitatekoak areago joan nahi du, ordea. «Nazioarteak onartutako autodeterminazio erreferendum adostu eta lotesle batek soilik konponduko du auzia». Nabarmendu zuen «inoiz» ez diotela uko egingo autodeterminazio eskubideari, eta Espainiako Estatuari ikusarazi nahi izan zion erreferendum bat egiteak ez duela «gizarterik hausten». Eskoziako eta Quebeceko adibideak jarri zituen.

Generalitateak, horrenbestez, aldebakarreko bideari muzin egiten diola dirudi. Hori da, hain justu, ERC Esquerra Republicanak momentu honetan eskatzen duena. Torra JxC Junts Per Catalunyakoak esan zuen, halere, iazko U-1eko erreferenduma, U-3ko geldialdia, eta U-27ko inpendentzia aldarrikapena direla Kataluniako Gobernuaren —ERCren eta JxCren— proiektuaren «abiaburuak». Ez zuen desobedientziaz aipamen bat bere ere egin, ordea. Azpimarratu zuen, bestalde, «modu aldebikoan» eta «Espainiarekin batera» aurkitu nahi dutela gatazkaren irtenbidea.

Katalanez mintzatu zen hitzaldi ia osoan. Ohi duen moduan, idazleen, historiagileen edota politikarien aipamenak egin zituen, eta ukitu hotsandikoa, epikoa, eman zien bere hitzei. Espainolez aritu zenean espainiarrei zuzendu zitzaien, haiei mezu argi bat helarazteko: «Hitz egiteko, elkarri entzuteko eta negoziatzeko ordua da; baita arriskatzekoa ere. Ez dugu ez garailerik, ez garaiturik ere nahi; garaipen partekatua nahi dugu».

Hori eskuratzeko «aukerak» ere izan zituen ahotan. Nazioartean dago aukeretako bat, haren ustez. «Kausa kataluniarrak aurrera egin du nazioartean». Gogorarazi zuen, gainera, Europako justiziak «lotsagarri utzi» duela «Espainiaren jazarpen politikoa».

Eta preso edo erbestean dauden politikari kataluniarrak gogoan, nabarmendu zuen ez duela «absoluzioa» ez den beste sententziarik onartuko. «Sententzia absoluzioa ez baldin bada, Kataluniako herriaren esku jarriko dut neure burua». Hala laburbildu zuen: «Edo askatasuna, edo askatasuna».

Carles Puigdemont Generalitateko presidente kargugabetuarekin biltzekoa da gaur Bruselan, eta errepublika gauzatzeko ahaleginean hark Errepublikaren Kontseiluan duen egitekoa nabarmendu zuen. «Errepublikaren Kontseiluak bozgorailu garrantzitsua izan behar du». Kataluniara bueltatuz, ERCk eta JxCk haien gobernu planean martxoan adostutako prozesu konstituziogilea abiatzeko deia egin zuen zehaztasunik eman gabe, baina berriro herritarrei zuzenduz «Foro konstituziogile bat proposatzen dut. Kontsentsu sozialetan oinarrituta, prozesu konstituziogile bateranzko bidea hartu behar dugu».

Torraren hitzaldia 20.07 zirenean bukatu zen. Isabel Zelaa Espainiako Gobernuko bozeramailea berehala agertu zen hedabideen aurrera, eta erantzun zion independentistek ez dutela «gehiengo sozialik». Izan ere, Torrak atzo esan zuen katalanen %80 dagoela autodeterminazio erreferendumaren alde. Dena dela, Zelaak ez zion elkarrizketari biderik itxi, eta esan zuen Torrari «aukera politiko bat» eman behar zaiola, «kontsentsuak» bilatze aldera. «Epai judizialak errespetatu behar dira», gaineratu zuen.

Domenechen dimisioa

Xavier Domenech Catalunya En Comuko liderrak dimititu egin du. Beraz, bai Kataluniako Parlamentuan zuen diputatu aktari, baita gainontzeko kargu politikoei ere uko egin die. Politikoki eta pertsonalki «akituta» dagoelako hartu du erabakia, horren berri emateko Facebooken argitaratutako oharrean dioenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.