Gastu eta zailtasun gehiago

Londresek bigarren azalpen sorta eman die herritarrei akordiorik gabeko 'brexit' baten inguruan. Britainiarrek EBn izango lituzketen arazoez aritu da: gidabaimena ukatzea edo roaminga itzultzea

Dominic Raab brexit-erako ministroa, atzo, gobernuaren bileraren aurretik. FACUNDO ARRIZABALAGA / EFE.
ander perez zala
2018ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Oraingoan ere, arazoak. Akordiorik gabeko brexit baterako bigarren azalpen sorta kaleratu zuen atzo Erresuma Batuko Gobernuak, eta, abuztuan lehen sorta publiko egin zuenean gertatu bezala, eragozpenak, arazoak eta zailtasunak nabarmentzen dira ohar teknikoen edukian. Iragan hilean, Theresa May lehen ministroak argi utzi zuen ohar horien helburua dela «herritarrei eta enpresei jakinaraztea zer egin beharko duten akordiorik izan ezean, oinarrizko planak eta prestakuntzak egiteko». Ordea, Mayren gobernuak irtenbide gutxi eman ditu oraingoan ere, eta arazoak deskribatzera mugatu da. Ondorioak argigarriak dira: Mantxako tunela egunero autoz igarotzen duten 11.600 britainiarrek baimen berezi bat beharko lukete, EB Europako Batasuneko estatuetan ez bailiekete onartukogidabaimena —ikusteko dago zenbat itxaron beharko luketen baimen berezia lortzeko—. Eta berdin gertatuko litzaieke EBra oporretara joaten direnei —ez, ordea, kontrako bidea egingo luketen estatu kideetako herritarrei—. Hori gutxi balitz, betiere ohar teknikoen arabera, roaminga britainiarren egunerokora itzuliko litzateke akordiorik adostu ezean, EBk duela gutxi kendu zuen arren. Vodafonek, esaterako, jada adierazi du ez lukeela gainkostu hori aplikatuko, baina ikusteko dago gainontzekoek zer egingo luketen.

Orain, negoziazioek hartuko duten bidearen arabera, litekeena da pasaportea berritzeko eskariak areagotzea Erresuma Batuan. Izan ere, ohar tekniko batek ohartarazi du iraungitze data sei hilabete barru duten pasaporteek ez dutela baliorik izango kontinentean sartzeko, EBko estatuek sarrera debekatuko baitiete, eta berdin gertatuko litzaieke kontinentean bizi diren britainiarrei; horregatik, Londresek ohartarazi die ahalik eta azkarren egunera dezatela euren egoera.

Arazo horiei guztiei aurre egingo baliete ere, britainiarrek zein EBko herritarrek garraiobide garrantzitsu bat gal lezakete: Nathalie Loiseau Frantziaren Europako gaietarako ministroaren arabera, Londres Frantziarekin eta Belgikarekin lotzen duten Eurostar trenak ez luke funtzionatuko.

Abuztuan jakinarazitakoak

Iragan hilean publiko egindako oharretan ere arazoak nabarmendu ziren: EBko produktuak erosterakoan, britainiarrek egungoa baino prozesu motelago bati eta prezio garestiagoei egin beharko liekete aurre kreditu txartelaz ordainduz gero; EBn bizi diren britainiarrek kontu korronterako sarbidea gal lezakete; ospitaleek eta klinikek, esaterako, akordio berriak beharko lituzkete EBko sendagaiak inportatzeko; eta ikasle britainiarrek ezingo lukete Erasmus programan parte hartu.

Harrigarriena izan zen, ordea, Ipar Irlandaren eta Irlandako Errepublikaren arteko merkataritzaz Londresek emandako gomendioa: «Gure gomendioa da [...] Irlandako Errepublikari galdetzea zer prestakuntza beharko liratekeen». Esaldi horrek agerian utzi du, berriz ere, Londresek ez dakiela nola eragotzi Irlanda barneko muga gogorra. Horiek horrela, Dominic Raab brexit-erako ministroak zera ohartarazi zuen atzo, The Daily Telegraph egunkariak publikaturiko zutabe batean: Erresuma Batuak 43.680 milioi euroko faktura ordainduko duela soilik akordioren bat izanez gero.

Hilabete erabakigarriak

EBrekin adosturiko egutegiaren arabera, Erresuma Batuak datorren urteko martxoaren 29an utziko dio estatu kide izateari. Berez, bi aldeek datorren hilabete amaierarako adostu behar dute akordioa, baina azken asteotan epemuga azaro hasierara luzatzeko aukera jarri dute mahai gainean.

Aste horietarako bidean, hiru hitzorduk finkatuko dute negoziazioen geroa: datorren asteazken eta ostegunean, Europar Kontseiluko agintariak Salzburgon (Austria) elkartuko dira, bilera informal batean; urriaren 3an, Alderdi Kontserbadorearen Kongresuan, Mayk hitzaldi erabakigarri bat emango du; eta, datorren hileko 18an eta 19an, Europar Kontseilua berriz ere elkartuko da. Akordioaren %80 adostuta dago, baina oraindik «zailena» falta da, Bruselaren arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.