Azken sei urteetako azaro apalenak mila langabe gutxiago utzi ditu

Batez ere zerbitzuen sektorearen jarduerak bultzatu du beherantz langabezia. Hego Euskal Herrian 154.514 langabe daude, iaz baino 9.000 gutxiago. Hamar langabetik seik ez dute inolako ordainik

Jon Fernandez.
2018ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Azken sei urteetako azarorik apalena izan da langabeziaren jaitsierarentzat. Urrian baino 1.079 langabe gutxiago zeuden azaroan izena emanda Lanbiden eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuan. Iazko azaroan, berriz, 1.861 langabeko jaitsiera gertatu zen, eta 2016an, ostera, 3.261 langabeko jaitsiera. Langabeziak eutsi egin dio beherako joerari, baina erritmoa moteltzen ari da. Hegoaldean 154.514 langabe zeuden azaroan, gehien-gehienak emakumeak (%57,2).

Bi enplegu zerbitzuetako datuak INEk emandako datuekin erkatuz gero, Hego Euskal Herrian langile aktiboen %11,6 daude lanik gabe. Ohi bezala, zenbaki berberen gainean interpretazio kontrajarriak egin dituzte gobernuek eta sindikatuek. Gasteizko eta Iruñeko gobernuek langabeziaren beherako joera nabarmendu dute; alabaina, sindikatuek ohartarazi dute langabeziaren datuak baliatzen dituztela lan merkatuaren prekaritatea ezkutatzeko.

Seigarren urtez jarraian egin du behera langabeziak azaroan Hego Euskal Herrian. Gainera, oraingoan, lurralde guztietan jaitsi da langabe kopurua: bai hilabete arteko aldean, bai urte artekoan.

Hain zuzen ere, urteko bilakaerari erreparatuz gero, Nafarroan jaitsi da gehien langabe kopurua, %6,26 hain justu: joan den azaroan, 33.015 langabe zeuden, aurreko hilabetean baino %0,49 gutxiago. Bizkaian, %5,61 egin du behera langabeziak iazko azarotik aurtengora bitartean: 69.566 langabe daude, urrian baino %0,83 gutxiago. Gipuzkoan, bestalde, %5,29 jaitsi da langabe kopurua urtebetean: 32.038 langabe daude, urrian baino %0,69 gutxiago. Azkenik, Araban, %4,20 jaitsi da langabezia urtebetean: 19.895 langabe zeuden joan den azaroan, aurreko hilabetean baino %0,66 gutxiago.

Langabeziak sektore guztietan egin du behera azaroan, lehensektorean izan ezik. Baina batez ere zerbitzuek bultzatu dute behera langabezia —urrian baino 804 langabe gutxiago zenbatu dituzte azaroan sektore horretan—.

Igoera apala afiliazioan

Gauza bat da zenbat pertsona dauden enplegu barik, eta beste bat zenbat dauden lanean. Horretarako, Gizarte Segurantzan kotizatzen duten langile kopuruari erreparatu behar zaio, eta azaroan gora egin du erregistroak: urrian baino 777 langile gehiago ari dira kotizatzen. Bada igoera, baina iazko igoera bezainbestekoa (4.093 kotizatzaile berri gehitu ziren). Era berean, urtebetean 26.175 kotizatzaile berri lortu ditu Gizarte Segurantzak, 2016ko azarotik 2017kora lortutakoak baino ia 1.900 gutxiago.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuak nabarmendu du langabeziak bereziki epe luzeko langabeen kolektiboan egin duela behera: «Epe luzekoen artean %8,3 jaitsi da langabezia, eta %1,9 epe laburreko langabeen artean». Halaber, azaldu du EAEn kontratu mugagabeen igoera %21 izan dela iazko datuarekin alderatuta. Hala ere, azaroan Hegoaldean sinatutako 115.930 kontratuetatik %8 baino ez ziren izan mugagabeak.

Erosahalmenaren galera

Datu berberen analisi kritikoa egin du LABek: «Lanaren panoramaren bilakaera oso hauskorra da, eta ez du oinarri sendorik, enplegu prekario eta gaizki ordaindutakoen sorreran oinarritzen delako nagusiki». Azaldu du 2008tik hona %7 jaitsi dela soldaten erosahalmena, baina soldatarik apalenen «jaitsiera erreala» %22 baino gehiagokoa izan dela.

Bestalde, hamar langabetik seik ez dute langabezia saririk jasotzen. Hori dela eta, Miguel Laparra Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako lehendakariordeak azpimarratu du «bermatutako errenta laguntzeko tresna propioak izatearen garrantzia, errenta bermatuak estatuaren sistemaren gabeziak leuntzeko balio duelako».

Enpleguaren kalitate txarraren erakusgarri, lanean aritu arren enplegu bila dabiltzanen kopuruaren igoeraz ohartarazi duLABek: «Okupatuta egonik enplegu hobearen bila izena emanda daudenen kopurua laukoiztu egin da hamar urtean: 140.000 pertsona baino gehiago dira». Sindikatuaren arabera, zenbaki horrek erakusten du jendea ez dagoela pozik eta asebeteta sortutako enpleguaren kalitatearekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.