Batasunaren aldarrikapena

Frantziak eta Alemaniak Akisgrango Hitzarmena sinatu dute. «Desafioen» aurrean EB bera eta haien arteko aliantza indartu asmo du. Bruselak Europako «erabateko» integrazioaren alde egin du

Macron Frantziako presidentea eta Merkel Alemaniako kantzilerra, elkar besarkatzen, atzo, Akisgrango Udaletxera sartu aurretik. SASCHA STEINBACH / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Joera euroeszeptikoen gorakada, «terrorismoa», klima aldaketa, immigrazioa, brexit-a... Frantziaren eta Alemaniaren iritziz, gaur-gaurkoz «desafio» horiei aurre egin behar die EB Europako Batasunak, eta, horregatik, Akisgrango Hitzarmena sinatu dute Emmanuel Macronek eta Angela Merkelek. Bide batez, II. Mundu Gerraren ondoren bi herrialdeek adiskidetzeko egindako Eliseoko Hitzarmena (1963) gaurkotu dute. Frantziako presidenteak eta Alemaniako kantzilerrak atzo izenpetutako hitzarmenaren helburua da gerra hartaz geroztik aliatu estrategikoak izan diren bi herrialdeen arteko harremana sendotzea eta EBri beste bultzada bat ematea.

Bi estatuek azkeneko urtea igaro dute hitzarmena mamitzen, eta ez da kasualitatea brexit-aren auzia puri-purian dagoenean eta Europako Parlamenturako hauteskundeak egiteko lau hilabete besterik falta ez direnean ematea adostutakoaren berri.

Macroni iruditzen zaio Alemaniak eta Frantziak osatutako ardatzari dagokiola EBren gurditik tira egitea, eta, hori dela eta, akordioa «ezinbestekoa» dela adierazi zuen atzo. «Europa nazionalismoen mehatxupean dago, asaldatuta brexit-ak eragindako minarengatik, eta kezkatuta maila nazionaletik haratago doazen aldaketa globalengatik. Alemaniak eta Frantziak ardura hartu behar dute, eta jarraitu beharreko bidea adieraztea dagokie», nabarmendu zuen Eliseoko maizterrak. Haren hitzetan, egun «mehatxua» ez dator bizilagunen aldetik, baizik eta «Europa kanpoaldetik», eta «gure gizartearen barrenetik». Merkelentzat, «une bereziak» bizitzen ari da EB, eta «etorkizunera norabideratutako» erantzun «ezberdinak, argiak» behar dituzte herritarrek. Hamasei orrialde dauzka hitzarmenak, eta, besteak beste, segurtasunaz, lankidetza ekonomikoaz, teknologiaz, atzerri politikaz, hezkuntzaz, kulturaz eta gizarte zibilaz mintzo da, baina horietan sakondu gabe, edo neurri zehatzak proposatu gabe, behintzat.

Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak eta Donald Tusk Europar Kontseiluarenak ere parte hartu zuten Akisgrango Udaletxean (Alemania) egindako zeremonian. Tuskek hitza hartu zuen, eta «ohartarazi» nahi izan zuen Europa osoaren «erabateko» integrazioak behar duela izan EBren helburua: «Itzulinguruka ibili gabe esango dut: Parisen eta Berlinen seinale argi bat behar du Europak, konturatzeko formatu txikietan indartutako lankidetza ez dela Europa osoarentzako lankidetzarentzako alternatiba bat».

Bestalde, eta EBren mugetatik kanpo eginez, Alemaniak eta Frantziak elkarrekin indarra eginez jokatu nahi dute NBE Nazio Batuen Erakundearen barruan. Hitzarmenak dioenez, bi herrialdeen lehentasunetako bat izango da Alemania bilakatzea NBEren Segurtasun Kontseiluko kide iraunkor. AEBak, Txina, Errusia, Erresuma Batua eta Frantzia dira kide iraunkorrak.

Sinbolismoa

Sinbolismoz beterikoa izan zen atzoko ekitaldia. Batetik, kontuan hartu behar da atzo bete zirela 56 urte Konrad Adenauer Alemaniako Errepublika Federaleko presidenteak eta Charles de Gaulle Frantziakoak Eliseoko Hitzarmena sinatu zutenetik.

Eta, bestetik, ez da kasualitatea Akisgran izatea Alemaniak eta Frantziak hitzarmena izenpetu duten tokia. Karlomagnok han ezarri zuen bere gortea VIII. mendean, eta Frantziak inperio hori jotzen du egungo estatuaren iturburutzat. Akisgrani Aix-la-Chapelle esaten diote frantsesez. Alemanian dago gaur egun, baina handik gertu daude Belgikako, Herbehereetako, Luxenburgoko eta Frantziako lurrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.