2017an halako lau kontratu iruzurti aldatu zituen iaz Lan Ikuskaritzak

Jaurlaritzaren ikuskaritzak ikertutako 18.000 kontratuetatik 7.860 aldatu behar izan dituzte, legeari iruzur egiten ziotelako. Lan munduan ezarritako zigorretan 5,6 milioi euro batu dituzte, %42 gehiago
Lan Ikuskaritzak segurtasun arrazoiengatik geratutako lan bat, Donostiako noria desmuntatzearena, joan den astean.
Lan Ikuskaritzak segurtasun arrazoiengatik geratutako lan bat, Donostiako noria desmuntatzearena, joan den astean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Beñat Alberdi -

2019ko otsailak 21
Arakatzen hasi eta kontratazioetan iruzur handiak egiten direla egiaztatu du Eusko Jaurlaritzako Lan Ikuskaritzak. Haren ekinaldiaren ondorioz, iaz enpresek 7.860 kontratu aldatu behar izan zituzten Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian. 2017an, 1.979 lege urratze azalarazi ziren, eta, joan den urtean, horiek ia halako lau .

Guztira, 19.991 lan kontratu pasatu ziren ikuskaritzaren eskuetatik. Ia 8.000 aldatu behar izan dituzte. «Orain, finko edo lanaldi osoko bihurtu dira», azaldu zuen atzo Maria San Jose Eusko Jaurlaritzako Lan sailburuak. «Berrikusitako kontratuen %44k legeari iruzur egiten zioten», gaineratu zuen San Josek, eta ikuskaritzaren «eraginkortasunarekin» lotu zuen zenbakiak igo izana.

Hiru arlo kontrolatzen dituzte Gasteizko gobernuaren ikuskariek: lan baldintzak, segurtasuna eta lan osasuna, eta kontratuen eta laguntzen zilegitasuna. Hiru arlo horietan 21.360 esku hartze osatu zituzten iaz, 832 kasuri aurkitu diete arau hausteak, eta, horren ondorioz, zigorrak ezarri. Guztira 5,6 milioi euro batu zituen ikuskaritzak isunetan, aurreko urtean baino %42 gehiago.

Iruzurretatik kanpo

Kontratazioetan iruzurrak eta lanaldi partzialen kontratazioak ikertzen osatutako lana goraipatu zuen sailburuak, baina baita Ikuskaritzak egindako lana, lan istripuak ikertzeko eta emakumeen berdintasuna sustatzeko.

Istripuak bi taldetan sailkatu dituzte. Heriotza bat eragin duten edo oso larriak izan diren lan istripuak zuzenean ikertu dituzte; larriak eta arinak, berriz, lan txanden arabera. Ikerketak medio, istripu larrienetan zazpi zehapen espediente jaso dituzte enpresek, baita konpontzeko bederatzi errekerimendu ere.

Horrez gain, azpikontratazioak zorrotz kontrolatu dituztela dio Jaurlaritzak. «Azpikontratazio zuzen eta egokiak zirela ikuskatu nahi genuen, ez legez kontrakoak», argitu zuen Iciar Gonzalez Lan Ikuskaritzako zuzendariordeak. Alor horretako ikerketetan garbiketa zerbitzuek izan dute berebiziko garrantzia. Osatutako lan guztien %51 izan dira.

2019an, Lan Ikuskaritzak emakumeek duten egoeran jarriko du arreta. Soldata arrakala eta lan baldintzak berdindu nahi dituzte. «Berdintasuna sustatzeko lana bitarteko estrategiko bat da», nabarmendu zuen Gonzalezek. «Soldata arrakalari aurre egiteko Lan Ikuskaritzak postu pribilegiatua dauka euskal estrategian». San Josek, berriz, plan bat diseinatu dutela zehaztu zuen: «Ordainsari Berdinerako Ikuskapen Plan bat daukagu, giltzarria izango dena. Ordainsari Berdintasunerako Planean sartzen dira iruzur ereduak aurreikusteko programen bidezko soldata-auditoretzak».

Horrez gain, egoerari aurre hobeto egiteko unitate espezializatuak jarriko dituzte abian. Formakuntza zehatza jasoko dute espezializatutako teknikari emakumeek, berdintasunarekin lotutakoak oro har, soldata desberdintasunari buruzkoa zehazki.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna