Hirugarren modeloarekin Landabenek lehiakortasuna galduko lukeela dio VWek

Herbert Diess taldeko arduradunak baztertu egin du «oraingoz» beste modelo bat ekoiztea Iruñean, ez delako «beharrezkoa» eta kaltegarri litzatekeelako

Herbert Diess VW taldeko kontseilari ordezkaria, Berlinen, iazko akziodunen biltzarrean. HAYOUNG JEON / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2019ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Landabengo bi sindikatu nagusien eta zuzendaritzaren itxaropenak apaldu ditu Volkswagenek. Aurreko astean, sei urterako lan hitzarmenaren inguruko akordioa lortu zuten UGTk, CCOOk eta Iruñeko lantokiko arduradunek, eta zuzenean lotu zuten haren onarpena Polo eta T-Cross modeloez gain beste bat ekoizteko aukerarekin. Atzo, Herbert Diess taldeko kontseilari ordezkariak baztertu egin zuen hirugarren modeloa ekartzea, «oraingoz». Haren ustez, Iruñeko fabrika ezin liteke gehiago zabaldu,eta, horregatik, «lehiakortasuna galduko luke» modelo ugari ekoitziz gero. «Ez da beharrezkoa. Ez dugu ahalmenik ezta bi modelo egiteko ere. Zertarako?».

VW taldeak hauspotu du zurrumurrua. Otsailaren 19an, Andreas Tostmann Logistika eta Ekoizpen arloko arduradunak azpimarratu zuen epe luzeko lan hitzarmen bat izateak «asko» lagunduko lukeela hirugarren modeloa lortzeko.

Mezua eraginkorra izan zen: langileen batzordean gehiengoa duten UGTk eta CCOOk oso iraupen luzeko hitzarmena bermatu diote VWi, sei urtekoa. Hitzarmenak honako neurri hauek jasoko ditu: sei urterako soldata igoerak, 2023ra arte 650 langile aurrez erretiratzea errelebo kontratu bidez, eta 300 eta 500 lanpostu artean sortzeko konpromisoa... Langileen batzarrak oraindik ez du akordioa berretsi, baina CCOOko afiliatuek, adibidez, ontzat eman dute edukia.

Hala ere, ikusteko dago zer gertatuko den hirugarren modeloarekin. Genevan (Suitza) egiten ari diren nazioarteko automobil azokan, Juergen Stackman VWeko salmenta eta ekoizpen arduradunak adierazi zuen oraindik ez dela erabakirik hartu. Stackmannen arabera, Polo eta T-Cross modeloak «erritmo bizian» ari dira ekoizten: «Nafarroako taldeak lan bikaina egin du Poloaren ekoizpenaren lidergoa hartuta, eta harro nago eurekin. Nafarroak etorkizun bikaina dauka».

Hala ere, Diess kontseilari ordezkariak ahulgune gisa ikusten du modelo gehiago egitea: «Modelo asko ekoitziko balitu, lehiakortasuna galduko luke. Saiatuko gara beti ahalik eta modelo gutxien egiten. Fabrika ezin liteke gehiago zabaldu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.