Muñoz: «Krisiak indartsuago egin gaitu kohesio eta ideologia aldetik»

ELAko ardura apirilaren 5ean utziko du Muñozek, baina «transmisioa bermatuta dago, hausnarketa partekatu bati ahotsa jartzen baitio idazkari nagusiak». Donostian izango da ezohiko biltzarra
Adolfo Muñoz, atzo, ELAk egingo duen ezohiko kongresua aurkezteko egindako prentsaurrekoan. Idazkari nagusi moduan egindako azkena.
Adolfo Muñoz, atzo, ELAk egingo duen ezohiko kongresua aurkezteko egindako prentsaurrekoan. Idazkari nagusi moduan egindako azkena. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Lander Muñagorri Garmendia -

2019ko martxoak 14
Adolfo Muñoz badoa, eta atzo erreleboaren ingurukoak jakinarazi zituen. Sindikatua «osasun onean» utzita esango dio agur ELAko idazkaritza nagusiari, apirilaren 5ean. Azken urteotako kudeaketa defendatuz egin zuen Muñozek, Bilbon, seguruenera ELAko buru gisa izango duen azken agerraldia. 2008an bihurtu zen idazkari nagusi, krisia piztu berritan, eta denbora tarte horretan sindikatua egonkortu egin dela esan zuen: «Krisiak indartsuago egin gaitu kohesio eta ideologia aldetik». Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hauteskunde sindikaletan «ia tope historikora» iritsi da ELA, ordezkarien %41 gaindituta, eta Nafarroan %22,8 lortuta. «Beharrezkoa izango da hori dena, neoliberalismoa eta autoritarismoa gora egiten ari baitira». Mitxel Lakuntza buru dela ere mezu horren transmisioa «bermatua» dagoela uste du: «Idazkari nagusiak hausnarketa bateratu bati jartzen dio ahotsa; batzuek esaten dutenean idazkari nagusiarekin arazoak dauzkatela, guk diogu ezetz, arazoa ELArekin daukatela».

Erretiroa hartzeko atarian ere, ezkerrari eta eskuinari egin zizkion kritikak: «Autoritarismo handia dago gaur egun. Urkullu eta Bolsonaro ez dira berdinak, baina hemen aldizkari ofizialaren bidez gure sindikatua indargabetu nahi dute». Egoera larria dela uste du, azken urte hauetan eskuina gero eta erosoago dabilelako gobernatzen. «Europan esparru instituzional bat osatu dute, eta edozein alderdi erakundeetara iristen denean ia politika berberak egiten dituzte. Ezkerra zentroaren bila dabil, baina, zentroa eskuinera mugitzen ari diren heinean, eskuineko politikak egiten dituzte ezkerreko alderdiek».

Alderdiekiko independentzia gauzatu, eta haiekiko distantzia handitu du ELAk Muñozen garaian; horrek harremanak «kaskartu» dituela uste du. Baina politika horrek saria izan du hauteskunde sindikaletan eta afiliazio datuetan. «Errealitatetik aldendu gabe borrokatu gara», azaldu zuen, eta sindikatua «jendearentzat eraginkorra» bihurtu dela. «Kontrabotereko sindikatu batek bere oinarriko militanteetan bilatu behar du indarra, eta guk hori lortu dugu». Azken urteetan sindikatura gazte eta emakume asko sartu direlako «pozik» azaldu zen, baina langabeziak eta lan istripuek sortzen dioten tristura ezkutatu gabe. «Prekaritatea lan mundu osoan hedatzen ari da, eta erakundeek lan baldintzak langileekin negoziatu nahi dituzte zuzenean, sindikatua baztertuta. Antolaketaren aurka jo nahi dute». Horregatik, oldarraldi horri aurre egiteko prest egon behar dela ohartarazi zuen.

Muñozen lekukoa

Hiru aste barru egingo du ezohiko kongresua sindikatuak, Donostiako Kursaalean, 736 ordezkarirekin. Idazkari nagusiaren kargurako Mitxel Lakuntza proposatuko du ELAko nazio batzordeak, azken hamabi urteetan Nafarroako arduraduna izan dena. Muñozek batzorde eragilean utziko duen hutsunea Maialen Aranburuk beteko du.

Ivan Gimenez komunikazio arduradunak emandako datuen arabera, kongresuan parte hartuko duten ordezkarien %45 emakumeak izango dira —duela bi urte %42 izan ziren—, eta parte hartuko dutenen adina 42 urtekoa izango da batez beste. Indar Betean lelopean egingo dute ekitaldia, eta duela bi urteko kongresuko ponentziari hiru ebazpen txertatuko dizkiote: batetik, eskuin muturraren gorakadari lotuta, gizarteak behar duen eraldaketa sozial, ekologiko eta feministari buruzkoa; bestetik, lan baldintzen prekarizazioari buruzkoa; eta, azkenik, burujabetza prozesuari buruzkoa.

Azken ebazpen horren arabera, «estatuarekin ez dago aldebikotasunerako aukerarik», eta, horregatik, ezkerretik prozesu subiranista bat abiatzeko beharra aldarrikatuko du sindikatuak. «Erakundeen aldetik pultsu falta ikusten dugu».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna