Herbehereetako hiri batean hiru lagun hil ditu gizon batek

Utrechteko Poliziak atxilotu egin du tiroketaren susmagarria, erasoa gertatu eta zortzi bat ordura. Rutte lehen ministroak adierazi du «kezkagarria» dela egoera. Ez daude argi erasoaren arrazoiak

Poliziako Indar Bereziko kideak, tiroketa izan zen tranbia miatzen, atzo, Utrechten. RICARDO SMIT / EFE.
ander perez zala
2019ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Beldurra zabaldu zen atzo Herbehereetako Utrecht hirian, zortzi orduz. 10:45 aldera, gizon bat tiroka hasi zen tranbia batean, mendebaldeko Urriak 24 plazan, eta gutxienez hiru pertsona hil eta bederatzi zauritu zituen, hiriko alkate Jan Van Zanenek eguerdi aldera jakinarazi zuenez; haren azalpenen arabera, erasoa egin eta berehala egin zuen ihes erasotzaileak. Arratsaldea hasterako, Herbehereetako Poliziak identifikatua zuen ustezko erasotzailea, eta harengana ez hurbiltzeko deia helarazi zien herritarrei, ustezko tiratzailearen argazki bat publiko egitearekin batera; baina, hori egin eta hiru bat ordura, Poliziaren operazioen buruzagi Rob van Breekek jakinarazi zuen jatorri turkiarra duen susmagarria atxilo hartu zutela, erasoa gertatu zen plazatik lau bat kilometrora.

Tiroketaren arrazoiei buruzko xehetasunak ez daude argi. Izan ere, Van Breekek adierazi zuen ez dituztela baztertzen «eraso terrorista» ez diren beste hipotesi batzuk, eta, zehazki, «harreman pertsonalekin zerikusia duen eraso bat» izan zitekeela gaineratu zuen. Turkiako Anadolu albiste agentziaren arabera, susmagarriak «familia arrazoiengatik» egin zion tiro emakume bati, eta horren ondoren beste bi pertsonari, tirokatua laguntzen saiatu zirelako. Efe berri agentziak adierazi zuen, lekukoak aipatuz, ustezko erasotzaileak «arreta ipinita» zuela harekin zihoan emakume batengan, eta «asko haserretu» zela tiro egin zion emakumea laguntzen saiatu ziren bidaiariekin.

Ustezko erasotzailearen profilaz, Herbehereetako RTV Utrecht hedabideak adierazi zuen Poliziak bazuela haren berri hainbat deliturengatik; esaterako, emakume bati mehatxu egiteagatik, kamioi bat lapurtzeagatik —epaitu egin zuten 2013an— eta jazarpen sexualagatik —duela bi aste deklaratu zuen auzitegi batean—. Susmagarria atxilotu zuenean, Poliziak miaketak ere egin zituen «hainbat etxetan», eta beste pertsona bat ere atxilotu zuen; ordea, Poliziaren bozeramaile batek adierazi zuen ez zegoela «argi zenbateraino» duen lotura atxilotu horrek atzo goizeko erasoarekin.

«Indartsuak» izan beharra

Mark Rutte lehen ministroa eguerdi aldera mintzatu zen, etaadierazi zuen egoera «kezkagarria» dela: «Eraso terrorista bat bada, erantzun bakarra daukagu: fanatismoa eta indarkeria baino indartsuagoa izan behar da gure nazioa, gure demokrazia».

Susmagarria atxilotu ostean, Utrecht probintziako «alerta terroristaren» maila bosgarrenetik laugarrenera jaistea erabaki zuen Poliziak, herrialde osokoarekin parekatuz.

Bihar hauteskundeak dituzte Herbehereetan, eta alderdi guztiek atzo erabaki zuten kanpaina bertan behera uztea, oraingoz; atzo hautagai guztien arteko eztabaida zuten Rotterdamen, baina, erasoaren ondoren, ez egitea erabaki zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.