Orduaren adituak luzapen eskean

Espainiako ordu aldaketaren aditu batzordeak «gizartea sentsibilizatzea» eskatu du, inolako apusturik egin gabe. Sanchezen gobernuak gaia alboratu du 2021. urtera arte
Iñaki Goikoetxea tolosarrak Harold Lloyden mozorroa jarri zuen 2006ko inauterietan.
Iñaki Goikoetxea tolosarrak Harold Lloyden mozorroa jarri zuen 2006ko inauterietan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Xabier Martin -

2019ko martxoak 23
Denbora agortu zaie orduaren adituei. Espainiako Gobernuak izendatutako ordu aldaketari buruzko aditu batzordeak erabaki du eskuak garbitzea dela onena, eta Europako Batasunak ezarritako epemuga berria (2021) baliatzea luzapen bat eskatzeko. Hortaz, Espainiak jarraituko du gaur egun indarrean duen ordu erabilerarekin, urtean bitan aldatuz ordularia, bat ordubete atzeratzeko (urrian) eta beste bat ordubete aurreratzeko (martxoan). Eta beraz, urrundu egin da Euskal Herrian bi ordu erabilera desberdin egoteko aukera, bat Hegoaldean eta bestea Iparraldean. 2021. urtera arte behintzat ez du ukituko ordularia Madrilek; Pedro Sanchezen gobernua ohartu da orratzak mugitzen hastea eskua liztor habia batean sartzea bezala dela, eta, lan erreformarekin nahiz beste hainbat gairekin egin duen antzera, orduaren kontuan stand by botoiari sakatu dio.

Bazuen aitzakia. Adituak eztabaidan arituak izango ziren hilabeteotan, baina ondorio argirik ez dute atera; edo ez dute jakinarazi txosten ofizialean bederen. «Espainiak 30 urte egin ditu ordu erabilera berarekin, Alemaniarenarekin bat datorrena, eta jatorria frankismoan duena», azaldu zuen Isabel Zelaak, atzo. Espainiako Gobernuko bozeramaileak esan zuen «Espainiako gizartea eroso» dagoela ordu horrekin, eta, horregatik, aurrerantzean ez dela hori auzitan jarriko; ez behintzat 2021. urterako jarritako iratzargailuak jotzen duen arte.

GMT+2, astebete barru

Batasuneko kideei ordu erabilera finko bat aukeratzeko dei egin zien Bruselasek, iaz, eta horrek adituen batzorde bat jarrarazi zuen martxan Espainian; batzordeak atzera egin du, ordea, eta 2021. urtera arte gaiari ez ekitea onartu du Batasuneko beste gobernantza erakunde guztien ezetzaren aurrean. Izan ere, arantzaz beteriko gaia da, nabarmen eragiten duelako ekonomian, osasunean, sustrai sendoko ohitura askotan, eta beste hainbat arlotan.

Kontu jakina da aditu gehienak neguko ordutegia urte osora zabaltzearen aldekoak direla, eguneko jarduera goizago hasi eta goizago bukatzearen aldekoak, alegia, baina udako arratsalde argitsu luzeak maite dituztenei azaltzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, turismo eragileetatik hasita. Hala, gaur zortzi berriro aldatuko da ordua, eta jende askok gustura hartuko du ordubete gutxiago lo egitea eguna luzatzearen truke. GMT+2rekin egoteak bost haiei, baina gure ordu naturaletik bi ordu aldendurik egongo gara uda osoan, urrian berriro ordularia ordubete atzeratu, eta GMT+1 berreskuratzen den arte. Gero ere ordubeteko desfasea izango da Euskal Herrian GTMGreenwicheko meridianoaren ordu adierazleak finkatzen duenarekiko, hau da, Erresuma Batuarekiko eta Portugalekiko, adibidez.

Sentsibilizazio lanak

PSOEko gobernuak zirt edo zart egiteko osatu zuen adituen batzordea, eta haren erantzuna deigarria da ez duelako ez zirt ez zart egin, «sentsibilizazioa» gomendatu baizik. Ez du ematen ikasketa handiak behar direnik jakiteko gizartea «oso ohitua» dagoela egungo ordu erabilerarekin, eta aldaketak egin aurretik «sentsibilizazio lana» egin behar dela; baina hori da aditu batzordearen ondorio nagusia: 2021. urtera arte, gizarteari azaldu behar zaizkiola energiari begira, osasunari begira eta ekonomiari begira ordu erabilera aldatzeak ekarriko lituzkeen onurak.

Argi esan zuen Zelaa ministroak, atzo: «Ez dago behin betiko erabaki bat». 2021. urtetik aurrera, litekeena da Espainiak, Europako Batasuneko beste kide askoren antzera, ordutegi finko baten alde egitea, udakoaren ala negukoaren alde, alegia, baina adituek ez dute apusturik egin, eta albistea da ez dagoela albistea. «Eragin handia luke apustu bat egiteak», dio Zelaak, ahaztuta hain zuzen ere hori dela-eta osatu zutela adituen batzordea.

CIS Espainiako inkesten zentroak iaz egindako galdeketa handi batek ondorioztatu zuen gehiengo bat dagoela udako ordutegia finko uztearen alde, baina adituek neguko ordutegiaren abantailak nabarmentzen dituzte aldiro. Beraz, ez da arraroa Moncloak martxan jarritako adituen batzordeak luzapena eskatu izana; hauteskundeen atarian, PSOEk saihestu egin du esatea neguko ordutegiaren alde dagoela bere aditu batzordea eta hautu hori litzatekeela onena. «Bai Europako Batzordeak, baita guk ere, gaia lantzen jarraituko dugu 2021. urtera arte».