Alternatibak bilatzeko saiakera

'Brexit'-arekin zer egin zehazteko hainbat proposamen bozkatzekoak dira gaur Komunen Ganberan. Gero eta 'tory' euroeszeptiko gehiago hasi dira Mayren akordioaren aurkako jarrera epeltzen

Theresa May, atzo. Erresuma Batuko lehen ministroa 18:00etan bilduko da, gaur, bere alderdikideekin. NEIL HALL / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Akordiorik gabeko brexit-ari eta Theresa Mayk eta EB Europako Batasunak dibortzioaz adostutako akordioari zer alternatiba planteatu erabakitzen hastekoak dira gaur Komunen Ganberan. Herenegun gauean Erresuma Batuko Parlamentuak onartutako zuzenketa bati jarraikiz, bozketa adierazgarriak deituriko prozedura abiatuko dute, Oliver Letwin Alderdi Kontserbadorekoa buru duen diputatu talde batek planteatutakoa. Ikusita akordiorik gabeko dibortzioak eta Londresek eta Bruselak adosturiko irteerarako testuak ez dutela, gaur-gaurkoz, ganberaren babesik, brexit-arekin zer egin zehazteko proposamen sorta bat eztabaidatzekoak eta bozkatzekoak dira gaur. Parlamentuaren legedia aintzat hartuta, halere, bozketatik eratorritako emaitzak ez dira lotesleak, eta May lehen ministroak herenegun nabarmendu zuen, gainera, ez duela hartuko horiekiko konpromisorik. Halere, brexit-ari buruzko agenda parlamentarioaren kontrola galdu du.

329 parlamentarik bozkatu zuten zuzenketa onartzearen alde—oposizioaren gehiengoak, baita 30 tory-k ere—, eta 302k kontra. Bozketa hasi baino lehenago, hiru Estatu idazkarik dimisioa eman zuten: Richard Harringtonek (Enpresa), Alistair Burtek (Atzerri), eta Steve Brinek (Osasuna). Hirurek bozkatu zuten zuzenketaren alde.

Dena den, oraindik ez dago argi zer proposamen bozkatuko dituzten. Aurreikusten da bat izan daitekeela beste erreferendum batera deitzea; beste bat, akordiorik gabe ateratzea batasunetik; hirugarrena, aduana batasunean jarraitzea dibortzioa gauzatuta ere; baita brexit-a bertan behera uztea ere. Azken asteetan ere bozkatu izan dituzte zuzenketak, baina gobernuak aurkeztutako mozioei buruzkoak izan dira beti.

Erresuma Batuko zenbait hedabidek parlamentuko iturriak aipatuta kaleratutakoaren arabera, gaurko saioa 16:00etan hasiko da, eta eztabaidak 20:00ak arte iraungo du. Hasteko, hori bai, John Bercow ganberako presidenteak erabakiko du zein proposamen aukeratu eta zein baztertu. Bozketa 20:00etan hasiko da, eta emaitzak 22:00ak inguruan jakinaraziko dituzte. Boto kopuru nabarmen bat lortzen duen proposamenik badago —diputatuak ez daude denak bozkatzera behartuta—, astelehenean beste bozketa bat egingo dute. Ikusteko dago, ordea, ordena eta planteamendua bera ez ote dituzten aldatuko azken orduan; eta ikusteko dago, era berean, alderdiek aske bozkatzen utziko ote dieten diputatuei.

Kontuan hartu behar da, hala ere, Mayk ez duela baztertzen Komunen Ganberak dibortziorako akordioa onartzea hirugarren bozketa batean. Financial Times-ek atzo argitaratu zuenez, etzi izan daiteke. Lehen ministroak bozketa hori bertan behera uztea erabaki zuen herenegun, bazekien-eta ez zuela aurrera ateratzeko nahikoa babesik. Hala onartu zuen. Urtarrilaren 15ean, lehenengoz bozkatu zutenean, 230 botoren aldeagatik galdu zuen; martxoaren 12ko bozketan, 149 botorengatik.

Baina May brexiter-ei adierazten ari zaie adostasunik ezak, akordiorik ezak, irteera data maiatzaren 22tik harago atzeratuko duela. Hori dela eta, larritzen ari dira diputatu tory euroeszeptikoenak. Horietako bat da Jacob Rees-Mogg ERG Europako Ikerketa Taldekoa. «Beti pentsatu izan dut akordiorik gabe ateratzea Mayren akordioa baino aukera hobea dela, baina Mayren ituna alde ez egitea baino hobea da», esan zuen atzo. Alderdi Kontserbadoreko laurogei bat diputatuk osatzen dute ERG taldea, eta, orain arte, Bruselak eta Londresek adostutakoaren kontra bozkatu izan dute ia gehienek. Rees-Moggen bide beretik mintzatu zen taldeko beste kide bat, Daniel Kawczynski. Azpimarratu zuenez, duela zenbait aste ERGko batzuk Mayk proposatutakoarekin bat egiten hasi ziren, «tantaka», baina, uneotan, tanta horiek «jario» bihurtu dira. Adierazpen horien harira, ERGko beste kide batzuek belarrietatik tira egin zieten Rees-Moggi eta Kawczynskiri. Mayk eta Bruselak joan den azaroan adostutako akordioa onartzen badu parlamentuak, brexit-a maiatzaren 22an gauzatuko dute.

Horrekin lotuta, zenbait komunikabide kaleratzen ari dira tory euroeszeptikoak akordioaren alde bozkatzeko prest daudela Mayk dimisioa aurkezten badu horren truke. Modu horretan, beste pertsona bat arduratuko litzateke EBrekin etorkizuneko harreman komertziala negoziatzeaz.

Apirilaren 12ra atzeratzea

DUP Irlandako alderdi unionistako hamar diputatuek bozketa adierazgarriak planteatzen zituen zuzenketaren aurka bozkatu zuten herenegun, baina ez daude Mayren akordioaren alde egiteko prest. Izan ere, itun horrek planteatzen du Irlandan muga gogorrik ez egotea. Rees-Moggek zalantzak dituela adierazi eta handik gutxira, Sammy Wilson DUPeko diputatuak The Daily Telegraph-en idatzi zuen Mayren akordioa onartzea baino nahiago duela brexit-a atzeratzea.

Brexit-aren data martxoaren 29tik apirilaren 12ra atzeratu ala ez erabakitzeko bozketa egingo dute gaur parlamentuan (22:00).Dena den, Mayk esan izan du nazioarteko legediak jada biltzen duela Bruselak emandako atzerapena. Diputatuek kontra bozkatzeak lege eztabaida bat eragingo luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.