Norvegiak abortua zaildu du

Parlamentuak lege proiektu bat onartu du, eta, aurrerantzean, umeki bat baino gehiago duten emakumeek batzorde baten oniritzia beharko dute lehen hamabi asteetan abortu selektiboa egiteko

Erna Solberg Norvegiako lehen ministroa, artxiboko irudi batean. HAKON MOSVOLD LARSEN / EFE.
ander perez zala
2019ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Berrogei urteren ostean, Norvegiak atzera egin du emakumeen abortatzeko eskubidean. Truke politiko baten ondorio izan da: Alderdi Kristau Demokrata gobernu koalizioan sartzeko baldintza zen, eta Erna Solberg lehen ministro kontserbadoreak onartu zuen abortua mugatzeko lege proiektua parlamentuan aurkeztu eta horren alde bozkatzea. Orain arte, umeki bat baino gehiagoko kasuetan, emakumearen esku zegoen abortu selektiboa egiteko aukera lehen hamabi asteetan; Norvegiako Parlamentuak, baina, lege aldaketa onartu zuen atzoko ordu txikietan, eztabaida luze baten ostean, eta aurrerantzean batzorde batek izango du azken hitza halako kasuetan.

Solbergen Alderdi Kontserbadoreak 45 diputatu ditu parlamentuan, eta haren koaliziokide Garapenaren Alderdiaren (26) eta Alderdi Liberalaren (8) ordezkariekin 85eko gehiengo osotik hurbil zegoen; hortaz, Alderdi Kristau Demokrataren zortzi diputatuekin, gobernu koalizioak gehiengo osoa du ganberan—2017ko irailean egin zituzten hauteskundeak—.

Otsailean negoziatu eta adostu zuten koalizioa handitzea, baina horren prezioa emakumeen abortatzeko eskubidea mugatzea izan da. 105 ordezkarik bozkatu zuten atzo aldaketaren alde: koalizioko indarren 87 diputatuek, eta oposizioko Zentroko Alderdiaren hemezortzi ordezkarik.

Hortaz, gaurtik aurrera, abortuari buruzko erabakia hartzerakoan, eratuko duten batzordeko adituek kontuan hartuko dute zer adin duen emakumeak, zenbat haur dituen bere gain, gaixotasun larriren bat ote duen eta zer egoeratan dagoen haren familia. Eta emakumeek, beraz, aditu horien baimena beharko dute abortatu nahi izanez gero; azken hiru urteotan 38 abortu izan dira halako kasuetan.

Gobernuaren ustez, atzo onarturiko aldaketak ez ditu emakumeen eskubideak «mehatxatzen», moldaketa «kasu berezi bati» buruzkoa baita. Per-Willy Amundsen diputatu kontserbadoreak argudiatu zuen legea «egokitu» egin dutela: «Aldaketak naturalak dira. Garrantzitsuak ziren arazo etikoei erantzun diegu».

Protesta ugari

Abortua mugatzeko asmoak eta erabakiak eztabaida piztu dute hilabeteotan. Horren adibide izan zen Martxoaren 8an abortatzeko eskubidearen aldeko manifestazio ugari egin izana Oslo hiriburuan, Defendatu abortatzeko eskubidea, desagerrarazi batzordeak lelopean; bai eta atzo arte parlamentuaren parean egindako protestak ere.

Ezkerreko alderdiek hainbatetan egin dute gobernu koalizioaren asmoaren aurka ganberan ere, baina ez dute lortu lege proiektua oztopatzea; Zentroko Alderdiaren hemeretzi diputatuak kontuan hartu gabe, ezkerreko alderdiek 62 ordezkari dituzte ganberan. Alderdi Laboristak du diputatu kopururik handiena: 49.

Bozketaren ostean, laboristen buruzagi Jonas Gahr Store oso kritiko agertu zen emaitzarekin, eta adierazi zuen «beldur» dela, atzoko erabakiak abortatzeko eskubideari murrizketa gehiago egiteko aukera zabal dezakeelakoan.

Munduan gertatzen ari den joera batekin lotu zuen gertaturikoa: «Begirada altxatzen badugu, ikus dezakegu indar erlijiosoak eta eskuindarrak aurrerapausoak egiten ari direla herrialde askotan, emakumeek abortuaren inguruan erabakitzeko eskubidea murriztuz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.