Von der Leyen Europako Batzordeko presidente izendatu du parlamentuak

383 europarlamentarik babestu dute haren hautagaitza, eta bederatzi botoren aldearekin lortu du izendapena. Ekologia eta berdintasuna aldarrikatu ditu

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidente izendatu berria, bozketaren emaitzak jakin berritan, atzo, Europako Parlamentuan. PATRICK SEEGER / EFE.
Andoni Imaz.
2019ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Ez da ezustekorik egon Europako Parlamentuan: Ursula von der Leyen, EB Europako Batasuneko estatu kideetako agintariek aurkeztutako hautagaia, Europako Batzordeko presidentea izango da. Von der Leyenek Alemaniako Defentsa ministro izateari utziko dio, eta Jean-Claude Juncker ordezkatuko du batzordean. Europako Batzordeko presidente kargua hartu duen lehen emakumea izan da —gauza bera egin zuen Alemaniako Defentsa ministro izendatu zutenean—. Von der Leyen batzordeko presidente izendatzearen alde agertu ziren atzo 383 europarlamentari; 327 kontra agertu ziren, eta 22 abstenitu. Ezkutuko bozketa egin zuten Estrasburgon (Frantzia). 374 boto behar zituen gehiengo osoa lortzeko, eta bederatziko tartearekin eskuratu zuen izendapena.

Von der Leyenen alderdiak, EAP Europako Alderdi Popularrak, berehala eman zuen hautagaitza babesteko asmoen berri, baina gainontzeko talde politikoen babesa kolokan egon zen azkenera arte. Parlamentuko bigarren eta hirugarren talde handienek, sozialdemokratek eta liberalek, bozketaren aurretik adierazi zuten Von der Leyenen aldeko botoa emango zutela. Azkenean, 383 parlamentarik egin zuten hautagaiaren alde. Hiru talde handien artean, 444 dira, baina 751 parlamentaritik 733k eman zuten botoa atzo. Dena den, aurrez egindako kalkuluek gutxienez 400 boto ematen zizkioten; beraz, sozialdemokraten edo liberalen boto ugarik egin zioten ihes Von der Leyeni.

Europa «elkartua eta indartsua, mendebaldetik ekialdera eta iparraldetik hegoaldera, etorkizunaren alde borroka egiteko prest, elkarren kontra egin beharrean», aldarrikatu zuen Von der Leyenek, izendapenaren ondorengo hitzaldian. Halere, atzo goizean izan zuen Europako Parlamentuan haren proiektua aurkezteko aukera. Asmo handiko hitzaldia eman zuen orduan, ordura arte erabakirik hartu ez zuten sozialdemokraten eta liberalen botoak eskuratzeko asmoz, batez ere. Anbizioz betetako proposamenak aurkeztu zituen, klima larrialdiari, herrialdeen ekonomiari eta Europako erakundeen funtzionamenduari erreferentzia eginez, besteak beste.

«Akordio berdea» nahi du Von der Leyenek: «2050. urterako, Europa klima neutraltasuna lortzen duen lehen kontinentea izatea nahi dut», adierazi zuen. Egun, Europaren asmoa da CO2 isuriak %40 jaistea 2030. urterako; «ez da nahikoa». Von der Leyenek ordurako %50 edo %55 jaitsi nahi ditu. Horretarako, promes egin du haren agintaldiko lehen ehun egunetan jarriko duela martxan aurreneko Europako Klimaren Legea, 2050. urterako dituen «asmoak lege bihurtzeko».

Klimarena ez zen izan izendatu aurreko orduetan eman zuen hitzaldiaren gai bakarra. Aipatu zituen, besteak beste, datorren hamarkadan bilioi bat eurora arteko inbertsio jasangarria mobilizatzeko plan bat, Europako gutxieneko soldata interprofesionala, Europako Parlamentuko hautetsien eta batzordeko presidentetzaren arteko lotura estutzeko batzar bat, eta balio demokratikoen eta zuzenbide estatuaren gaineko zainketa zorrotza Europako herrialde guztietan.

Ez ditu denak konbentzitu

Gainera, programa erakargarri bat aurkeztearekin batera, haren lidergoaren irudi on bat aurkezteko ahalegina ere egin zuen Von der Leyenek. 43 minutuz hitz egin zuen, ingelesez; pasarte batzuk frantsesez eta alemanez egin zituen, Europa osoari keinu bat egiteko asmoarekin. Bizipen pertsonalekin ere jantzi zuen hitzaldia: besteak beste, kontatu zuen Siriako errefuxiatu gazte bat jaso zuela behin etxean.

Antza denez, hitzaldiak balio izan zion SD Sozialisten eta Demokraten Aliantza Aurrerakoia eta Europa Berritu —lehen, ALDE— taldeetako parlamentari batzuen babesa jasotzeko. Haren jarrera europazale zorrotzak ez zituen guztiak konbentzitu, ordea. Von der Leyen Europako Batzordeko presidente izendatzearen aurka bozkatuko zutela aurreratu zuten Berdeek eta EFA Europako Aliantza Librea taldeko kideek, baita ID Identitatea eta Demokrazia talde ultraeskuindarrekoek ere. Jorg Meuthen IDren bozeramaileak zera erantzun zion Von der Leyenen hitzaldiari: «Hemen aurkeztu ditu itxura oneko promesak, baina ohiko politikari baten promesak dira, identitate bikoitzera jolasteko eta guztiak kontent uzteko».

Azkenean, lortu dute oreka: presidente sozialdemokrata izendatu dute parlamentuan, eta, oraingoan, kontserbadorea batzordean. Hala, datozen urteetan ere Europako Batzordeko presidentea ez da hauteskundeetarako aurkeztu den ordezkari bat, ezta parlamentuak bere kabuz adostutako kide bat ere. Estatu eta gobernuburuek aginte karguen banaketarako ezarri duten hautagaia izendatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.