Sudango oposizioak eta militarrek boterea partekatzeko ituna sinatu dute

Hurrengo hiru urteetan, bozak egin bitartean, bi aldeek eratutako Kontseilu Burujabeak izango du herrialdearen kontrola. Lehen 21 hilabeteetan militar bat izango du buru, eta hurrengo 18etan, zibil bat

Sudango oposizioak eta militarrek boterea partekatzeko ituna sinatu dute.
Igor Susaeta.
2019ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Egoera ekonomikoagatik herritarrek egindako protestek akuilatuta, Omar al-Baxir 1989az geroztik herrialdeko presidentea izan zena boteretik kendu zuen Sudango armadak joan den apirilaren 11n. Trantsiziorako Kontseilu Militarrak hartu zuen agintea, eta ekainean adierazi zuen bederatzi hilabete geroago hauteskundeetara deituko zuela. Baina oposizioa—alderdi politikoak eta gizarte zibileko elkarteak biltzen dituen plataforma bat da— ez zen fidatzen: protestan jarraitzen zuen, botere exekutiboa zibilen esku gera zedila eskatuz. Tentsioa handia zen kalean, baina bi aldeak negoziatzen ari ziren. Eta egin dute akordio bat, «adierazpen politiko bat». Atzo jakinarazi zutenez, Kontseilu Burujabe bat osatu dute, eta militarrez eta zibilez osatutako organo horrek izango du herrialdearen kontrola hurrengo hiru urte pasatxoetan, datozen 39 hilabeteetan, bozak egin arte. Lehen 21 hilabeteetan, militar bat izango da kontseiluaren burua, eta hurrengo 18etan, zibil bat.

Trantsiziorako Kontseilu Militarraren buruetako bat izan da Mohamed Hamdan Dagolo jenerala, eta nabarmendu zuen akordioa «historikoa» dela. Etiopiako Gobernuak eta AB Afrikako Batasunak bitartekari lanak egin dituzte, eta ABko Mohamed Hassan Labatek azpimarratu zuenez, «urrats erabakigarria» egin dute bi aldeek itunaren bidez, eta «garai berri bat» hasiko dute Sudanen.

Bi aldeek duela bi aste iragarri zuten akordioa egina zegoela, baina dozena bat egun igaro dira sinatu arte. Izan ere, baziren zenbait faktore desadostasun handiak eragiten zituztenak. Militarrek immunitatea eskatzen zuten ekainaren 3ko gertakariei zegokienez. Manifestariak kanpatuta zeuden Defentsa Ministerioaren egoitzaren aurrean, eta armadako kideek indarrez sakabanatu zuten elkarretaratzea. Oposizioaren arabera, 128 pertsona hil zituzten; armadak dio, aldiz, 61 bat izan zirela. Kontuak kontu, nazioarteak militarren jarrera errepresiboa salatu zuen. Adostutakoaren arabera, ikerketa independente bat hasiko dute gertatutakoa argitzeko.

Kontseilu Burujabea 11 pertsonak osatuko dute: bost zibilek, bost militarrek, eta bi aldeek aukeratutako beste zibil batek. Zenbait hedabidek kaleratu dutenez, Ministroen Kontseiluak hogei bat kide edukiko ditu; horiek independenteak, teknokratak, izango dira, eta oposizioaren esku geratuko da behin-behineko lehen ministroa proposatzea. Kontseilu Burujabeari dagokio izendapenak berrestea.

Eta, azkenean, militarren esku geratuko da justizia ataleko goi kargudunen izendapena. Hori izan da, hain zuzen, ituna atzeratu duten beste aldagaietako bat. Oposizioak ez zuen nahi fiskalburua, adibidez, Kontseilu Burujabeak aukeratzea. Lehen ministroak izendatuko ditu Defentsa eta Justizia ministroak, bai, baina horiek kontseiluko militarrek proposatuko dituzte.

Ituneko beste puntu batek dioenez, bestalde, hurrengo hiru urteetako trantsizio epean kontseiluko kide, ministro edo, besteak beste, eskualdeetako buru izango direnak ezingo dira aurkeztu hauteskundeetara.

Kontseilu Burujabeak izango dituen egiteko eta betebeharrei buruzko adierazpen konstituzionala bihar dira egitekoak. Ondoren, Kontseilu Legegile bat eratu beharko dute, eta hori osatzerakoan ere ez dira ados jartzen militarrak eta oposiziokoak. Behin Kontseilu Burujabea osatuta, 90 egun edukiko dituzte Kontseilu Legegilea osatzeko.

Bi aldeak ados jarri dira trantsizio faseko helburuen inguruan: bakea bermatzea, krisi ekonomikoa konpontzeko neurriak hartzea, justizia sistema erreformatzea, eta, besteak beste, konstituzio berri bat idazteko bideak irekitzea.

Berri agentziek jasotakoaren arabera, Sudango herritarren artean badira akordioa pozarren hartu dutenak. Iruditzen zaie, ordea, muturreko aldaketa bat gertatzea ezinezkoa dela, herrialdea oso hauskorra baita. Beste batzuentzat, berriz, arazo bat dago: kontseilu berriko kide militarrak aurreko erregimenaren parte zirela.

Al-Baxirren egoera

Al-Baxir kartzelan dago joan den apirilaren 17tik. Fiskaltzak auzipetu egin zuen, eta iazko abendutik aurtengo apirilera arte gobernuaren aurka egindako manifestazioetan hildakoen erantzuletzat jo. Gainera, Darfur eskualdean (Sudan) gerra krimenak eta gizateriaren kontrako krimenak egitea egotzita, Nazioarteko Justizia Auzitegiak Al-Baxir atxilotzeko agindua emana dauka 2009tik. Militarrek apirilean adierazi zutenez, halere, ez dute asmorik presidente ohia Hagara estraditatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.