Hipoteka daniar bat

Danimarkan interes negatiboko lehen hipotekak agertu dira. Banku zentralen politikekin, ugaltzen ari dira interes negatiboko zor publiko eta pribatuak. AEBetako zorraren etekin kurba irauli egin da

Nordea bankua interes gabeko hogei urterako hipotekak saltzen hasi da Danimarkan. SARAH CHRISTINE NOERGAARD / EFE.
Irune Lasa.
2019ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Hipoteka daniar bat nahi luke batek baino gehiagok. Danimarkan ari da-eta gertatzen: joan den astetik posible da mailegu hartzaileak dirua irabaztea hipoteka izatearen truke. Jyske bankua hamar urterako hipoteka mailegua eskaintzen hasi da, -%0,5eko interesarekin. Horrek esan nahi du etxea erosteko mailegua hartu duenak hileroko kuota ordaindu beharko duela, bai, baina hamar urteren buruan itzuliko duen kopurua hasieran jaso zuena baino txikiagoa izango dela.

Dagoeneko 30 urterako hipotekak modu onean zituzten daniar bankuek, %0,5eko interesekin, baina finlandiar jatorriko Nordea finantza entitatea ere interes negatiboko 30 urterako mailegu hipotekarioak eskaintzekotan da, joan den astean bertan batere interes gabeko hogei urterako hipotekak saltzen hasi ostean.

Ez dute inor kezkatzeko motiborik emango Danimarkako bankuek, oraindik dirua irabazten jarraituko dutelako mailegu hipotekarioekin. Batetik, mailegu hartzaileek komisio eta tasak ordaintzen jarraituko dute —interes negatiboak baino handiagoak izango direnak, jakina—. Eta bankuei beste aldetik ere dirua etorriko zaie bitartekaritza lanarengatik. Izan ere, Danimarkan mailegu hipotekarioetarako dirua ez da bankuena izaten; funts horiek inbertsiogile pribatuetatik datoz, zeintzuek enkante bidez maileguekin bermatutako bonuak erosten dizkieten bankuei.

Inbertsiogile horiek dira azken buruan dirua uzteagatik dirua galtzeko prest daudenak; edo 30 urteren buruan euren inbertsioaren truke soilik %0,5eko etekina espero dutenak. Argi dago, hori bai, ez dutela baikortasunik ekonomiak izan dezakeen bilakaeran. Pentsatuko dute, beharbada, ekonomiak deflaziorantz joko duela, eta negatiboagoa izango den inflazio tasaren ondorioz, mailegu hartzaileetatik hilero jasotakoaren erosketa balio handiagoak gaindituko duela etekin txikia edo galera.

Edo besterik gabe, ziurgabetasunez betetako garaiotan, eta gaur egun eskura dituzten beste alternatibak ikusita, pentsatuko dute danimarkarren hipotekak dirua edukitzeko toki seguru, erabilgarri edota merke samarrak direla.

Balio seguruen bila

Oraintsu arte, Danimarkako zor publikoa—edo Suitzako edo Alemaniakoak— ez zatekeen alternatiba txarra izango arriskua maite ez duten inbertsiogile horientzat euren dirua inbertitzeko-aurrezteko. Baina, eskari handiaren ondorioz, hamar urterako danimarkar bonuen errendimendua ere negatiboa da, -%0,55ean dabil. Suitzako zorraren etekina are negatiboagoa da, -%1etik hurbil. Eta merkatuko ikurra den Alemaniako bund-aren etekina ere zeroz azpikoa da, -%0,6 ingurukoa da.

Horrek esan nahi du oso garesti dauden —eta hain zuzen horregatik etekin negatiboa eskaintzen duten— zor horiek orain erosi eta hemendik hamar urtera kobratzen dituenak dirua galduko duela. Hori bai, trukean, nolabaiteko tasa baten truke —etekin negatiboa—, aurrezle horrek dirua herrialde seguruetan du gordeta, hots, arrisku oso txikiarekin. Eta, bestalde, ez du baztertu behar hamar urteak bete aurretik zor horiek bigarren mailako merkatuetan saldu eta dirua irabazteko aukera.

Izan daiteke beste arrazoi bat ere interes negatiboko gobernu obligazioak eta edo enpresen zorrak —Nestlek merkaturatu du horietako bat— erosteko: etorkizunean, errendimendu negatiboak ugaldu egingo direla eta horiek are negatiboagoak izan daitezkeela pentsatzea. Hori aurreikusteko motiboak eman dituzte hainbat banku zentralek—batez ere Europan—, bankuen gordailuei interes tasak negatiboak ezarrita. Eta horien guztien buru ari da Europako Banku Zentrala.

Interes negatiboko agertokia ez delako kasualitatea. Munduan arrisku eta gatazka fokuak ugalduz doazela, ekonomiaren bilakaerari buruzko ziurgabetasunak gero eta handiagoak direnean, eurogunean hazkundea eta inflazioa bultzatzeko xedez, EBZk dirua merkatuetan nahi du, bankuek kreditu gehiago ematea. Horregatik gaur egun bankuei ordainarazi egiten die EBZn dituzten gordailuengatik, -%0,4ko interes tasa negatiboarekin. Eta iraileko bilkuran, banku zentralak tasak beste hamar puntu jaitsiko dituela inork gutxik jartzen du zalantzan, hots, -%0,5era apalduko dituela.

Finean, azken krisi ekonomiko globaletik burua altxatzeko interes tasak nabarmen jaitsi ostean, maniobra ahalmena kamustua dauka EBZk, eta bankuentzako tasa negatiboak ditu euroguneko merkatuetara likidezia eramateko gelditzen zaion tresnetako bat.

Hodei beltzak

Etxe erosleen mesederako interes negatiboko hipotekak, beraz, ezer baino gehiago munduko ekonomiaren zeruan ugaltzen doazen hodei beltzen ondorio bitxia dira —higiezinen burbuilak sortzeko arriskua ahaztu gabe—.

Dirua inbertitu/aurreztu nahi duten herritar xumeen kolkoan jarrita, berriz, hodei beltzen mehatxupean gero eta zailagoa da epe luzean inflazioa gaindituko duten arrisku gabeko errendimenduak topatzea. Dirua bankuan gordeta edukitzeagatik ordaindu behar izatea ere pentsaezina zen orain arte, baina Suitzako UBS bankua %0,6ko tasa ezartzen hasi zaie euren bezero aberatsenen —milioi erdi eurotik gorako— gordailuei.

Non jarri dirua orduan? AEBetako Altxorra eta urrea izan ohi dira baliorik seguruenak, baina segurtasunak urrituz doaz mundu honetan. Herenegun bertan AEBetako zorraren errendimendu kurba irauli egin zen: normalean epe luzerako zorren etekinak handiagoak izaten dira epe motzekoak baino, inbertsiogileei zorra denbora luzeagoan hartzearen arriskua konpentsatzeko. Bada, AEBetako Altxorraren hamar urteetarako bonuek orain etekin gutxiago eskaintzen dute bi urterako obligazioek baino.

Alderantzikatutako errendimendu kurbak atzeraldi ekonomikoen iragarle izan daitezkeela dio historiak, inbertsiogileek eta merkatuek etorkizunari beldurrez begiratzen diotenaren adierazle. Bitxiak izan edo ez, interes negatiboko errendimenduak ez dira seinale ona. Ezta interes negatiboko hipoteka daniarrak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.